Etxeko altxorra eskolan galduko ote dute?

  • Gasteizko Udalaren eskariari erantzunez, Kultur Kabia enpresak Vitoria-Gasteizko gurasoekin euskararen transmisioaz eginiko ikerketa kualitatiboaren ondorio txostena ondu zuen. Bikote euskaldunak, erdaldunak, mistoak eta etorkinak elkarrizketatuta, lehen eskuko informazioa biltzea eta haiek transmisioaren garrantziaz jabetzea zen helburua.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.

Hiru eztabaida talde eratu zituzten, bost-zazpi kidez osatuak. Taldeetako batean, euskaldunak ziren guraso biak; bigarrenean, gurasoetarik bat zen euskaraduna; hirugarrenean, euskararik ez zekien gurasoetako batek ere. Sakoneko elkarrizketetan, bi guraso etorkinekin mintzatu ziren ikerlariak, gaztelaniaz bi kasuetan ere, magrebtarra zen bata, latinoamerikarra bestea.

Gurasoen hautuak

Guraso euskaldunei dagokienez, ikerketak zalantzarik gabe erakusten du talde honetakoek garrantzia ematen diotela transmisioari, kontziente dira gaiaren muntaz. Esaterako, inportantea iruditzen zaie euskara beren seme-alaben ama hizkuntza izatea eta, orobat, haiek D ereduan eskolatzea. Gurasoon iritziko, “Gasteizko egoera soziolinguistikoak txarrera baldintzatzen du euren seme-alaben euskara gaitasuna, eta erabiltzeko ohitura”. Are gehiago dio txostenak: “Modu negatiboan bizi dute haurren eskolaldia: ama hizkuntza euskara ez duten haurrekin elkartzeak gaztelaniarekiko joera handiagoa ekarri die, eta ondorioz, euskararekikoa apaltzea”. Gurasook, bistan da, erabat konbentzituta daude gaztelania batere zailtasunik gabe ikasiko dutela, inguru erdaldunaren indarraren eraginez, eta ez dutela eragozpenik izango, inoiz, kanpoko unibertsitate batera ikasten joaten badira ere, ordu arteko bizialdian euskara hutsean ikasita ere.

Guraso erdaldunez osatutako taldeetan, euskararekiko jarrera positiboa dute denek. Are gehiago, denek egin dute, inoiz, euskaraz ikasteko saioren bat edo beste, eta ahal duten neurrian dakiten apurra erabiltzeko ahalegina egin behar dutelakoan dira. Euskaraz hitz egiteko gai ez diren guraso erdaldun hauek motibazio afektiboa dute nagusi, txostenean esaten denez, “identitateari lotutako arrazoiak aipatu dituzte eta, afektibitatearen bigarren zentzu batean bada ere, eurek ez dutena seme-alabei emateko nahia ere agertu dute. Kulturaren ezinbesteko osagai modura ikusten dute”.

Eskolatzeari dagokionez, eredu euskaldunari garrantzia emanda ere, etxetik ikastetxera duten distantzia ere eskola aukeratzeko faktore dute. Seme-alabek euskaraz ondo ikasiko dute, ez gaztelaniaren maila berean, beharbada, baina bai “euskara erabiltzea borondatearen baitako faktoretzat hartzeko modukoa izateraino”.

Bikote mistoetan, euskaldunek euskaraz egiten diete seme-alabei. Alabaina, gaztelania da etxeko hizkuntza nagusia: bikotekideen artean ez ezik, baita familiako gainerako senideak tartean direnean ere, nahiz eta bi joera ageri diren: “Alde batetik, modu kontziente eta koherentean jokatzen dutenek euskarari eusten diote, nahiz eta aurrean kide erdaldunak izan; bestetik, gainerako kideak berbaldiaz jabetzea lehenesten dutenak ditugu”. Kide euskaldunek seme-alabei euskaraz egiteak, euskara zeharo arrotz duten senide erdaldunen errealitatean, euskarak sarrera izatea dakar.

Talde honetako gurasoek garrantzi handia ematen diote ama hizkuntzari, hizkuntzen arteko gaitasuna berdintze aldera, hain zuzen, euskara ama hizkuntzatzat daukatenek errazago eutsiko baitiote bi hizkuntzen arteko orekari. Bikote mistootako kide gehienek gaztelania dute ama hizkuntza, eta “ilusioa”, “poza”, “harrotasuna” eta gisako sentimenduak bizi dituztela diote seme-alabak euskaraz aditzen dituztenean.

Azkenik, guraso etorkinekin izandako elkarrizketa bietan ageri da euskararekin ez dutela denbora luzez harremana izan. Batak beharrezkotzat jotzen du euskara; motibazio instrumentala gabe, kulturala lehenesten du. Diskriminazioa ere bizi izan du, eta alde horretatik, euskaraz jakitea ezinbestekoa iruditzen zaio komunitatean integratzeko. Honek ere harrotasuna sentitzen du seme-alabak euskaraz entzuten dituenean. “Bigarren etorkinak eskolako andereñoaren bitartez izan zuen euskararekiko lehen harremana. Emaitza akademikoak ditu lehen kezka, eta garrantzi handia ematen dio euskarari”. Motibazio instrumentala da bigarren etorkinarena. Era berean, garrantzizkotzat du eskola-orduz kanpoko ekintzak euskaraz izatea.

Ondorio nagusi zenbait

Guraso euskaldunei dagokienez, “berebiziko garrantzia hartzen du gurasoak eredu linguistiko aktibo izateak, euskarazko aisialdia ahalbidetzeak edota etxean haurrak adinean gora egin ahala, euskara erabiltzen jarraitzeak”. Txostengileek guraso hauek Gasteizko egoera erdaldunaren nagusitasunaren aurrean bizi duten etsipenari aurre egiteko, honako mezua zuzentzen diete: “Egoera txikiak aldatuta egoera handia aldatuko da”. Gurasoek haurren lehenengo urteetan hasitako bideari jarraipena emateko ardura dutenez, “haiei ahalik eta ingurunerik euskaldunena –denboraz eta espazioz–, ahalbidetzen saiatu beharko lukete. Etxetik jasotako euskarari dagokionez, eskolaldia atzerapentzat bizi dute gurasook, eta txostenaren egileek, berriz, interpretazio horrek aktibatzen dituen, edo etsipenera eramaten, galdetzen dute, eta horretaz gogoeta egin beharra azpimarratzen dute.

Guraso erdaldunei dagokienez, “aitortu, errekonozitu eta eskertu” egin beharko litzaieke euskararekiko erakusten duten desiragatik, euskaraz jakin nahiko luketelako, eta zuzen edo zeharka ahalegina egin dutelako. Horrek, hala ere, ez du konformatzea esan nahi: “Guraso erdaldunek asko egin dute, baina asko egin dezakete oraindik ere”. Halaber, eskolak berak bakarrik haurra euskaldunduko duen ustea kendu beharko lukete gurasook burutik, eta haurra txikia denean gurasoek bizi duten euskararekiko motibazioa –“lilura”–, denboran iraunarazi. “Guraso izan aurretik motibazio eta sentsibilizazio lana areagotu beharko litzateke, eta gurasoen euskara-gaitasuna heltzen ez den eremuetara heldu, familiatik kanpoko eremuen bitartez”, guraso hauek euskararekiko duten jarrera positiboan eta motibazio kulturalean oinarrituz, alegia.

Bikote mistoen kasuan, kide erdaldunaren errealitatea nolabait euskalduntzen da. Helduleku bat izan liteke, transmisioan aurrerapauso praktikoak egiteko. Senide erdaldunak tartean direnean ere, euskara erabiltzea komeni da, horrek kide erdaldunarengan sentimendu positiboak sortzen dituelako: “Horrela jokatzeak, guraso euskalduna seme-alabentzako erreferente linguistiko egokia izatea ekar lezake”. Bide horretan, “ahal dudanarekin euskaraz egiten dut, ahal den guztietan” eskema birsortuko genuke.

Guraso etorkinei dagokienez, komunitatean integratzea dutenez kezkarik handienetakoa, integrazioa osorik lortzekotan, euskaraz jakitea lagungarri ez ezik beharrezkoa ere badela azpimarratzea komeniko litzateke. Sorterritik irten eta beste herrialde batera joanda, gehienek beste hizkuntza bat ikasi beharra izan dute, eta, ikasi eta gero, modu positiboan bizi ohi dute egoera, hizkuntz aniztasuna aberasgarri baitzaie. “Eurek beharrak eraginda egin zuten, baina seme-alabentzat askoz naturalagoa izan liteke prozesu hori”.

Guraso etorkinetako batek esandakoa dugu egiarik biribilena: “Aukera baneuka, hogei hizkuntza ere jakitea gustatuko litzaidake: euskara, arabiera, frantsesa, gaztelania… diren eta ez diren hizkuntza guztiak. Oso ona da mundu guztiarentzat”.

Gurasoen bizipenak

Guraso euskaldunak dio: “Ikastolan ikasi nuen euskaraz, gurasoak erdaldunak baititut. Bitxia da, ikastolan euskaraz ikasten nuen, baina gaztelaniaz hitz egiten nuen, natural-natural. Institutu garaia eta gero, ikasketak gaztelaniaz egiten hasi nintzenean, egoera irauli eta lagunartean euskaraz hitz egiten hasi ginen. Horrelako asko ikusi dut Gasteizen. Ikastolan euskaraz ikasiak, baina gero euskaldundutako jendea”.

Erdalduna: “Ni Madrilgoa naiz, 26 urte nituela etorri nintzen Gasteiza lanera, baina 33 urterekin hasi zen nire euskararen mundua, lehenengo umea izan genuenean. Ordu arte ez nuen euskaraz inoiz aditu, umea izan genuenean konturatu nintzen euskara ere hor zegoela, hizkuntza bat, bizirik. Alabak euskarazko haurtzaindegira eraman genituen eta, harrezkero, ikastola da nire euskarazko munduaren ardatza”.

Bikote misto bateko gurasoa: “Herri euskaldunetik nator, eta Gasteiza etorri nintzenean, banuen kezka, umeek gaztelaniaz hitz egingo ote zidaten. Neure burua akabatzea izango zatekeen. Horixe izan zen Gasteiza etorri eta ibili nuen kezkarik handiena”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Araban
2024-06-07 | Aiaraldea
Analisia
Euskarak geroz eta pisu txikiagoa du Amurrioko Udalaren aurrekontuetan

Amurrioko Udalaren aurrekontuak 5 milioi euro gehiago dituen arren, %8ko jaitsiera egon da euskara arlora bideratutako den diru kopuruan, iaz baino 33.945,52 euro gutxiago.


Eskolaz kanpoko aisialdi euskalduna bermatzeko eskatu diote gurasoek Gasteizko Udalari

Euskaraz izango direla iragarri baina gaztelaniaz izaten amaitzen duten ekintzak, teorian elebidunak diren eta praktikan gaztelania hutsean egiten diren saioak edota zuzenean euskaraz eskaintzen ez den aisialdia. Gasteizko gurasoen kexak ugariak dira eta mezu garbia dute:... [+]


Oihane Perea. Bertsolaria, irakaslea eta kultur eragilea
“Leku batzuetan euskara atzeraka ari den aldi berean, Araban izugarria izan da berreskurapen prozesua”

Euskararen erabilera galtzen ala berreskuratzen ari da? Non begia, han ahoa. Ahobizarrik gabe mintzo da Oihane Perea Perez de Mendiola (1977, Gasteiz) euskalgintzak zein bertsogintzak Arabari emandako bueltaz. 30 urteren ostean bertso txapelketen fokupetik atera berritan, plazen... [+]


2022-06-16 | ARGIA
Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeari bukaera emanen diote ekainaren 30ean

Lazarraga Kultur Elkarteak 2014an sustatutako proiektuari bukaera eman, eta Gasteiz Antzokiaren proiektuan zentratuko da elkartea.


Alex Vadillo
“Gasteiz Belarriprest hiria bihurtu behar genuke”

Ikasle garaian bere ibilbide profesionala ingeniaritzara bideratzeko asmoa zuen arren, beste aukera batzuk bidean agertu, eta euskarari lotutako ibilbide esanguratsua egin du ordutik Alex Vadillok. AEKn 15 bat urtez, lehenik, eta Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuan beste 18... [+]


Manuel María Ruiz. Mendi ingeniari euskaltzaina
“Gure udaletan obra goseak ez du azkenik”

Neurrizko, zentzuzko, zuhur ageri da zaratotsa nagusi den mundu zementuz josian. Mendi eta basoak izan ditu lantegi, eta sen on handiz mintzo da hala naturaz, nola haren girbin hiriaz. Apal eta sotil ari da Arabaz, toponimiaz, euskaraz... Indarraren arrazoirik gabe, arrazoiaren... [+]


“Araban jende asko dago euskara maite eta sustatu nahi duena”

GEU Elkarteak Aihotz plazako txosna kudeatu izan du azken urteotan. Euskarari jai-eremu propio bat eskaintzeaz gain, elkarteak urtean zehar antolatzen dituen beste zenbait egitasmo egiteko beharrezkoa den diru-iturria ere eskaintzen du. Jairik ez ospatzeak kalte ekonomikoa... [+]


2020-02-21 | Arabako Alea
Gazteen proiektu kulturalak euskaraz garatzeko crowdfunding kanpainak martxan

Batera: kultur proiektuak elkarrekin diru-laguntza deialdiak hiru proiektu saritu ditu: Bizimundua, Tinta eta grafito artean: musak eta Erroak. Crowdfunding kanpainak martxan egongo dira martxoaren 30era arte.


2019-02-12 | Hala Bedi | Hizpidea
Miel A. Elustondo
“Arabako Ikastoletan lehen eragileak bertakoak izan ziren, Araba ez da zazpigarren alaba”

Izaskun Arrueren urratsen atzetik” liburua idatzi du Miel Anjel Elustondok. Azken hamarkadetan Gasteizen eta Araban euskararen bilakaera eta Ikastolen sorrera nolakoa izan zen aztertu du. Izaskun Arrue Arabako Ikastoletako “lehen andereñoa” izan... [+]


“Mendebaldeko euskararen berrikuntza gunea izan da Arraia”

Mendialdean euskarararen zabalpena aztertu du Joseba Abaitua linguistikako doktoreak; muga  oso garbia aurkitu du, euskararen eta erromantzearen artean.


Aiaraldea Ekintzen Faktoria bizitza egitera doa

Bizitzeko proiektu baten aterpea izan asmo du. Aiaraldea Komunikazio Leihoak hauspotu du ekimena, eta komunikabide izatetik komunitate izateko jauzia ematen ari dira. Hezkuntza, feminismoa, kultura, ekonomia sozial eraldatzailea eta elikadura burujabetza ardatz, eta euskara... [+]


Eguneraketa berriak daude