argia.eus
INPRIMATU
Bixente Ameztoi
Xabier Gantzarain @gantzarain 2016ko azaroaren 23a
Izenbururik gabe. 1984. Olioa. 81 x 151 cm

Azaroan bete dira 15 urte hil zenetik, 70 beteko zituzkeen aurten Bixente Ameztoi Olasagastik (Donostia, 1946ko urtarrilaren 30a–Villabona, 2001eko azaroaren 6a). Margolaria zuen osaba ere, Jesus Olasagasti. Umea zela hasi zen margotzen, besterik egiterik ez zitzaiola sekula burutik pasa esan izan zuen, eta 14 urterekin parte hartu zuen erakusketa batean lehen aldiz. Sariak azkar iritsi zitzaizkion, bai eta merkatuaren presioa ere, antza: konturatzerako atzetik zeukan jendea lan eske, berak aitortu zuenez, eta horrek gaixotu egiten zuen. Epe, presa, kate guztiak hautsi eta bere barne erritmoari jarraituz ondu zituen harrezkero bere lanak.

Elixabete Garmendia Lasak aipatu du berrikitan, Berrian argitaratutako Arteta ahazteko bidean? artikuluan. Eta berak ongi asko azaltzen duen bezala, Euskal Herriari zahar usaina kendu nahi zion artista izan zen Bixente Ameztoi, ikonografia moderno bat eman ziona: porruak, kaputxak, eguzkitako betaurrekoak… Ez dira akaso gauza handia gaur, baina orduan berritasuna ziren, ezustea, talka, mundu berri bat.

Zeruko Argiarentzat azalak egin zituen 70eko hamarkadaren bukaera aldera, batzuk polemika sortu zutenak gainera; trantsizio garai hartan oso aktiboa izan zen, Euskadi Sioux aldizkarian ere ibili zen, esate baterako. Lan hauetan guztietan garbi ikusten da ez ziola ihes egin bere garaiko giroari. Juan Kruz Unzurrunzagak ere aipatu zuen, hil hurren zela Berriari emandako elkarrizketan. Hala ere, bere margogintza da Bixente Ameztoiren izena, urteak joanda ere, behin eta berriro agertzea ekarriko duena. Berezia da zeharo. Bere lan guztietan gaia bera da: gizakiaren eta naturaren arteko harremana, bere bariante guztietan, beti ere surrealismo ukitu batekin. Erretratuak dira seguru asko bere lanik ezagunenak, baina beti ari da paisaia pintatzen, inguratzen duen mundua, barruan duen mundua.

1984ko paisaia hau berezia da oso, ez baitago, bere lanik gehienetan ez bezala, giza arrastorik batere. Igeldo aldetik jarri da artista Donostiara begira, postaletan-eta erabat erabili den begiradaren aldaera bat hartuta, baina ikuslearen begiak mendian behera itsasora, hondartzara, lurrera egin orduko hautemango duenez, hiria falta da koadroan; ez bide, ez etxe, ez jende, ez dakigu gizakiak paraje hauek zapaldu aurretikoa den irudia, edo naturak beretzat hartu duen, basoak jan duen inoiz Donostia izan zena.