argia.eus
INPRIMATU
Ausiki
Estitxu Garai Artetxe @egarai 2016ko azaroaren 23a

Inoiz ez nuen pentsatuko Guardia Zibilak euskarazko hitz berri bat erakutsiko zidanik, ez behintzat amesgaizto krudelenetik kanpo. Bada, iritsi da eguna. Zortzi lagun atxilotu dituzte Altsasuko liskarraren harira, eta operazioari Ausiki izena jarri diote.

Ausiki, fonetika ezaguna duen hitza, euskarazkoa zalantzarik gabe, baina egunerokoan ez darabildana. Hiztegira jo dut. Ausikia eta haginkada sinonimoak dira, baita ausiki egitea eta kosk egitea ere. Iparraldean eta Nafarroako zenbait ingurutan erabiltzen da batik bat.

Ausiki. Guardia Zibilak zeri ausiki egin nahi dion imajinatzea ez da zaila. Usain txarra zerien hasieratik Altsasuko gertakariaren gain-dimentsionatzeari eta proiekzio mediatikoari. Kiratsa areagotuz joan zen bi aldeen bertsioa entzun ostean eta, batez ere, Altsasuko herritarren erantzuna ikusita, manifestazio jendetsu baten bidez salatu baitzituzten muntaia poliziala eta Guardia Zibilaren gehiegizko presentzia

Operazioak bataiatzeko prozedura ez dut ezagutzen, eta ez dut asko ikertzeko asmorik ere. Hala ere, azken urteetan jarritako polizia-operazioen izenek ematen digute atzean egon daitekeen psikologiaren arrastoa. 2014an Xake operazioaren pean atxilotu zituzten EPPK-ko Bitartekaritzako kideak. Gero etorri zen Mate, gehienbat euskal presoen defentsan aritzen ziren abokatuak atxilotuta. 2015ean Pardines deitu zioten ETAko ustezko buruzagitzaren aurkako operazioari. ETAk hildako lehenbiziko Guardia Zibila izan zen Jose Pardines. Izen sinbolikoen goia, nire ustez, aurten jo dute, 2016an, Aurkikuntza operazioarekin. Espainiako Aberriaren egunean (genozidio basatia ospatzen duen eta lehenago arrazaren eguna izan zen horretan), Kolonen Aurkikuntzaren eta ETAren armategiaren aurkikuntzaren arteko lotura bilatzen du zorioneko izenak.

Azkena, berriz, Ausiki. Guardia Zibilak zeri ausiki egin nahi dion imajinatzea ez da zaila. Usain txarra zerien hasieratik Altsasuko gertakariaren gain-dimentsionatzeari eta proiekzio mediatikoari. Kiratsa areagotuz joan zen bi aldeen bertsioa entzun ostean eta, batez ere, Altsasuko herritarren erantzuna ikusita, manifestazio jendetsu baten bidez salatu baitzituzten muntaia poliziala eta Guardia Zibilaren gehiegizko presentzia. Eskumak, ordea, gaiari probetxua ateratzeko beta ikusi eta bazterrak aztoratzeko erabili zuen. Gero ezagutu genuen polizia txostenek eurek ere lintxamendua ukatu eta terrorismo delitua baztertzen zutela. Entzutegi Nazionalak entzungor egin eta ikerketa abiatu zuen terrorismotzat jota. Aski ezagunak dira salbuespeneko tribunal horren errepresio politikoko moldeak, ondo baino hobeto eusten dio Ordena Publikoko Auzitegi frankistak emandako lekukoari. Zenbait gaztek epailearen aurrean agertzeko borondatea agertu arren, berriro entzungor egin eta zortzi gazte atxilotu eta horietatik sei kartzelara bidali dituzte. Hori guztiori Ospa mugimendua kriminalizatzeko soinekoz jantzia.

Ausiki, Uxue Barkosen exekutiboak egin zion ausiki erregimenak jarritako amuari. Gertatutakoa argitu aurretik ñabardurarik gabeko gaitzespena egin zuen. UPNk kaosa eta bizikidetza arazoak irudikatu nahi ditu, gorrotoak gidatutako norabiderik gabeko jendartea. Txin pon txi, txin pon txi, erregimenak ofentsiba gogorrari ekin dio. Altsasuko liskarra, Mola eta Sanjurjoren hilobiak, Lan Eskaintza Publikoan euskarazko postuak bertan behera uztea… Aurreikustekoa da hurrengo hiru urteetan ere etenik gabeko oldarraldia egongo dela epaitegien eta poliziaren laguntzarekin.

Erregimenak markatutako erritmoari iskin egin eta musika propioa sortzeko bidea topatu beharko du Nafarroako Aldaketaren Gobernuak. Ausikik badu beste adiera bat, ausikitzea “kezkatzea” edo “larritzea” ere bada. Eta zinez ausikiko lizkidake barrenak erregimenak inposatutako narratibari aurre egiteko gaitasun ezak.