argia.eus
INPRIMATU
Astekaria zabaltzen duen argazki handia
Agentzia multinazionalen beharrik gabe
Itsaso Zubiria Etxeberria 2016ko azaroaren 24a
Olmo Calvo

Ez al zaitu sekula inpresionatu astekariko lehen orrietan agertzen den orri-biko argazkiren batek, irakurle? Ziur naiz baietz. (Hemen dituzu Asteko argazki guztiak). Bada, gehiago inpresionatuko zaitu –agian jakingo duzu eta pentsatzen ariko zara ez dizudala ezer berririk kontatzen, baina seguruenik uste baino jende gutxiagok ezagutuko du datua– jakiteak argazkilari independenteek harrapatutako irudiak direla guztiak; hau da, iturria ez dela betiko EFE edo Reuters bezalako agentzia multinazionala, irudi eta informazio salerosketarekin aberasten ari dena.

Aldizkaria berritu zenetik 48. alea izango da, eta berrogeita zortzi argazkiak independenteak izatea lortu da. Apustu sendoa egin da, noski. Kasu askotan ez da erraza izaten pil-pilean dagoen gaiaren argazki egokia bilatzea. Gainera, ARGIAn eman zaion formatuan bi orriko irudiak berak du hartzen protagonismo guztia, eta ia testurik gabe argazkiak berak hitz egin behar du gaiaz; hori da helburua.

Euskal Herriko kontuez ari garenean errazagoa izaten da normalean argazki polit bat topatzea, grafikoki adierazgarria dena eta gaian sartzen lagunduko diguna. Gaia bera ondo kontrolatzeaz gain, gertuko argazkilari gehiago ere identifikatuta izan ohi ditugu eta materiala eskuragarriago egoten da. Konplikazioak nazioarteko kontuez hasten garenean suertatzen dira sarriago. Zaila izaten da askotan agentzien filtrotik pasa gabeko irudiak eskuratzea. Baina ez da ezinezkoa, eta ARGIA argazki hauekin egindako apustuarekin demostratzen ari zaigu posible dela beste bide batzuetatik grafikoki indartsuak diren euskarriak lortzea. Zenbait kasutan izerdi asko botata eskuratutako irudiak direla? Bai, noski. Errazagoa litzatekeela irudia agentzietatik jasotzea? Ziurrenik.

Baina bide berriak irekitzen ahalegindu eta bere fruituak ematen ikustea ederra da, ederra den bezala egiten ari garena kontatu eta plazaratzeko aukera izatea.