argia.eus
INPRIMATU
Udalerri euskaldunak
Medikuen eta pediatren lautik bat ez da gai euskaraz egiteko
  • UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak), erakundeak berak biltzen dituen 76 udalerrietan familia eta larrialdi medikuen eta pediatren euskara gaitasuna neurtu du. 76 udalerriak Hego Euskal Herrian daudenez, Osakidetzako eta Osasunbideako profesionalak dira denak. 289 profesional zenbatu dituzte UEMAko udalerrietan. 73 ez dira gai euskaraz aritzeko. Familia eta larrialdi medikuen %22 da gai ez dena eta pediatren %35.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2016ko azaroaren 16a
Argazkia 2014koa da. Orduan mediku eta pediatra ez euskaldunak zituzten Zumaian. Argazkia: baleike.eus.
Argazkia 2014koa da. Orduan mediku eta pediatra ez euskaldunak zituzten Zumaian. Argazkia: baleike.eus.

Profesionalen euskara gaitasuna jakiteko UEMAk Osakidetzako eta Osasunbideako plantillak begiratu ditu eta langileok haien lanpostuetan zein hizkuntza eskakizun dituzten eta hori egiaztatuta duten ala ez aztertu du. Gerta daiteke ordea (eta alboko taulan gertatzen dela ikusiko duzue), hizkuntza eskakizuna izan eta euskaraz aritzeko gaitasunik ez izatea, eta alderantzizko adibideak ere badira, badira hizkuntza eskakizuna eduki ez arren euskaraz egiteko gai diren medikuak. Egoera horiek xehetasun gehiagoz jakiteko asmoz, udalerrietako euskara teknikariekin, politikariekin, osasun etxeetako langileekin eta herritarrekin hitz egin dute.

2013an ere egin zuen ikerketa UEMAk eta emaitzak alderatzeko aukera izan du. Eneka Maiz Etxarri-Aranazko alkate eta UEMAko zuzendaritzako batzordekideak honela baloratu du bilakaera: “Ordudanik osasun etxe batzuetan egoerak hobera egin badu ere, beste batzuetan okerrera egin du edo bere horretan irauten du”. Bereziki larritzat ditu udalerrian profesional guztiak (gehienetan profesional bakarra dute, edo medikua edo pediatra) euskaraz egiteko gai ez diren adibideak.

Oporretan zer?

Eskuineko orrialdeko taulan agertzen diren kolore berde-gorriek profesionalek hizkuntza gaitasuna duten ala ez adierazten dute, eta alboko oharrak irakurrita jakin daiteke, eskakizuna albo batera utzita, medikua edo pediatra euskaraz egiteko gai den ala ez. Hala ere, horrek ez du esan nahi, demagun Etxalarren, urte osoan pediatra euskalduna dutenik. Zer gertatzen da ordezkapena egin behar denean, esate baterako medikua oporretara doanean? Bada behin baino gehiagotan ordezkoak  euskara ez dakitenak izan dira. Joan den udan Azpeitiak, Segurak eta Aulestik horrelako egoera salatu zuten eta tankera berean ziren udalerriak dozenaka ziren.

Jubilazioa da beste kezka iturri bat. Batetik, hurrengo medikua euskalduna izateko aukera da, eta bestetik, okerrera egiteko arriskua dago; badoana euskalduna da eta etorriko dena ez jakin. Horregatik, UEMAk eskaera zehatza egiten die Osakidetzari eta Osasunbideari, “udalerri euskaldunetan egingo diren kontratazio berri guztietan, behintzat, profesional euskaldunak kontratatu daitezela”.

Nafarroan hizkuntza eskakizunak urri

Mediku euskaldunak eskualdeka kokatzen ditu Nafarroako Gobernuak. Alabaina, herritarrak ez dira pozik, horrek ez duelako bermatzen arreta euskaraz jasoko dutenik. Gobernuak 100 lanpostu atera ditu lehiaketa publikora eta horietatik hamabik dute hizkuntza eskakizuna.

Taulan duzue UEMAren ikerketaren emaitza. Ez dituzue mankomunitateko udalerri guztietako datuak aurkituko, baizik eta zerbitzua euskaraz emateko arazoak dituzten osasun etxeak.