argia.eus
INPRIMATU
Sendo
Xan Alkhat 2016ko azaroaren 16a
Argazkia: Bertsularien Lagunak Elkartea

Sustrai Colina da aurtengo Xilaba bertsulari xapelketako txapeldun eta sendo aritu da urruñarra. Finala burutik buru bere alde jarri zuen: hasieran zortziko handian Amets Arzallusekin aritu ondotik, eta buruz burukoan ere, bere betiko bertso lagunarekin lehiatu arte. Ideietan azkar, errimetan on, bertsokeran sendo.
    Amets Arzallus hendaiarra ez zen, beharbada, bere egun onenean baina berak ere hiru aldiz jantzitako txapela desio zukeen. Bosgarren Xilabako txapel hau aldiz, aitzinekoa bezala, Sustrairen kasko gainera joan da. Lehen agurra “Nere buruaz beste egitera / ta gure buruaz besta” puntuarekin bukatu zuen txapeldun izanen zenak eta preseski “amildegiaren aurrean eta jauzi egiteko erabakia hartuta” jarri zuen buruz buruko bakarkako azken lanak. Bere buruaz beste egiten jakin zuen Colinak gai guzietan, bakoitzean pertsonai desberdinen ahotik kantatuz.
    Ezin meriturik kendu beste bost bertsolariei ere. Finala hain gozoa, hain beroa izan bada, bertsolari guztiei esker izan da. Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Odei Barroso, Miren Artetxe eta Xumai Murua gelditu dira txapeldunaren atzetik, hurrenez hurren, baina denek poztekoa dute saio izugarri ona eskaini baitzuten Baionako Laugan bildu zen entzulegoari.
    Txapeldun sendoa, Xilaba sendoa, uste dut egindakoarekin, aurtengo txapelketak zerekin poztu baduela. Helburu garrantzitsuenak beteak dira: hamabortz bertsolari trebe agertu dira gure hiru lurraldeetako zazpi herrietan, ehunka bertsozale hurbildu dira saioetara eta euskaraz egin izan da hori.
    Ez dugu menturaz aski azpimarratzen baina txapelketa, berez, lehia gisa kritikatzen ahal bada ere, bederen, euskara hutsean egiten den ekitaldia da. Euskara hutsean eta burutik buru. Zazpi larunbatez, Iparraldeko zazpi herrietan bi edo hiru oreneko bertso saioak eskaini izan dira. Ez da beharbada anitz, baina deus baino hobeki da beti.
    Geroari begira ere poztekoa da. Bertsoaren geroaz ari naiz noski, gure heinean geldituz beti. Uste dut Xilaba sendotzen ari dela. Sendotzen ari da hainbat herritan eta sendotzen ari da bertsozalearen buruan. Bertso eskoletan ibiltzen diren haurrak ere ikusi izan ditugu kanporaketetan, finalaurrekoetan eta finalean ere franko. Horientzat eredu bilakatzen ari dira bertsolari guziak eta hobe. Iparraldeko bertsolari gazteagoak ere ikusi izan ditugu laguntzaile lanetan eta hobe. Denen beharra badu oraindik Xilabak eta, naski, luzerako.
    Ondokoak ederrak eta ederragoak izanen direla sinesten dut. Sinesten dut, sendo.