argia.eus
INPRIMATU
Artista jendearentzat berri onak ARGIAn
2016ko azaroaren 16a

Berriak ditugu ale honetan. Konturatu zara, irakurle? ARGIAn ez gaude deskantsurik hartzeko; sail berri bat estreinatuko dugu hurrengo asteko orrialdeetan. Xabier Gantzarain ezagun egiten zaizu? Bera da artikulu sortaren egilea, eta kulturako atalean ikusi ahal izango duzu hemendik aurrera bi astez behin. Oso azaletik kontatuta, bere artikulu bakoitza Euskal Herriko artista baten artelanean oinarrituko da. Hori da Gantzaraini berari deitu aurretik nekiena, eta bete-lan pixka batekin artikulu hau egiteko ziurrenik nahikoa izango nuen informazioa, baina nahiago izan dut berak azalpen txiki batzuk emanda nik zuei ere zerbait gehixeago kontatzea.
    Artelana izango da aktore nagusia, eta hori oinarri hartuta landuko ditu artista bera, lanak pizten dituen sentimenduak eta abar. Papereko bertsioan irudia izango da protagonista, erakutsi nahi baita artelanaren beraren edertasuna; eta sarean irakurri ahal izango dugu testu luzeagoa. Pintura eta eskultura izango dira Gantzarainen jo-puntu garrantzitsuenak, eta Euskal Herriko artisten lanak ARGIAn erakustea du helburu. Ez da, ordea, kronologia aldetik behintzat artearen historia klase bat izango: aurkituko ditugu XX. mende hasierako artistak bezala gaur egungoak, baina egilearen iritzira denboran aurrera eta atzera ibilita. Arteak “eskemak mugitzeko” balio duela esan digu Gantzarainek, eta berari interesgarri zaizkion obrak aztertuko dituela, edo ezezagun samarra den artista baten lana, edo oso ezaguna den artista baten obra ezezaguna. Dagoeneko hilda dauden pintore edo eskultoreen lanak arte katalogoetatik aztertzeko asmoa du, baina gaur egungoak direnen kasuan beraiekin elkartuta egingo du analisia eta papererako irudiaren aukeraketa.
    Landuko dituen artelanen eta artisten izenak galdetuta izkin egin dit egileak, irakurle, eta hurrengo aleko Bixente Ameztoirekin geratu beharko duzu, ostean etorriko denaren zain. Ni ere halaxe egongo naiz.