Emakumeek beren gorputzez erabakitzeko tresna gisa gizarteratu zituzten antisorgailu hormonalak. Sexu harremanak haurrak ekartzeko bitarteko izatetik plazer esparru izatera igaro dira. Negozio iturri galanta dira ordea emakumeentzako antisorgailuok, eta osasunerako kaltegarriak ez direla esatea asko esatea da. AEBetan farmazia-industriari jarritako salaketa kopuruak ikusi besterik ez dago.
Ginekologoek –harreman egonkorrak dituzten emakumeei behintzat– antisorgailu hormonalak errezetatzen dituzte. Nazio Batuen Erakundeak 2013an egindako Munduko Kontrazepzio Ereduak ikerketaren arabera, haurrak izateko garaian dauden emakumeen %13,5ak hartzen ditu antisorgailu hormonalak, hirugarren antisorgailu mota erabilienak dira. Noizbehinkako harremanetan, aldiz, oraindik kondoia gomendatzen dute.
Hainbat antisorgailu hormonal mota daude emakumeentzat: pilulak, partxeak, eraztunak, eta UBG umetoki barneko gailua (DIU bezala ezagunagoa). Baina zein albo-kalte dituzte haurdunaldiak saihesteko erabiltzen diren antisorgailu horiek? Badago bestelako aukerarik? Zergatik egiten dituzte soilik emakumezkoentzako antisorgailu hormonalak?
Espainiako eta Frantziako estatuetan farmazia-industrien aurkako salaketak urriak diren arren, Ameriketako Estatu Batuetan emakume asko dira antisorgailu hormonalek sortutako kalteak salatu dituztenak. Meritxell Guàrdia i Serentillek Pikara Magazine aldizkarian Anticoncepción hormonal: lo que nos venden y no nos cuentan artikuluan aipatzen du farmazia-industriak epaiketak saihesteko milioika dolarreko indemnizazioak ordaindu dituela erabiltzaileek jarritako salaketengatik. Salatutako antisorgailuen artean aipatzen ditu Yaz, Yasmin, Diane35 (Bayer markakoa) eta NuvaRing. Zainetan odolbatuak sortzea da, esaterako, albo-kalteetako bat.
2014. urtean Bayer farmazia-industria alemaniarrak aitortu zuen 1,8 milioi dolar ordaindu zituela Ameriketako Estatu Batuetan Yaz, Yasmin, Ocella eta Gianvi markengatik pilatutako 8.999 salaketen harira, eta oraindik 4.000tik gora salaketa geratzen zaizkio ordaintzeko.
Miguel Jara Madrilgo kazetaria da, osasun eta ekologia gaiak ikertzen ditu, eta besteak beste, Laboratorio de médicos. Viaje al interior de la medicina y la industria farmacéutica (Península, 2011) liburua argitaratu du. Informazioa ezkutatzeko farmazia-industriak egiten duen ahalegina salatzen du bere lanaren bidez: “Saldu ahal izateko nahi dutena kontatzen digute. Egiazko informazioaren beldur dira, bezeroak galdu ditzaketelako”.
Meritxell Guàrdia i Serentillek Pikara Magazine-n AEBetako Droga eta Elikagaien Administrazioak 2012an emandako datu batzuk aipatzen ditu. Horien artean, esaten du 2004 eta 2008 urte bitartean antisorgailu hormonalek zerikusia izan zutela 50 pertsonen heriotzetan.
Bestalde, kontuan izan behar da horiek hartzen dituzten emakume askok ez dituztela haurdunaldiak saihesteko hartzen, bestelako osasun arazoei aurre egiteko baino: akneari edo burusoiltasunari kasu. Hainbat mediku elkartek beste alternatiba batzuk ez lehenestea salatu dute.
NuvaRing eraztunak ere mila salaketatik gora jaso ditu. Antisorgailu hori da eraztunen artean ginekologoek gehien gomendatzen dutena. Bestalde, Diane35 antisorgailua merkatutik kendu zuen 2013. urtean farmazia-industria frantses batek, segurtasun arrazoiengatik.
Pilulek, partxeek eta eraztunek feedback moduko bat eragiten dute hipofisiaren eta obarioaren artean, eta horrela, obuluak sortzea saihesten da. Formula konbinatu eta sekuentzialen bitartez obulutegia ezgai bihurtzen da. Funtsean, antisorgailu hormonalek norbere buruari iruzur egiten diote.
Antikontzeptibo horiek osasun onurak ere badituztela aldarrikatzen da. Honako hauek aipatzen dira: tronpatako infekzioak gutxitzen dituzte, endometriosia babesten dute, obarioko kisteak gutxitzen dituzte eta obarioetako minbizia izateko aukerak ere murrizten dituzte.
Aldiz, emakume erabiltzaileen salaketek bestelakoa ere badiote. Arlo emozionalari erreparatuta, askok depresioa, sexurako gogorik eza edota desoreka emozionalak aipatzen dituzte. Carmen Valls endokrinologoak Mujer y Salud izeneko aldizkarian epe motzeko zenbait ondorio aipatzen ditu: pisua hartzea, goragalea, bularretako mina, hilekoaren zikloak gutxitzea, metrorragia eta edemak. Beste ondorio batzuk epe luzekoak dira: sistema endrokinoan kalteak sortzea edo haurdun geratzeko aukerak gutxitzea. Dena den, ondoriorik larriena tronboenbolismo arteriala litzateke, hau da, zainetan odolbilduak sortzea.
Guàrdia i Serentillek antisorgailu hormonalaren alternatibak aipatzen ditu; horien artean, batetik, diafragma, eta bestetik, haurdunaldia saihesteko metodo naturalak. Aukera horiek gorputzaren eta hilekoaren inguruko ezagutza handia eskatzen dute. Erakundeek metodo horiek baztertzeko ematen duten arrazoia eraginkortasun eza da, nahiz eta Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, eraginkortasuna %95 eta %97 artekoa den.
Diafragma disko itxurako antisorgailu fin eta malgua da, eta hesiarena egitea du helburu. Umetokira bidean jartzen da eta espermatozoideei sarrera eragozten die. Sexu praktika baino bi eta sei ordu bitarte lehenago jarri behar da eta sei orduren ondoren erantzi. Antisorgailu naturalei dagokienean, berebiziko garrantzia du norbere burua eta zikloak xehetasunez ezagutzeak. Egun ugalkorretan sexu harremanak izatea baztertzen da.
Erakunde gehienek antisorgailu hormonalak gomendatzen dituzte, haurdunaldia saihesteko eraginkorrenak diren antikontzeptibotzat dituztelako, eta AEMPS Espainiako Estatuko medikamentu eta osasun produktuen agentziaren arabera, kalteak baino onurak gehiago dituzte. Orain dela urte batzuk, agentzia beraren aginduz, antisorgailu hormonalen prospektuak eguneratu zituzten; egiazko albo-kalteak ager zitezen eskatu zuten. Hala ere, hainbat kolektibok ikerketa gehiago eskatu du, ez baitago argi epe luzera zein ondorio izan ditzaketen.
Azken 30 urteetan asko aurreratu da antisorgailu hormonalei dagokienean. Duela hiru hamarkada hormona dosi oso altuak zituzten antisorgailu hormonalek: 50 mikrogramo. Emakume askori kalte egiten zien, eta azukrearen metabolismoan, gantzaren metaketan eta gibeleko gaixotasunetan eragina zuen. Orain dela 25 urte dosi kopurua 30-35 mikrogramotara jaistea lortu zuten, eraginkortasuna galdu gabe, eta emakumeei albo-kalte gutxiago eragin zizkieten. Azkenik, orain dela 15 urte, 15-20 mikrogramora jaitsi zuten dosia, emakume gehienengan ondo funtzionatuko zuela pentsatuta. Dena den, batzuek uste dute hormona dosiak gutxitzeak ez duela zertan beti onura ekarri. Trótula crítica ginekologiaren inguruko webguneak hainbat argudio erabiltzen ditu hipotesi hau defendatzeko. Hasteko, azaltzen du estrogeno kopurua asko aldatu daitekeela emakume batetik bestera, baita hilekoaren egunaren arabera ere. Antisorgailu hormonalak hartzean obarioak funtzionatzeari uzten dio. Denbora tarte horretan gorputzean dauden hormona femeninoak antisorgailuak botatakoak baino ez dira izango. Dena den, azaltzen du ohikoa dela antisorgailu hormonalek hainbat albo-kalte sortzea lehen hiru hilabeteetan; hortik aurrera jarraituko balute, antisorgailua aldatzeko gomendioa egiten dute.
Osasunaren Mundu Erakundeak dio diafragmak eta metodo naturalek %95etik gorako eraginkortasuna dutela. Alabaina, erakunde askok baztertu egiten dituzte eraginkortasuna
ez delako nahikoa
Azken urteetan hainbat ikerketa egiten ari dira gizonezkoentzako antisorgailu hormonalak asmatu asmoz, baina oraindik ez dituzte merkaturatu. Gaur egun gizonentzat bi antisorgailu mota daude: kondoiak eta basektomia.
Kondoiek hainbat abantaila dituzte: merkeak dira, eta sexu transmisiozko gaixotasunak saihesteko balio dute. Basektomia berriz, ia guztiz eraginkorra da. Barrabilak semen besikularekin lotzen dituen hodi deferenteak mozteko ebakuntza egin behar da eta ondoren hainbat denboraz antisorgailu bat erabili. Oso zaila da behin basektomia eginda atzera itzultzea.
Esanguratsua da azken urteetan emakumeentzako antisorgailuek izan duten garapena eta sortu dituzten aukera anitzak ikusita, gizonetan arlo hori hain gutxi garatu izana. Gaur egun hainbat ikerlerro abian dira, besteak beste, hormona sintetikoen bidez tarte baterako espermatozoideak sortzeari uzteko metodoa, eta modu ez hormonalei dagokienean, espermatozoideak baginan ez sartzeko teknikak probatzen ari dira.
Jalees Rehman Illinoiseko Unibertsitateko ikertzaileak azaldu duenez, proba klinikoetan parte hartzen duten gizon boluntarioek emakumeek baino gutxiago jasaten dituzte albo-kalteak. Orduan zergatik ez dira gizonezkoentzako antisorgailu hormonalak merkaturatzen? Farmazia-industriek ez dute interes berezirik jarri horretan; adibiderako azken urteetan merkaturatu dituzten emakumeentzako antisorgailu hormonal andana eta gizonentzako antisorgailu hormonal urriak.
Dena den, aipatzen dituzte bestelako zailtasun batzuk ere, esaterako, emakumezkoek hilean obulu bat sortzen dute eta gizonezkoen kasuan milioika espermatozoide desegin beharko lituzkete. Ikertzen ari dira, eta emaitzak ere lortu dituzte; baina badirudi farmazia-industriek ez dutela gizonentzako antisorgailu hormonaletan inbertitu nahi.
Osasun Legea aldatzea beharrezkoa dela adierazi du Nafarroako Osasun kontseilariak, hala nola Osasunbidea enpresa-erakunde publiko bihurtzea, bestela “luze gabe sistemak porrot” egingo duela argudiatuta. Sindikatuak ez daude formula horrekin ados.
Kutsatze gutxiago egon ez dadin diagnostiko horiek lehenago egitea zein garrantzitsua den azpimarratu du Nafarroako Osasun zuzendari nagusiak. “Osasun-sistemara heltzeko zailtasun handiagoak dituztenengan” jarri du fokua aurtengo hiesaren Eguneko kanpainak.Nafarroak... [+]
Atun latatan aurkitu diren merkurio kopuruekin asaldatuta dabiltza herritarrak. Bloom erakundeak Europan egindako ikerketa baten arabera, Carrefour, Intermarché, Mercadona, Aldi... supermerkatu guztiek merkaturatzen dute atuna kutsaturik. Arrantza industrialak berehala... [+]
Haurdunaldiaren zazpigarren hilabetean hil zen Aduna, Amets Etxeberriaren alaba. Halakoetan, erru sentimendua da bizkar gainean emakume askok hartzen duen zama, dolua ere oztopatzen duena. Profesionalengandik jasotzen duzun tratua funtsezkoa dela dio Etxeberriak, horri aurre... [+]
Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]
Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]
Azala ez da azaleko gaia, kanpoarekiko muga eta gure buruaren babesa baizik. Ordea, kosmetiko industrialak erabiliz gero, toxiko kimikoak barneratzen ditu gure gorputzak azaletik, eta dutxako zulotik behera joaten direnean, ura eta Lurra ere kutsatzen ditugu egunero. Eredu... [+]
Kexak eta esker onak paretsu mantendu dira, baina erreklamazioetan bada aldea. Esaterako, aurtengo ekaina iazkoarekin alderatuta, ia %30 igo dira erreklamazioak.
Aste honetan zehar egongo da AEBko auditoria Gurutzetako ospitalean; bere estandarrak betetzen dituzten osasun-zentroei akreditazioa ematen die. Osakidetzak 106.843 euro gastatu ditu bere aurrean itxurak egiteko.
Sexologian eta zoru pelbikoan aditua den Juncal Alzugaray Zurimendi fisioak zenbait gako eman ditu klimaterioa eta menopausia hobeto ulertzeko.
Silizearen hautsak sorturiko gaitz eta biriketako minbizi kasuek ez dute etenik azken urteetan. Australian, Ingalaterran edo Espainiako Estatuan alarmak piztu dira, eta kristal-silizea duten kuartzozko sukalderako mahaiak egitea debekatzeko urratsak ematen hasi dira.
Eurostaten arabera, 2013tik 2021era bitartean, 13.530 kasu erregistratu zituzten Europar Batasunean. Teorian 2005ean debekatu zuten amiantoaren erabilera, baina mesoteliomaren sintomak ez dira agertzen hamarkada asko igaro arte. Amiantoagatik 700 pertsona baino gehiago hil dira... [+]
Igeriketa, patinetean ibiltzea eta irakurtzea gustuko ditu Leire Manzanares Etxeberriak (Donostia, 2005). Garapenaren nahasmendua dauka eta Zereginak Ikasteko Gelan (ZIG) dago. Gurasoekin batera informazioa bilatzen aritu da ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko, baina oztopoz... [+]