argia.eus
INPRIMATU
Ainara Azpiazu Aduriz "Axpi"
“Paradisua eman diot Altza Porruri”
Garazi Zabaleta 2016ko azaroaren 09a
Argazkia: Dani Blanco

Permakultura, baratze ekologiko, biodinamika eta zero zabor filosofiadun unibertsoa marraztu duzu. Jakobitentzako paradisua da!

Bai, hala da! Naturak berez, guk esku-hartzen ez dugunean, daukan perfekziorako joera irudikatu nahi nuen, horrek liluratzen nau. Gaur egun atzetik gabiltza beti, hanka-sartzeei buelta emateko sistemak asmatzen. Edo asmatu nahian behintzat. Horren guztiaren beharrik ez den momentua irudikatu nahi izan nuen. Ez dakit paradisuko mundu horretatik gatozen, baina joan, norabide horretan joan behar genuke!

Eman eta Hartu. Zer eman diozu Altza Porruri zuk eta zer hartu duzu bertatik?

Altza Porruri eman? Baratzeko lanak egiteak lanik ematen ez duen paradisuko ekosistema bat. Zaborrik gabea, garbia, ekologikoa, bere kabuz hornitzen dena… Paradisua, ez da gutxi, ezta?
    Eta berak niri? Jakobarekin tertulia ederrak izateko beta, profesional handi eta estimatzen dudan jende on askorekin batera lan egiteko aukera, zortzi orriko gidoi bat sortzeko eta garatzeko erronka, nire burua desafiatzekoa… eta zorte pixka batekin, Euskal Herrian barrena aurkezpenak egiten ibiltzeko aukera (kar, kar).

Non ibili zara gehiago komiki hau marrazteko prozesuan eredu bila, baratzean edo BBCko animalia dokumentaletan?

Zaintzen (ez) dudan baratze horretan ibili naiz bila, gauzek bere kabuz orekarako joera nola hartzen duten ikusten, naturari begira eta hausnarrean… eta gizon-emakumeen arteko hartu-emanetan. Bide batez, BBC… zer da hori?

Erabili dituzun hitz joko horiek guztiak sortzeko, agian, Euskaltzaindiko liburu artean ere ibiliko zinen…

Euskaltzaindia? Ez, ez, Jakoba bera! Berarengana jotzen nuen zalantzaren bat nuen aldi oro. Eta galdera batekin bi orduko jarioa nola duen, bitan elkartzearekin nahikoa eta sobera izan zen gidoia osatzeko. Bera izan da lan honen hirugarren zangoa.

Ez dut jakin zer barazki den liburuaren aurkezpenean irudikatzen zaituena… Marrubia? Patata?

Uix, horiek Asiskoren kontuak dira, neronek ere ez dakit eta! Berak alberjinia naizela dio baina… Hurrengo libururik balego, ea erretratuak egiteko aukera niri ematen didaten…