Komunikazio emozionala: tresna eta jokabide komunikatiboak gizartea mugiarazten. Artikulu honen titularrean esaldi hori ere jarri nezakeen, hori baita azaroaren 10erako antolatuta dagoen bosgarren Euskarabildua jardunaldietako izenburua; baina egia esatea nahi baduzu, irakurle, orain modan dagoen samurtasun tailerra gehiago ekarri dit gogora komunikazio emozionalaren kontu horrek hitzaldi sorta bat baino. Bota didaten bigarren esaldia argiagoa iruditu zait lehen boterako: gizarte mugimenduen arrakastarako gako komunikatiboak aztertzea du helburu aurtengo Euskarabilduak.
San Telmo museoan egingo da Iametza Interaktiboak, ARGIAk eta Ametzagaña Taldeak antolatutako jardunaldia, eta besteak beste, Euskal Herriko mugimendu feminista, Kataluniako Diada eta Islandiako prozesua dira ikuspegi komunikatibotik landuko diren egitasmoak.
Marketinetik ulertzen dira askotan komunikazio plan eta proiektuak, baina horrek ez du ziurtatzen benetan gizarte mugimendu jakin baten mezua eta eraldaketa gauzatzea; hau da, komunikazio planak arrakasta handia izan dezake zabalkundean, baina aldi berean mugimendu horren aldarrikapenean ez lorpenik ekarri. Egia da kanpainaren mezuak, hartzailea ondo identifikatuta izateak, edo mezua zabaltzeko erabiliko diren tresnak zehazteak garrantzi handia duela, baina tartean geroz eta indartsuago ari dira kokatzen gizarte mugimenduak. Orain arte hain eskuragarriak ez ziren baliabideak edonork izan ditzake gaur egun, eta herri proiektuak horiez baliatzen ari dira beren mezua ahalik eta ozenen zabaldu eta masa mugimendu handiak sortzeko. Baina zer dago benetan arrakasta honen atzean? Zein dira gakoak? Eta hizkuntzarekin zer gertatzen da?
Jardunaldietara joateko izena eman beharra dago eta dagoeneko zabalik da epea. Hemen eman dezakezu. Hitzaldi guztien informazioa, hemen aurkituko duzu.