Angel Mariezkurrenak antolatutako kanta zaharren bazkariak bidaia musikal, gastronomiko eta emozionalak dira. Hori lortzeko kanta zaharrak txirikordatu egiten ditu joaldun, musikari, dantzari eta hamaika sorpresarekin, orkestra zuzendari trebearen moduan.
Duela hamabi urte hasi zen kantu bazkariak antolatzen lehenbizi Sunbillan eta Elizondon, eta gero abian jarri zuen urtero Dantxarinean, Benta Peion, arrakasta itzelez egiten den Kanta Zaharren Eguna. 2011n garraiolari lanbidea eta kamioia aparkatu zituenetik, bazkari, afari eta kontzertuak antolatzen ditu kanta zaharren inguruan, baita Benito Lertxundi eta beste punta-puntako abeslariekin ere.
Kanta zaharrekiko maitasuna nondik heldu zaizu?
Aita-ama eta senideen ondoan beti kantuan aritu izan naiz txikitatik. Nire aita zenak inoiz entzun dudan ahotsik ederrena zuen. Zeinen lastima grabatu ez izana. Aitak goiti kantatzen zuen eta amak behetik. Berezkoa zuten kantua. Lehen, jendea herrian barrena edo herritik herrira ostatuetan kantari ibiltzen zen, eta hori da betidanik ezagutu dugun giroa. Eratsunen, gainera, nire txikitako garaian oso gauza berezia gertatzen zen. 40 gazte inguru urte hasieran joaten ziren mendira lanera eta Eratsungo festetarako, irailaren 8rako, itzuli. Denak batera iristen ziren, bozinak joka eta plazako bazterretan herri osoa zain egoten ginen. Eratsungo festetan, Eguberrietan eta Erregeak pasatuta lehenbiziko larunbatean egiten ziren inauterietan, dena kantua zen. Ondoren, gazteek alde egiten zuten mendira.
Saioak antolatzen hasi baino lehen, pare bat urtez ibili nintzen etxez etxe eta baserriz baserri kanta zaharrak berreskuratzen. Beheko suaren ondoan eseri eta aitatxi-amatxiek kantatzen zutena idazten nuen. Internet mundua zer zen ere ez nekien orduan eta horrela kanta asko ezagutu nituen. Sunbillako apaizak ere asko eman zizkidan.
Afizioa nola bihurtu zitzaizun ofizio?
27 urte daramatzagu Baztango 67ko kintoen bazkaria egiten eta han ere abesteko ohitura handia dute, baina kantatzen hasi eta jendeak letra asko ez dakizkielako abesti guztiak lalala-rekin bukatzen genituela ikusten nuen. Duela hamabi urte, pentsatu genuen zergatik ez egin kantu bazkari bat eta letren fotokopiak jarri plateren ondoan, gero gustura kantatzeko. Horrela antolatu genuen bazkaria Sunbillako Ulibeltzak elkartean, pentsatuz etxekoak, 40 bat lagun, hurbilduko zirela. Dena bete zen, 109 pertsona! Ateak zabaldu eta kanpoan ere jende pila zegoen gustura aditzen eta kantatzen. Ez genuen halako arrakastarik espero.
Hurrengo urtean, Elizondoko Lur aretoan antolatu genuen beste bat. Sartu ziren 250 lagun bazkaltzeko eta arratsaldean 800 bat heldu ziren kantatzera. Dena bete zen, polita, ederra, oso ongi pasa zuen jendeak. Alex Mujikak egin zuen bazkaria uso eta onddoekin, eta han izan ziren Jaione Olazabal, Xabier Euskitze… baina Sunbillakoa epela eta goxoa izan zen bezala, hau hotza iruditu zitzaidan, tokiarengatik. Kanta zaharrak goxotasuna eskatzen du, eta janaria. Sasoian sasoikoa. Horrek ere badu bere xarma. Jose Angel Elizalde soinu-jotzailea zegoen han nirekin eta berak esan zidan oso toki polita zegoela horretarako Dantxarinean [Urdazubiko auzoa], Benta Peion. Lugaran jatetxea da, Martiko familiarena. Ikustera joan nintzen eta haiei ere asko gustatu zitzaien ideia. Gainera, haien aita oso kantuzalea da. Azaroaren azkeneko larunbaterako gelditu ginen bazkaria egiteko.
Zergatik data horretan?
Ehiza garaia ordurako bukatua delako eta Eguberriak oraindik ailegatzeko, astebukaera aproposa da. Izugarri laguntzen dit Martiko familia osoak, urtero-urtero. Tokia dena da harria, egurra… oso goxoa, eta handia, 500 bat pertsona sartzen dira eta dena bete-betea egoten da. Egun horretan denetik dago: kantua, joaldunak, dantzariak, musikariak, sorpresak… Eguerdian hasi eta 22:30ak arte hantxe.
Kantu bazkariekin hasi nintzen, gero kontzertuekin segi, eta duela bost urte kamioia utzi eta soilik honetan aritzea erabaki nuen.
Enkarguz egin zenuen lehen kontzertua erre zen baserri baten aldekoa izan zen?
Bai, 2010ean. Leitzako Arkiskil auzoko Musun baserria erabat kiskalita gelditu zen otsailaren 28an eta haren alde kontzertu handia antolatzeko esan zidaten. Pantxoa eta Peio, Erramun Martikorena, Jaione Olazabal, dantzariak, abesbatzak… plazan bi eszenatoki paratu genituen eta oso polita gelditu zen. 2012an Bilboko Euskaldunan antolatu nuen Xabier Lete, Imanol eta Laboari egin zitzaien omenaldia. Kanta zaharrak ez du mugarik.
Zer eman dizute kanta zaharrek?
Gauza asko. Pentsatzeko modua, hasteko. Ez du inporta nor duzun ezkerrean eta nor eskuinean, edo nola pentsatzen duen bakoitzak. Kulturak denok elkartzeko balio du. Kanta zahar gehienak, %90, bertso zaharrak dira eta haietan biltzen da Euskal Herriko historia: elizako kontuak, kirolekoak, artzainenak, arrantzaleenak, familiarenak, Ameriketakoak, gerrak… Niretzat estudiorik handiena, karrerarik handiena, horiek guztiak hitzez hitz entzutea da. Asko ez dakigu norenak diren, baina beste batzuetan ikusten dira Xenpelar, Txirrita… mila bertsolari bikain. Euskal Herrian bertsolariak dauden bitartean kanta zaharrak egonen dira. Bertsolari gazteak ikustea gauza handia da.
Lehengo egunean sorpresa polita izan nuen, non eta etxean. Bazkaria prestatzen ari nintzen sukaldean eta seme zaharrena ikasten ari zelarik, kantuan aditu. Kanta zaharrak gustatzen zaizkio, bere anaiari bezala. Bi semeak aitaren atzetik dabiltza harat eta honat. Iruditu zitzaidan Txirritaren bertsoak zirela, baina ez, Lazkao Txikirenak ziren, ispiluaren aurrean botatakoak. Oso politak. Pentsatzen nuen irakurtzen ari zela, baina buruz ikasiak zituen guztiak. Sorpresa ederra hartu nuen. Orain, semeak sarrerak eskatu dizkit bere kuadrilla osoak Dantxarinera joan nahi duelako. Oso-oso polita da horren jende gaztea kantuaren inguruan ikustea. Iaz 500etik 200 bat ziren gazte-gazteak, eta emakume gehiago gizasemeak baino. Horrek poz handia ematen dit erakusten duelako denak berdinak garela. Sunbillan, ostatuan emakumeak musean jokatzen ikusi nituen lehen aldian harrituta gelditu nintzen, Eratsunen ez nuelako inoiz ikusita, eta polita da ikustea nola ari diren gauzak onerako aldatzen.
Baluarte Biltzar Jauregia goraino bete zenuen Iruñea Kantuan saioarekin, UPNren garaian…
Duela lau urte antolatu nuen lehenbiziko aldiz eta oraindik garai zailak baziren ere, aurrera ateratzea lortu genuen. Oso nekeza da kulturaren alorrean bizimodua ateratzea. Laguntzak, babesleak behar dira. Zorionez iaz aldaketa handia izan zen Nafarroan eta Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak egin dutena zoriontzekoa eta eskertzekoa da. Ez nigatik bakarrik, kulturarengatik, oro har, egiten ari direnagatik. Badakit ez dela erraza eta kolpean joan garela denak eske, baina gauza asko egiten ari dira. Elkartze hutsa arrakasta handia da. Gero erabakiko da gauzak egiten diren ala ez, edo nola eginen diren, baina aurrez aurre hitz egin ahal izatea, entzutea, niretzat gauza berria da. Aurreko gobernuarekin eta Iruñeko Udalarekin mila bider saiatu nintzen arren, inoiz ez zizkidaten ateak zabaldu. Mina ematen zidan, Gipuzkoan, Bizkaian, leku guztietan ate zabalik hartzen ninduten, eta aldiz Nafarroan, etxean, beti ezinean.
Zer moduz sanferminetako kantu bazkaria?
Aurtengo sanferminetan egin dugu lehen kantu bazkaria Baluarten. Ikusgarria izan zen. Nik neuk ere ez nuen espero hain emaitza ona. Jendea hunkitua, dantzan… Dena bete zen. Eszenatokia oso ongi prestatu zuten ETBren laguntzarekin. Hasiera-hasieratik izugarrizko besta giro eta bizitasuna zegoen. Eperra, Xalbadorren heriotzean eta ohiko kanta guztiak eman genituen, baina beste umore batekin.
Nolakoak dira zuk antolatutako bazkariak?
Bi modu daude kantu bazkariak egiteko: Hegoaldekoa eta Iparraldekoa. Hegoaldean lehenbizi jan, edan eta gero hasten da jendea abesten. Iparraldean, aldiz, jan bitartean abesten dute. Hori da nik aukeratu dudan moldea eta ikaragarria da.
Dantxarinean urtero azaroaren azken larunbatean egiten den Kanta Zaharren Eguna gero eta arrakastatsuagoa da. Zergatik?
Oso egun sentikorra delako. Jendeak abestu eta dantzatu egiten du, eta hunkitu egiten da. Behin batek esan zidan Xalbadorren heriotzean ez genukeela kantatu behar bera negarrez hasten zelako. Esan nion baietz, hori dela ederra eta sentimendu hori onartu egin behar dela. Ez du inporta besteen aurrean zirrara sentitzen baduzu eta ez da ezkutatu behar. Hori du ona kanta zaharrak.
Duela lau urte ETBk grabatu zuen saioa eta geroztik are jende gehiago etortzen da Euskal Herri osotik, baita kanpotik ere. Asko eta asko gelditzen dira sarrerarik gabe.
Zein izaten da lehen kanta?
Lehenbiziko kanta beti da Euskal Herrian Euskaraz. Beti eta toki guztietan. Jendea berotzeko oso kanta ederra da. Doinua eta letra, biak oso politak dira. Gainera, iruditzen zait errespetu handia ematen diola jendeari.
Kanten hurrenkera egokia antolatzea arrakastaren gakoetako bat al da?
Bai, hala da. Abestien zerrenda egiteko pare bat hilabete behar dut, edo gehiago. Jende asko dago euskara eta euskal kultura ikaragarri maite dituena baina zoritxarrez euskaraz ez dakiena, eta haiek ere kontuan hartu behar ditugu beti. Kontzertu batean kantak izan behar dira hasieran apalak, goxoak baina politak, Eperra, Erribera, esate baterako, eta bukaera aldera gero eta bizitasun handiagoa behar duzu denak zutik jartzeko. Hori lortzeko abestiekin, musikariekin, abesbatzekin, haurrekin… jokatu behar duzu.
Nafarroan hasi eta orain Euskal Herri osoan zabiltza, ezta?
Herriz herri ibiltzen naiz, Markina, Ondarroa, Bera… Deitzen didaten toki guztietan. Toki batzuetan pentsatzen dute: “Dantxarinerako sarrerarik ezin bada eskuratu zergatik ez ekarri Angel hona?”. Eta Angel, Angel da, eta toki guztietara joaten da gustura. Ondarroan lehen urtean 40 pertsona bildu ziren. Aurten, bigarrenean 150 baziren. Tokian tokikoek parte har dezaten saiatzen naiz beti: musikariak, dantzariak, haurrak… Haurrena oso kontu polita da. Hemen Iruñean, Sarriguren [herriko] eta Mendillorriko [Iruñeko auzoko] haurrak etorri ohi dira kantatzera. Guztiei eskaintzen zaie etortzeko aukera, nahi duenak altxa eskua eta etorri. Berdin dio ahots polita izan edo ez. Denak etortzen ahal dira. Nik oso esperientzia txarra izan nuen gaztetan, koro batean saiatu nintzen sartzen eta ez ninduten hartu. Gero Donostiako beste talde batean saiatu eta berdin. Horregatik hemen ez da inor kanpoan uzten.
Saioetarako musikari profesional ugari mugiarazten duzu.
Saiatzen gara tokian tokiko musikari eta taldeak gonbidatzen. Bizkaian Alex Sardui, Korrontzi edo Getxoko abesbatza, Donostian Easo abesbatza edo Urko; Iruñean Paz de Ziganda abesbatza, dantzariak… Beste batzuk beti etortzen dira nirekin: Jaione Olazabal eta Aitor Ibarra Jalisko sunbildarra, esate baterako. Zubietako joaldunak ere bai, gure kulturaren zati garrantzitsu direlako. Jendeak gozatu egiten du haiekin. Espiritu txar guztiak bazterrera bidaltzen dituzte eta harmonia ona lortu. Bestalde, Txema Garcés lagun handia dut. Kanta guztien moldatzailea da eta baxu-jotzaile aparta. Modu berean Juantxo Zeberio pianoarekin, Joxerra Mitxelena gitarrarekin, Francisco Herrero biolinarekin, Iñaki Dieguez eskusoinu-jotzaile bikaina, Asier Oleaga perkusioarekin… oso musikari onak denak.
Hemendik aurrera zeintzuk dira hitzordu nagusiak?
Azaroaren 5ean Barañaingo Auditorioan izanen gara, gero 26an Dantxarinean Kanta Zaharren Eguna, abenduaren 3an Kursaalen eta abenduaren 17an Petritegin, Astigarragan. Abenduaren 3an Kursaalean afaria eginen dugu. Han izango dira Xabier Euskitze, Maria Molategi, Pantxoa Carrere, Bankako Menditarrak eta joaldunak. Leitzako dantzariak, gaiteroak, musika eskoziarra eta sorpresa asko egonen dira.
Amerikako diasporarekin ez duzu ezer egin?
Oraindik ez. Deitu didate Argentinatik hasi eta Kanadaraino, Euskal Etxeetan eta hainbat tokitan kanta saioak antolatzeko, baina pentsatu beharra dut, badudalako proiektu pila hemen egiteko. Gustatuko litzaidake beste herrialdeetako musika eta dantza ekartzea, eskoziarrak edo irlandarrak, adibidez. Edo gospel talde bat gonbidatu hemengoekin abesteko. Kataluniara ere joan nahi nuke eta hango eta hemengo kulturak eta kantak elkartu.
“Argi dago hau ez dela nire kontua bakarrik. Ez dut deus asmatu. Kantua berreskuratzea denon kontua da eta zorionez gero eta gehiago dira kanta saioak, kantu taldeak, kalejirak…”.
“Logroñoko gizon bat etorri zitzaidan esanez bera kanpotarra zela, ez zekiela euskaraz, baina harrituta gelditu zela kantu bazkaria ikusita. Enpresaria zen eta handik gutxira Logroñora gonbidatu ninduen kantu bazkari bat antolatzera biltzekoak ziren 26 herrialdetako enpresarientzat. Jaione Olazabal kantariarekin joan nintzen. Sei kanta eman genituen euskaraz eta bat erdaraz, Nana Mouskourirena. Denak dantzan paratu genituen poz-pozik”.
“Orain Reyesi kantatuko banio, Loreak udan hautatuko nuke, hitzengatik. Abeslari bat hautatzekotan Benito Lertxundi. Niretzat idoloa izan da beti. Bere kantaldiak ikustera joaten nintzen Oriora eta orain kontzertuak egiten ditut berarekin. 50 urte daramatza oholtza gainean eta dena betetzen du. Benito Benito da”.
Iaz Braham bat ezagutu nuen Delhin. Harritu ninduen garagardoa maite zuela eta gaztelaniaz bazekiela. Nire adintsuko zela esango nuke, baina makil baten laguntzaz ibiltzen zen, poliki. Ea zergatik zekien gaztelaniaz, galdetu nion, eta berak umetan Julio Iglesiasen kaseteak... [+]
Maite Idirin abeslaria urtarrilaren 20an hil da. Angelun bizi zen, eta asteazkenean 10:30ean izango da ehorzketa meza. Euskal kantagintzaren ahots ezagunenetakoa izan da. Emakumeen eskubideen alde borroka egin zuen bere bizialdian.
78 urterekin iktus baten ondorioz hil da Donostian Fernando San Jose Arze, kultur munduan Fernando Unsain izenez ezagutua. Pertsona garrantzitsua izan da euskal kantagintzan, diskoen grabaketa eta produkzioan eta ikusentzunezkoetan. ARGIAk Fernando Unsainengan kolaboratzaile... [+]
Ziburuko Liburu eta Disko azokaren aperitif gisa, Hitzen Ahairea emanaldia eskaini zuten maiatzaren 3an Baltsan elkartean Gotzon Barandiaran idazle musikazaleak eta Rafa Rueda musikari literaturzaleak. Euskal kantagintzan barnako bidaiarekin gozatu zuten bertaratu ziren 40... [+]
Gotzon Barandiaran Arteaga idazleak eta Rafa Rueda musikariak Hitzen Ahairea hitzaldi musikatua eskainiko dute. 15 kanta aztertu eta zuzenean joko dituzte, bidean galdera honekiko hausnarketak josiz: euskaldunok zeri kantatu diogu?
Ibilbide luzeko musikaria da Antton Valverde donostiarra (Gros, 1943). Frankismo garaian hasi zen oholtzetara igotzen, 1970eko hamarkadan, haren hitzetan, Euskal Herriaren alde zerbait egin nahi zuelako. Artearen munduan oin bat sartuta izan du beti, ez soilik musikan egin duen... [+]
Ez da haren nortasuna errazki definitzen. Anitz egin du, anitzetarik. 60ko hamarkadaren amaieraz gero, kantagintza berriaren izenetan ageri da Gexan Alfaro. Militante zaildua da, euskararekin kultura, kulturarekin politika, Ipar Euskal Herriaren historiaren jakile dugu joan den... [+]
Abenduaren 6an agurtu du pilotaren munduak azaroaren 30ean zendutako azkaindarra. Profesional mailan ezker paretan txapela jantzi zuen Ipar Euskal Herriko lehen pilotaria da: bi txapel jantzi zituen binakako txapelketan, Joxan Tolosarekin.
Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxearen Batera proiektuen emaitzetarik bat gauzatu du berrikitan Maider Lasak, Malen Iturrirekin elkarlanean. Ekainean aurkeztu zuten Loa, loa, laguna izeneko ikusgarri performatiboa, ahotsez, gorputzez eta irudiz. Tradiziozko lo-kantak oinarri,... [+]
Espainiako Auzitegi Nazionalak hamar eguneko epea eman dio Pablo Hasel rap abeslariari bere borondatez espetxe batean aurkezteko. Monarkiaren aurkako irainak zabaltzea eta terrorismoa goratzea egotzita.
Bost hamarkada baina gehiagoko ibilbidearekin, Oskarbi taldeak badaki zer den egoera zailetan musikaren eta kulturgintzaren haria elikatzea. Ez Dok Amairuren garaietatik gaurdaino, herri kantak eta sormen propioa izan ditu iturri. Hamabigarren diskoa grabatzen ari dira, dozena... [+]
Artzain izan nahi zuen txikitatik, eta artzantzaz bizi da duela hogei urtetik hona. Kantuan aritzea gustuko du eta kantuan ari da etxean bezala plazaz plaza. Ez omen da bizitza idilikoa berea, baina ez omen litzateke beste inon eta beste ezertan zoriontsuago izanen. Urepeleko... [+]
200 urte bete dira abuztuan Jose Mari Iparragirre jaio zenetik eta data hori baliatuta dozenaka musikarik bat egin dute ondorengo eskaera egiteko: Gernikako Arbola Euskal Herriko ereserki ofizial bilaka dadin. Asteazkenean aurkeztuko dute manifestua Iruñean.