“Intziri handi gaiñialat / herrekatik zen elkhitzen / ezpeldoietan dütügü / ützirik ürrüntzütützen”, idatzi zuen Junes Casenave-Harigilek Santa Grazi pastoralean. Pirinioetako ezpeldoiak bere onenean ezagutu ditu bizi duen ia mendean idazle zuberotarrak. Apaizten ari zela Palestinan ezagutu zituen bertako jendearen sarraskien tankerakoa bizi dute egun bere herriko ezpeldoi, ezpeldi, ezpeleta eta ezpelategiek. Etorkizuneko zuberotarrek ezagutuko ote dute egun arterako ezpeldoien tankerakorik? Nahikoa lan.
Ezpela (Buxus sempervirens) ugaria da Euskal Herri hezeko mendi natural samarretan. Zuhaixka sendo, gogor, trinko, egur sendo eta zur zurrunekoa da. Zaildutakoa. Urte batzuk badira indarrean erasotzen duen onddo bat azaldu zela: Cylindrocladium buxicola. Kanpotik kutsatutako landareak ekarri eta etxekalte. Gure ustez menderaezina zen landarea, gotorretan gotorra, hiltzen du, zerk eta onddo ziztrin batek.
Hori gutxitxo, nonbait, eta goitik behera hosto eta azal, landarearen guritasun guztiak hozkadaka jaten dituen har bat ekarri dugu: Cydalima perspectalis. Gure merkatari senak Asiatik ekarri zuen Alemaniara duela hamarkadaren bat eta urte gutxian Europa osoa kolonizatu du. Erabat soiltzen ditu ezpelak. Lehengo batean Bortzirietan barna nenbilela, negargura sortzen zuen garai bateko pendiz ezpeltsu distiratsuak gorri-gorri eginda ikusteak.
Gure erosle aseezin zaina tarteko, laster Amaia Ezpeldoi zebagaitza ere hilko dugu.