2017ko irailean euskarak eta bearnesak ikastetxe bakarrean leku har lezakete Bokale herrian. Seaska eta Calandreta ikastetxeen federazioak elkarren eskutik ari dira egitasmoan. Ikasle berrien hainbat gurasok ere lanean dihardute. Seaskako Paxkal Indo eta Calandretako Midou Curmer presidenteekin, hala nola Bokalen bizi den Mailiz Hiriart guraso eta sustatzailearekin mintzatu gara proiektu berriaz.
Calandreta eta Seaska federazioak Frantzia Estatuko bi hizkuntz gutxiagoturen adierazleak dira. Irakaskuntza da euren arloa. Lehena, bearnesez –okzitanieraren aldaera bat– garatzen da. Bearnesa gaskoien mintzoa da, gaskoia ere deitua. Euskal Herriko laugarren mintzaira da, datu hori ezezaguna bada ere. Antzina, Ipar Euskal Herriko herri mugakide anitzetan mintzatu da gaskoia, baina gaur egun galbidean dago. Gaskoiak eta baskoiak anaia-arreba gisara agertu dira historiaren bilakabidean. Alabaina, Mixel Labéguerieren 1963ko Gazteri berria kantak “Kaskoin edo maketo ez dugu etsaia” dio. Hots, elkarrekiko etsaituak ere izan dira. Gaur egunera etorrita, aldiz, euskarak eta gaskoiak ikastetxe bakarrean leku har lezakete Lapurdiko Bokale herrian.
Baiona hiriburuaren ondoko herri honetan proiektu historiko bat gauzatze bidean dago. 8.000 biztanle inguru du Bokalek. Ipar Euskal Herrian 5.000 biztanletik gorako herri guztietan ikastola dago. Egitasmoa duela hiru urte sortu zen: “Bertan ez dugu ikastolarik, baina Bokale-Tarnosetik 30 ikasle inguru (15 familietakoak) datoz Angelu, Baiona edo Miarritzeko ikastoletara egunero”, erran digu Seaskako presidente Paxkal Indok. Aski urrun bizi badira ere, Aturri ibaiaz bestaldeko hainbat familiek ikastoletara eramaten dituzte beren seme-alabak. Hartara, Seaskako bulegoak, tokiko hainbat familiaren nahikariak bultzaturik, ikastola bertan antolatzeko beharra ikusi du: “Bokale ez dela euskalduna, gaskoia dela diote zenbaitek. Nik neuk hori aintzat hartzen dut, baina ez lurraldea historia bezala ulerturik. Niretzat lurraldea iragana den gisan, geroa ere bada. Guk erabakitzen dugu geroa nola egin”, gehitu du Paxkal Indok.
Edonola ere, ez da bearnesen artean eraikitzen den lehen ikastola. Orain hogei urte Seaskako ikastolak izan ziren Paue hirian eta Oloroe-Donamaria herrian. Euskaldunen eta biarnesen arteko harremana iraganean ere izan da, beraz. Pirinio Atlantikoak Departamenduko Calandretako presidente Midou Curmer honela mintzatu zaigu proiektuaz: “Lehenik eta behin, eskola eraikitzeak munduari buruzko ikuspegi eta gogoeta bateratua lantzen lagundu dezake. Euskaldunon eta bearnesen artean ez dago areriotasunik, ez dago batzuetan zabaldu nahi izan den elkarrekiko ikusiezina. Areago, kontua ez da, euskalduna edo bearnesa izan, bakoitzak zer egiten duen ikustea, besteak egiten duena ikustea baizik. Ekimen honek jendearen arreta bereganatuko du, ziur”.
Bokale Euskal Herriko udalerria da, baina ez dago Bearnorekiko mugan; Landak departamenduarekin mugakidea da, Bearnotik urrun samar. Landetan ez dago Calandretako eskolarik. Calandreta hurbilena Orthezen dago: “Urrun egoteak zailtasunak ekar ditzake, baina ez da oztopo bat. Bokalen badago sentimendu indartsua gaskoi kulturaren alde”, erran digu Midou Curmerrek.
ACI Gasconha da gaskoi kulturaren alde ari den liga edo elkartea. Honela idatzia ageri da bere webgunean: “Ligam gascon Baish Ador Baiona Anglet Biàrritz Bocau”. (Baiona-Angelu-Miarritze-Bokale-Aturri gaskoi elkartea).
Calandretako presidentearen hitzetan, ACI Gasconha elkartea Calandreta/Seaska eskola sortzearen alde dago: “Bokale gaskoia da, baina populazioa euskalduna da batez ere. Horrek bi eskolak eraikitzea eskatzen du, eta elkarrekin eraikitzen badugu hainbat hobe. Badago nahikaria. Auzapeza eta Herriko Batzarra ados daude proiektuarekin, bertako herritarrak batez ere euskaldunak sentitzen direla ohartu dira”.
Mariliz Hiriart: "Bokalen poliki entzuten da euskara. Gaskoia ere bai, baina euskara baino gutxiago"
Seaskak Bokaleko hainbat herritarren nahia bideratzen lagundu nahi du, eta hartara, proiektu pedagogikoa Calandreta federazioarekin lantzea erabaki du. Calandreta eskolak Pirinio Atlantikoetan, baita Okzitania osoan ere zabalduta daude. Aspaldi ari dira eurekin elkarlanean. Hogei urte dira, Calandreta eta Seaska federazioek formakuntza zentro bateratua eratu zutela. Ez dira Frantziako beste eskolekin dituen harreman bakarrak: Kataluniako La Bressola, Bretainiako Diwan, Alsaziakoa Abcm-zweisprachigkeitekin ere elkarrekin partekatzen dituzte beharrizanak. Federazio horiek guztiek Estatuarekin dituzten lan kontratuen izaera ezagutzen dute, besteak beste.
Mailiz Hiriart Seaskako gurasoa da. Ortzaitzekoa da jatorriz, Nafarroa Beherekoa: “Lana dela eta, heldu ginen kostaldera. Bokalera bizitzera joan gara gero, Baionan etxebizitzaren egoera zaila zelako. Egia erran, dolu batean joan ginen, baina, zinez ustekabe goxoa izan dugu, elkartasuna sentitzen dugu. Herria maitatzen ikasi dugu, popularra da, badira kolektibo anitz, xumeak. Auzo batean bizi gara, langile jendea da”.
Hiriartek erran digunez, Bokalen poliki entzuten da euskara. Gaskoia ere bai, baina euskara baino gutxiago. Jende anitz gaskoia edota okzitaniarra sentitzen da, baina hizkuntza ez da entzuten: “Tokikoek ez dute euskara arrotz gisa hartzen, badira euskaldun franko Bolaken. Elizaren inguruan bereziki. Gure helburuetako bat da zaharren harrotasuna piztea, bi kulturek jasan duten zapalkuntza azaleraraztea. Iraganeko eta egungo belaunaldiak lotu nahi ditugu kulturalki”.
2017ko ikasturtean abian nahi dute Seaska eta Calandretaren arteko ikastetxea, 2 eta 4 urte arteko Ama eskola zabalduz lehenik: “Behar dugu eta egingarria da”, erran digute Seaskako bi partaideek. Irakaskuntzan ari diren bi federazioen arteko elkartea eratuta dago eta hasi dira proiektuaz gogoetatzen. Hainbat bilera eta ekitaldi publiko egin dituzte dagoeneko. Bokalen urtero egiten den Herrien eta Kulturen Jaialdiaren karietara aurkeztu dute proiektua, aurtengoa V. edizioa izan da, urriaren 5ean. Heldu den abenduan, berriz, Nadau musika talde okzitaniarra eta Benito Lertxundi bildu nahi dituzte kantaldi berezi batean Bokalen.
Seaskak 3.600 ikasleen egitura kudeatzen du egun. Hazkunde Ministerioarekin ari da administrazioarekiko lanetan jada. Solaskideek diotenez, “eskola eraikitzeko gurasoen dinamika behar da, ezin da pentsatu gurasoen nahikaririk gabe deus egitea. Sei familia lanean ari gara baina ez dira baitezpada familia horiek euren seme-alabak eskolara eramanen dituztenak, izan daitezke horiek edota beste batzuk ere”. Une honetan, Bokaleko ikastetxe berria eraiki nahi duten familia hauek laguntzea helburu du Seaskako bulegoak. Calandretaren aldetik badago familia bat interesatua eta beste batzuk batzea espero dute bidez bide. Paxkal Indok dioenez, “askatasunean utzi behar dira gurasoak eta herritarrak orobat, batzuk hurbilduko dira eta beste batzuk ez, energia horiek ezin dira bortzaz kanalizatu, aske utzi behar dira”.
Nolanahi den ere, jende askoren aburuz, euskaldunen borrokarik gabe gaurko proiektua ez litzateke eginbidean izango, ezta, konparazionerako, Baionako bide eta hiri seinaleak hiru hizkuntzetan –frantsesez, euskaraz eta gaskoiez– idatzita egongo ere: “Ni erabat ados aburu horrekin. Zenbaitetan, hainbatek gaskoia erabili du gure kontra egiteko. Halaber, gaskoi zenbaitek ‘euskaldunek baduzue dena eta guk deus ez’ aurpegiratu digute. Guk ‘ez da egia. Gurekin borrokatu, goazen elkarrekin’ erraten diegu. Horietako askok ‘Gu ez gara euskaldunak, gaskoiak gara’ diote. Ongi da, izan gaskoi, gu euskaldun garen bezala”.
Funtsean bi hizkuntzek arazo berak dituzte, hizkuntzek legearen aldetik jasotzen dituzten erasoak berdinak dira, legearen babes eskasa dela eta. Bi hizkuntzek beren hezkuntza proiektuak normalizatuak izatea dute xede. Midou Curmerrek honela erran digu azkenik: “Proiektuak benetako funtsa dauka. Jendeari esan behar zaio, proiektu hau haurrak hezteko eskola dela, hizkuntza gutxituetan ere hezi daitekeela”.
Hainbat ikaslek egin dituzte salaketak. Irakasleetako bat sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik eta sexu proposamenengatik salatu dute. Bigarrena, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik. Hirugarrenari dagokionez, ikasleen... [+]
Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]
Astelehen gauean su hartu du Donamartiriko (Nafarroa Beherea) ikastolako eraikin batek. Ez da zauriturik izan, baina kalte material handia eragin du suteak.
Irakasleek baxoko ahozkoa euskaraz egiten laguntzeko ekintza egingo dute. Soinean ahobizi eta belarriprest txapak eramango dituzte, ikasleei adierazteko “babes osoa” dutela euskaraz mintzatzeko azterketan.
Pascal Jocou eta Fabienne Etchegaray aurkeztuko dira Beskoitzeko hauteskundeen bigarren itzulian. Haritza Camblong-ek oraindik ez du zehaztu ekainaren 23ko bozketara aurkeztuko den. Fabienne Ayensak, Beskoitzeko aurreko alkateak, ikastolaren hitzarmenak eragindako desadostasunen... [+]
Seaskako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek mobilizaziorako deia luzatu dute maiatzaren 17rako. Guztien arteko sarea irudikatzeko asmoz, ekimenen aipamena Interneten #EuskarazIkasiMatxinada eta #EuskarazBiziMatxinada traolekin zabaltzeko eskaera egin diete.
Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]
Herriko kontseiluaren gehiengoa lurrak ikastolari beste urtebetez alokatzearen alde agertu da, eta jarraian auzapezak dimisioa aurkeztu du. Ikastolako gurasoei eta Seaskari hitzarmen berri bat aurkeztekotan geratu da herriko etxea.
Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.
Haserre mintzatu da Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria, Beskoitzeko Herriko Etxeak astelehenean hartutako erabakiarekin. 51 haur dituen ikastolarekin hitzarmena eten du auzapezak, eta sei hilabeteren buruan debekatuta izango dute bertan eskolak ematea. Gurasoek harridura... [+]
2.500 euskaltzale elkartu dira Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak deitutako manifestaziora. Herriko etxeak ikastolaren eraikin berria egiteko eskariari jarritako trabak salatu dituzte eta Beskoitzeko ikastolako haurrei babesa eman diete.
Ikastolak eraikina jaso nahi du herri lurretan eta herriko etxeak ezezkoa emana dio. Ikastolako eragileek salatu dute proiektuari baldintza arbitrarioak ezartzen dizkiotela eta hautetsiekin elkarrizketa izatea ezinezkoa dela. Manifestazio nazionalera deitu dute azaroaren 18an,... [+]
Egoera tirabiratsua bizi dute Beskoitzeko ikastolako gurasoek herriko etxearekin. Herriko gelak baliatzeko debekuak, baimen ezeztatzeak edota jantegi publikoan bazkaltzeko mugak...