argia.eus
INPRIMATU
"Emakumeak euskal ikusentzunezkoetan" mahai-ingurua
Emakumeen lana ikus-entzuteko beharraz
  • Lekeitioko 39. Zine Bileraren barruan, urriaren 22an (H)emen-Her(e) plataformak antolatu zuen mahai-ingurua eta bertako Kristina Zoritak moderatu. Beraien bizipenetatik aritu ziren Amara Mosteiro, Izibene Oñederra, Nahia Laka eta Eneko Sagardoy.

Alejandra Goikoetxea 2016ko urriaren 26a
Ale Goikoetxea

Europan ekoizten diren filmen %21a baino ez dira emakumezkoek zuzendutakoak; datu horrekin eman dio hasiera Kristina Zoritak emakumea eta ikus-entzunezkoei buruzko mahai-inguruari Lekeitioko Zine Bileran. Aipatutako datua Europako sei herrialdetan egindako inkesta batean eskuratutakoa da. Finantzazioaren %84a ere gizonezkoek zuzendutako filmetara bideratzen da ikerketa honen arabera, zine eskoletan ikasleen erdiak emakumezkoak diren arren. Datuak datu, egun ikus-entzunezkoen arloan diharduten emakumeak gerizatik atera eta erreferente bilakatzeko premia azpimarratu dute beraien bizipenak elkarbanatzera gonbidatutako hizlariek.
    Amara Mosteiro Euskal Herriko Zinema eskolako irakaslea, Izibene Oñederra Arte Ederretan doktorea eta animaziozko filmen egilea, Nahia Laka ikasketak eta praktiken osteko lanaldia bukatu berria, eta emakume hauen artean Eneko Sagardoy aktorea. Azken hau, hanka puntetan gerturatu da, gizonezkoa izanik, bere burua boteredunen taldean kokatzen duelako eta beraz, berba egitera baino entzutera gerturatu dela adierazi du.
    Eusko Jaurlaritza burutzen ari den ikerketak dio ikus-entzunezkoak ekoizten dituzten enpresetako lau arduradunetatik bakarra dela emakumezkoa. Datu horrek ez du sorpresaz harrapatu Mosteiro. Bere lankideen artean “la mujer eléctrico” moduan ezagutzen zutela du gogoan, eta bere lan esparruan etengabe argazkilaritzarako duen gaitasuna erakutsi beharraz mintzatu da. Laka ostera, hasiberria denez, itxaropentsuago agertu da: oraindik sektorea norabidez aldatu eta emakumeek bere lekua egingo dutela dio. Gainera, apurka bada ere aldaketa ematen ari dela aipatu dute bertaratutakoek, baina hori behar den moduan gertatzeko emakumeen lana bistaratzearen garrantzia azpimarratu dute, ondorengoek emakumezko erreferenteak izatea ezinbestekoa delako.
    Emakumeei zuzendutako laguntzen artean gutxieneko kuota batzuk bermatu behar diren edo ez sortu da eztabaida. Laguntzak izenik gabeko proiektuetara zuzendu behar direla esan du Mosteirok, emakume zein gizonezkoak pareko. Entzuleen artean, aldiz, kontrako iritzia gailendu da, abiapuntu ezberdinetatik abiatzen garen bitartean, gutxieneko bat behintzat emakumeek egindako lanetara bideratu beharra dagoela esan dute, gutxienez pareko izango garen egoera idiliko horretara iritsi bitartean.
    Erakundeei sentsibilitatea eskatu diete, eta kulturan inbertitzen den diruak eman ditzakeen etekinei gutxiago erreparatzea: “Garraio publikoak ez du etekin ekonomikorik ematen eta inork ez du arlo horretan diru publikoa inbertitzea zalantzan ipintzen” kexatu da Sagardoy. Baina Oñederrak gogora ekarri du erakundeak gizartearen isla direla. Eta ni neu, ados nago azken aipu horrekin. Izan ere, entzule gisa batu garen hamar lagunen kezkak nekez irauliko du ikus-entzunezkoen egungo panorama maskulinoa.

39. Zine Bilerak saritutako filmak:
- Film eta ekoizpen onena profesional mailan: N’Diawaldy Bouly (Natxo Leuzak zuzendua).
- Film eta gidoi onena amateur mailan: Karta astrala (Maite Bidarte eta Koldo Garcíak zuzendua).
- Antzar Morea saria, genero ikuspegia ongien landu duen filmari: Beti bezperako koplak (Ageda Kopla taldeak zuzendua).
- Saritutako beste filmak: Xinta Dantza; Hasiera; 280º eta Korronteari aurre. Euskal balezaleak Islandian.