argia.eus
INPRIMATU
Antton Olariaga Aranburu, Altza Porruz:
“Marrazkilariok ere baratzikolak gara”
Garazi Zabaleta 2016ko urriaren 26a
Dani Blanco

Zer-nolako esperientzia izan da Altza Porrukoa? Bizi Baratzea liburua askotan kontsultatu behar izan duzu marrazten hasi aurretik?

Esperientzia ederra! Nik baratzean, egia esan, esperientzia zero. Edo are gehiago, zero negatibo! Baina asko ikasi dut. Baratzeak erakutsi dit lurra landu behar dela lanean hasi baino lehen, eta guk ere gauza bera egin beharra dugu: ingurua pixka bat prestatu marrazten hasi baino lehen. Eta gero, pazientzia! Itxoiten jakin behar… Guk marrazki edo komiki bat egiten dugunean, tiraderan sartzen dugu. Handik bi egunetara tiradera ireki eta orduan ikusten dugu emaitza nolakoa den, ze akats dituen. Beraz, zentzu horretan gu ere baratzikolak gara.


Terabakterioa, eremu hidroponikoa, galipot biodegradagarria, Trans-Risotto... Baratzezaleentzat baino, ez da ba goi-mailako zientzialarientzako komikia izanen zurea?

Adi! Etiketak irakurri egin behar dira. Nahitaezkoa da irakurtzen jakitea. Hor, zerrenda horretan falta da, arriskutsuena eta Jakobian eraikinean gaueko auskalo zein ordutan erabiltzen dena: Salda bordelesa. Jakobak asko erabiltzen duen hitza da, eta bere puntuan manejatzen duela uste dut. Agian, hortik datorkio bere etorria…


Satorrei hitza eman diezu istorioan. Baratzeko animalia guztien artean, zergatik satorrei?

Jakoba astero sator lanetan nola ibiltzen den jakinda, ezinbestekoa zen bere satorkeriei sator batek ematea erantzuna.


Bere aurkako mendekua irudikatu duzu kontakizunean. Hain gaizki moldatzen al zara Jakobarekin?

Ez, ez. Badago esaldi oso famatu bat: “Hurbil higandik, lagunak. Hurbilago oraindik, etsaiak”. Ba horixe…


Izan duzu baratzerik noizbait? Ba al zegoen satorrik han?

Sekula ez dut baratzerik izan, baina nire buruan zulo ugari bai… hor bilatu behar satorrak!


Euskal komikigintzako aitzindarietakoa, argitalpen askotan hartu duzu parte. Baratzeari buruzko lehena izan al da zuretzat?

Noizbait testu liburuetarako edo kantuentzat ilustrazioak egin izan ditut baratzearekin lotuta, baina komiki forman lehena Altza Porrukoa. Eta benetan plazera izan da! Marrazkilarioi oinak jarri (bertsolaritzan bezala) eta guk erantzun grafiko bat ematearen ariketa, adibidez, oso polita iruditu zait.


Altza Porruren aurkezpenean erremolatxa aurpegia jarri dizute. Zergatik ote?

Hori sekretupean gorde dute, ez didate esan zergatik. Baina noski, Bizi Baratzea liburura jota, erremolatxaren saileko Nor norekin? atalean esaten du: “Lagun onak ditu aza jendea eta familiakoak”. Azaburu deitzeko modu oso fin bat da, beraz! Baina beno, ni harro erremolatxa izateaz…