“Hip-hop-a itxaropenari eusteko bidea da Gerrak eta miseria gogorrak bizi izan ditugunontzat”

  • Rebeca Lane Guatemalako poeta, anarkista eta rapera da. Bere burua artibistatzat –artea eta aktibismoa batzen dituena– eta Erdialdeko amerikartzat du. Bere idatzi eta kantuetan zein egunerokoan diktadura salatu eta emakumeen alde irmo egiten du. Donostia 2016k gonbidatuta Euskal Herrira etorri da eta han eta hemen tailerrak zein kontzertuak egiten dihardu. Hip-hopa egiten badu ere, AEBetako patroitik asko aldentzen da eta Erdialdeko Amerikako afroan sakontzen du: reggaean, cumbian, karibearrean...

Dani Blanco

Noiz eta nola hasi zinen aktibismoan?

80ko hamarkadan jaio nintzen, Gerra Zibilaren erdian. Nire izebatako bat, ezkerreko mugimendu politiko bateko kide zena, 1981ean bahitu eta desagertarazi zuten. Hirian hazi nintzen, gerra urrun bizi nuen ingurune seguruan, baina izebaren galera eta hutsune horren mina bizi nuen. Horregatik, 15 urterekin, zauriak sendatzeko eta memoria historikoaren alde lana egiteko beste pertsona batzuekin batu eta diktaduran gertatutakoa ezagutzera ematen hasi ginen. Anarkismoaren ildotik jo genuen. Eta jada 2008an, 28 urterekin, rap abesten hasi nintzen.

Zaila –edo are zailagoa–  al da Guatemalan emakume izatea?

Askoz zailagoa da. Kolonia izan zenetik Guatemala gerratan murgilduta egon da etengabe. Eta indarkeria gehien sufritu dugunak emakumeak gara. Hain zuzen ere, bortxaketa gerratan erabilitako ohiko erreminta izan da. Guatemalak munduko feminizidio tasa altuenetakoa du. Urtero 700 bat emakume erailtzen dituzte eta kopurua handituz doa. Guatemalan bizi dugun beste gaitz larri bat nerabeen artean ematen diren haurdunaldi ugariak dira; are gehiago, haurrak erditzera behartzen dituzte. Horietako asko familien hurbileko gizonek bortxatu dituzte eta beste batzuk senitartekoek. Guatemalan emakumeak ez gara libre ordu jakin batzuetan eta leku batzuetan bakarrik ibiltzeko. Gainera, ezin dugu edozein arropa jantzi, kalean gizon askok eskuztatu gaitzaketelako. Kontatzen ari naizen hau guztia Guatemala osoan ematen da, orokortua da, baita hirietan ere.

Eta nolakoa da zure egunerokoa, feminista aktibista izanda?

Ingurune seguruan bizi naiz eta horregatik zorte handia dut. Gainera, biztanleriaren %2k bakarrik sarbidea duen unibertsitate publikoan ikasteko aukera izan dut. Pertsona pribilegiatua naiz Guatemalan. Eta, jakina, kalean zein rap giroan kide eta lagunez inguratzen naiz.

Zer da gaur egun tabua Guatemalako gizartean?

Gizarte erlijiozale eta kontserbadorea da, eta Estatua Elizara estuki lotua dago. Pentsa, nerabeen artean ematen den haurdunaldi kopurua itzela bada ere, ez dute eskolatan sexualitateari buruzko hezkuntza ematea baimendu nahi. Eta, era berean, bortxaketa ugari eman arren, inork ez du abortatzeko eskubiderik. Orain gutxi Kongresuan lehen diputatu lesbiana feminista dugu, emakumeen aldeko ekintzak bultzatzen hasi dena, baina haren alderdi bereko kideek esaten dute ez dituela emakumeak ordezkatzen, lesbiana delako. Bizi dugun beste tabu handi bat kargu politikoen sexu aniztasuna da. Gizonak, esaterako, ez dira hori aitortzen ausartzen eta kontrako matxo jarrera erasokorra antzezten dute.  

Orain urte gutxi arte uste genuen Europa eskubide eta lorpenen lurra zela, baina ez da horrela. Zer ikasi dezakegu Latinoamerikako borroketatik?

Latinoamerikan beti egon da baliabide-eskasia, poliziaren errepresioa, ustelkeria, eskubideen ukazioa...  Eta Europan ere betidanik egon da, baina batez ere migratzaileek eta koloreko pertsonek sufritu dute. Orain, berriz, erdi mailako klaseetara ere heldu da, eta hauek oihartzun gehiago eragin dezaketenez, askoz ikusgarriagoa da. Luzaroan Europako zuriek ezikusia egin diete koloreko pertsonen borrokei. Eta, orain, horietako borroka asko partekatzen dituztenean, hobe dute elkartasuna indartzea. Latinoamerikan ere oso zaila da nekazal giroko indigenak diren eta bestelakoen artean harremanak sustatzea. Neoliberalismoaren aberastasun-gosea ase ezina da; hortaz hobe dugu beste guztiok lehenbailehen bat egitea.

Nolakoa da Somos Guerreras ekimena?

Artea emakumeen ahalduntzetik ulertzeko proiektua da, orain dela 3 urte sortu nuena. Agertokira igotzeko zein egunerokoan aukera gehiago izatea ahalbideratu nahi du. Inposatu zaizkigun lekuetatik irten eta kolektibo gisa espresatzen lagunduko diguten alternatibak sortzea da gakoa. Erdialdeko Amerikako eta Mexikoko hip-hop emakumeen ekimenak dira ardatz: hezkuntza prozesuak, gune propioak eztabaidarako, sendatzeko eta ekitaldien ekoizpenerako guneak. Hip-hop kulturaren baitan gizon eta emakumeen artean desabantaila itzelak daude, baita hemen ere. Horregatik trebatu eta emakumeen ikuskizunak antolatzen ditugu. Ez gara gizonek gu noiz deitu zain egongo. Aurten 4 raperak 8 hirietan barrena bira egin dugu, Panaman hasita Ciudad Juarezeraino, bidean tailerrak, kontzertuak... egin ditugu eta dokumental bat grabatu dugu, une honetan finantzazio faltan geldi duguna.  

Zer dela-eta aukeratu zenuen hip-hopa?

Aspalditik nirekin bat datorren kultura da. Erdialdeko Amerikan benetako gertaeretatik eta gazteengandik oso hurbil egon dena. Gerrak, miseria eta indarkeria egoera hain gogorrak bizi izan ditugunontzat hip-hopa itxaropenari eusteko bidea da. Ikasketak izan ez arren, dantza egin, margotu, abestu... dezakegu eta gutaz hitz egiterakoan hedabideek ezkutatzen dutena azalerazi. Ni rap-era poesiaren bitartez heldu nintzen. Rapa egunerokotasunaren poesia da, kalekoa, gazteriarena. Guatemalan liburu bat argitaratzea elitista da; ez da batere erraza eta gainera analfabetismo handia dago. Ez dago irakurzaletasunarekin lotutako kulturarik. Horregatik, musikak ahozko komunikazioaren bitartez transmititzeko aukera ematen digu.

Zein da feminismoaren erronka nagusia?

Munduan onartua eta balioztatua izan den feminismoak Mendebaldeko ikuspegia du. Eta hori oso ikuspegi teorikoa da. Herri indigenek eta Latinoamerikak feminismoari bestelako ekarpenak egiten dizkiete; horren baitan daude, herrien kosmobisioa, kolektiboagoak diren ikuspegiak, hain indibidualistak ez direnak. Mendebaldeko ikuspegitik lasai asko esan daiteke “emakume independentea izan behar naiz, unibertsitatera joango naiz”. Guk, ordea, kolektibotasunari erreparatu eta emakume batzuek unibertsitatera joateko eskubidea ez badute, borrokan jarraitzea erabakitzen dugu. Alemanian, esaterako, ezustea hartu nuen: han feminismoa eskubide kontutzat dute. Han ez dute ulertzen guk bezala; emakumeen arteko, naturarekiko eta espiritualtasunarekin lotutako harreman gisa. Feminismoa liburuetatik atera behar dugu eta gorputzean jarri, egunerokotasunera eraman, gorputzera, arimara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Aliziaren zikloa euskaraz

Snarkaren ehizan
Lewis Carroll
Irudiak: Henry Holiday
Itzulpena eta edizioa:  Manu LÓpez Gaseni
Pamiela, 2024

-------------------------------------------------------

Udaberrian argitaratu zen esku artean dugun obra hau. Alizia herrialde miresgarrian,... [+]


Zergatik daude Renfeko trenak inoiz baino grafiti gehiagorekin margotuta?

Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.


Xamarrek ‘Orhipean, Gure Herria ezagutzen’ liburuaren edizio berria aurkeztu du

Gaur Donostian Orhipean, Gure Herria ezagutzen liburuaren edizio berria aurkeztu dute. Bertan Izan da egilea Xamar eta berarekin batera Antton Luku, Isabel Isazelaia eta Lander Majuelo.


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-18 | Uriola.eus
Bazter Fest ospatuko dute Bilbon azaroaren 9an, protagonistak emakumeak diren hip-hop jaialdia

Azaroaren 9an, emakumeak protagonista diren hip-hop jaialdia ospatuko dute, 17:30etatik aurrera. Jaialdiak urtez urte hip-hop eta rap estiloetan ibilbide ezaguna duten emakume artistak bildu izan ditu.


MICEk ordezkatuko du Euskal Herria hizkuntza gutxituen ‘Eurovision’ moduko jaialdiaren finalean

Friulieraz egiten duen irrati lokal bat da Suns Europe jaialdiaren antolatzailea eta berak egiten du zuzeneko jarraipena. Miren Narbaiza MICE ariko da oholtza gainean, Euskal Herria ordezkatzen.


Guggenheim Urdaibairi loturiko bide baten obrak geldituta daude, helegite baten ondorioz

Eusko Jaurlaritzak epe mugarik gabe gelditu du Muruetan egitekoa zen oinezkoentzako egurrezko pasabide baten exekuzioa, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak helegitea jarri ondoren. Museoaren sarbideetako bat izan liteke bide hori eta biosferaren erreserba barruan legoke. 


Adur Larrea eta Gorka Bereziartua
“Haurrek errazago barneratzen dituzte magia eta ezustekoa”

"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude