Legeak betetzeko eginak dira, herritarrek betetzeko, baina batik bat legea egin dutenek betetzeko, Estatuak eta bere gobernuek alegia.
Espainiako Estatuak ez du betetzen ordea, hor ditugu Euskal Estatutuaren eta Nafarroako Hitzarmenaren kasuak; eta kartzelatik irten direnentzako langabezia saria arautzen duen legea ere ez du betetzen; preso arrunten kasuan bai, baina ez politikoenean. Jokabide horrek pixkanaka kalera irteten ari diren euskal preso politikoei eragiten die.
Egungo legediaren arabera, kartzelatik irten direnek eskubidea dute hilean 426 euro jasotzeko urte eta erdiz gehienez ere, Gizarte Segurantzan alta hartzen ez badute. Espainiako Gobernuak, baina, ez die ordaintzen, Konstituzio Auzitegiak hala egiteko agindu badio ere. Estrasburgok Parot doktrinarekin egindakoa ikusita, kalera irtendako presoen aldeko epaia ez betetzeko PP eta UPyD berehalakoan ados jarri ziren eta Segurantza Sozialeko Lege Orokorra moldatu zuten. Legearen defendatzaileek horrela ulertzen dituzte zenbait arau, eta ez dute lotsarik euren interes baztertzaileen arabera erabiltzeko, kasu honetan, kalera irtendako euskal presoen kontra.
Bere legeak urratzeaz gain, Espainiako Estatuak mendeku estrategia darabil, euren kondena bete eta eskubide guztien jabe diren gizon eta emakumeen kontra. Mina luzatu eta preso politiko ohiak prekarietatean hondoratu nahi dituzte. Epaileak ez lirateke diskriminazio eta ilegaltasun horren konplize izan behar, eta ofizioz pertsegitu beharko lukete Estatuaren jarrera urratzailea. Langabezia saria, Euskal Herriko zergadunek ere ordaindua, euskal preso politiko ohien eskubidea ere bada.