Gorpuetan, arteriak hutsik egon ohi dira. Horregatik, Antzinako Grezian, Praxagorasen garaiko (K.a. IV. mendeko) medikuek ez zuten uste handik odolak zirkulatzen zuenik, aireak baizik. Horregatik artheria izena eman zieten (“aire-hodia” esan nahi du).
Galenoren (K.o. 129-199) garaitik oker zeudela eta arterietatik odolak zirkulatzen duela jakin arren, odol-hodi horiei ez zitzaien izena aldatu.
Eta jatorrizko esanahiari eusteaz gain “arteria” hitza bestelako bideak ere izendatzeko erabiltzen da gaur egun. XIX. mendearen hasieran ibaien sareak izendatzeko erabiltzen hasi zen eta, aurrerago, trenbideak eta errepideak izendatzeko ere bai.