argia.eus
INPRIMATU
Idoia Torregarai Martija
“Umorea ere iraultza da, egunerokotasunaren golde”
Garazi Zabaleta 2016ko urriaren 19a
Idoia Torregarai Martija,
Idoia Torregarai Martija, "Altza Porru"n Jakoba Errekondoren aurkezpenaren egilea.Dani Blanco

Jakoba Errekondo zure herrikidearen aurkezpena egitea egokitu zaizu Altza Porrun. Ez al da ardura potoloa?

Bai, testu txikia baina ardura handia izan da. Nabaritu dut erantzukizunaren zama nire gainean, izerdi hotza. Izan ere, pertsona garrantzitsu baten aurkezpena da, motza eta umoretsua izan beharra zuen... Ardura izan da, bai, baina era berean ohorea eta erronka polit bat ere bai.

Jakoba “euskaldunon mesias” izendatu duzu. Zertan oinarritu zara baieztapen hori egiteko, baina?

(Barreak) Jakoba betidanik ezagutzen dut. Lehendabiziko aldiz elkarlanean 1990eko hamarkadan aritu ginen, Noaua! aldizkaria martxan jartzeko prozesuan. Orduan konturatu nintzen hitz egiteko moduan, proiektua ikusteko moduan, bazuela zerbait berezia. Besteok ikusten genuena baino urrutiago ikusten zuen, bestelako dohaina balu bezala. Orain ere, iraultza ikusi du baratzean, eta hor ere pauso bat aurrerago doala uste dut. Gainera, mesiasak jarraitzaileak ere baditu: ahalmena du jendea erakartzeko, berak dioena aintzat hartu eta bide hori berarekin batera egiten du jendeak. Horregatik erabili nuen aurkezpenean metafora hori.

Ba al du tokirik umoreak baratzean?

Jakobaren ustez baratzea iraultza da, iraultzarik handiena momentu honetan. Niretzat, umorea ere iraultza da, egunerokotasunaren eta gauza guztien golde. Ez dago umorez landu ezin den gairik. Alderantziz: umorea gai “serio” horietara ekarri beharra dagoela uste dut, eta Altza Porru horretan aitzindaria da.

Zertatik du gehiago liburuak, zure ustez, informaziotik ala umoretik?

Baratzeak eguzkitik eta euritik daukan bezalaxe, liburu honek bietatik duela uste dut. Umorearen bidez informazioa ematea lortzen du, eta jendeak informazioa modu atseginean jasotzen duenean askoz ere errazago gelditzen zaio buruan. Alde horretatik, produktu oso gozoa egin dute Errekondok eta proiektuan parte hartu duten artista guztiek.

Liburuaren egile bakoitza barazki banarekin irudikatu ditu Asiskoren karikaturak. Ze barazki zinateke zu?

Ez dut zalantzarik! Azenarioa (kar, kar). Gure etxean azenario hitza erabili izan da beti erotik, zentzugabekeriatik daukan pertsona izendatzeko. “A ze azanaiyua!”. Maitekiro esaten dugu, eta azenarioa oso erabilia den moduan estimatua ere bada. Gainera, nire burua azenarioaren kolore bizi horrekin, energiaz betea, islatuta ikusten dut: beti mila saltsetan sartuta… Bai, azenarioa naizela esango nuke.