Euskaraz egiten dudanean aske naiz. Beste hizkuntzaren batean mintzo naizenean, behartuta mintzo naiz: egoerak horretara behartuta eta nire plastikozko erdarek behartutako molde zurrunetan: beste pertsona bat naiz, tonu bakarreko eta ñabardurarik gabekoa. Erdaraz ez naiz ni. Horregatik, nire buruari libertatea ematen diot euskaraz egiteko, lehen hitzetik oso aurrera, besteek erdarara pasako naizela espero duten egoeretan ere. Neure buruari zor diot, gizarte zapaltzaile-anitz honetan (generoagatik, arrazagatik, sexuagatik, hizkuntzagatik, klase sozialagatik…), askatasuna.
Azalpenik gabe
Bizitza osoa azalpenak ematen aritu gara eta enpo egin dut. “ARGIA euskara hutsean, zergatik?”; “Zer mundu zoragarri deskubrituko du euskara ikasten duenak?”; “Zergatik mintzatu behar dute egungo gazteek euskaraz?”; “Zergatik ikasi behar dute etorkinek euskaraz?”; “Zergatik jakin behar dute forentseek euskaraz?”. Aske denak ez du azalpenik behar. Autokritikoa da, norberarekiko eta norberak nahi duenean. Menpekoa dena da besteek etengabe zalantzan jarria. Euskaraz egiten diet erdaldun deklaratuei, euren gaitasuna “euskara ulertzen duzu?” (berriz ere galdera) batekin zalantzan jarri gabe. Neska kozkorretik aurrera inork ez zuen nire gaztelera zalantzan jarri, eta horrexegatik ikasi nuen. Hain xinple bezain irmo sozializatzen gara erdaretan. Egun galdera bakarrarekin erantzuten diet euskara kuestionatzen didatenean “eta zergatik egin behar dut erdaraz?”. Oraindik ez dut konbentzitu nauen azalpenik jaso.
Nor bere zilborrean
Askatasuna horixe ere bada. Ez, noski, munduaren zilborra zarela sentitzea, baina bai, noski, norberaren zilborrean norbera egotea. Ardatz kontua. Erdaretara pasatzen garenetan, zenbatetan egiten dugu norberaren zilborrean beste bat jarri dugulako? Ikasteko zaharregia den gaixo hori, egunerokoan nahiko lan badituen iritsi berria, harreman oso ona dugun lagun sinpatikoa… eta atoan, gure zilborretik jaisten gara eta leku egiten diogu, kortesiaz, bakeagatik, eskuzabaltasuna bailitzan, hura eroso sentituko den hizkuntzari. Norbera deserosotasunera ohitu den jarrera zozoaz, “lasai, nireak ez du inporta” esanik etengabe besteak zerbitzatzen ari denaren moduan.
Orain euskaraz egiteko libertatea hartzen dudan guztietan, Rosa Louis Parks-ekin gogoratzen naiz. Pozik, aske, harrotasunez, autobus edo gizarte honetan nire eserlekua badagokidala sentitzen dut. Eta dagokidan eserleku hori hartzen dut. Banaiz duin, altxatzeko iradokitzen ari zaidan beste hori adina, eta beraz, nire lekuan jarraitzen dut, lasai, pozik, irria ahoan. Eta neure golkorako barre egiten dut konturatuta zenbat alditan altxa naizen eserlekutik inork eskatu baino lehen, egoera tentsoei aurre hartu nahirik zibikoki. Zenbat alditan desplazatu dudan nire burua dagokidan lekutik, baita nire zilborretik ere. Zenbatetan eta txintik atera gabe egiten dugun euskaldunok gure buruaz beste.
Euskaldun askeak erdigunean
Nire buruari libertate hori ere eman diot, euskaraz aske sentitzen direnak izatea nire xede, helburu, jomuga. Haietaz eta haientzat hitz egitea. Barkatu, ez dut euskal herritar denak konbentzitu eta denei irtenbidea emango dien diskurtso, erantzun edo planik. Erakunde eta jende inportantea arduratzen da horretaz, eta mila esker, oso beharrezkoa da lan hori. Baina faltan nabari dut euskaraz aske sentitzen direnak plan, diskurtso eta kanpainen zentroan jartzea, ia beti. Eta mesedez, ez daramaguna baino karga eta lan gehiago jartzeko (“zuk lehen hitza euskaraz”, “zuk salatu”, “zuk eman eredu”, “zuk”...). Erosoago sentitu eta askeago izan gaitezen baizik. Euskaldun askeen logika, diskurtso autozentratua jartzea erdigunean, ia beti.
Honezkero elebakarrik ez duen hizkuntza anormal horietakoak gara. Bizi zirenean ez genituen zentroan jarri, ez genuen batere baliatu euren ekarpena. Poztu eta harrotu egiten gara elebakarrak ez izateaz (beti ere euskara bada hizkuntza bakar hori), baina ai, ahazten zaigu esplikatzea elebakartasuna bukatu dela, erdaraz hala direnei. Edo atzerritik etorri eta erdarara soilik bideratzen ditugunei.
Elebakarrak akabatuta, euskaraz aske direnak, kontzienteak, ideologizatuak, politizatuak, dira orain zentro. Erakundeentzat ez dakit, niretzat argi.
Artikulua osorik irakurgai (“motxilarik gabe” eta “askapen prozesuak kolektiboan egiten dira” zatiak barne) www.argia.eus-eko Gaitzerdi blogean.