argia.eus
INPRIMATU
Txabola batetik amets egin
Juan Mari Arregi 2016ko urriaren 13a

Olabeaga bilbotar auzoan, etxeetako aurrealde batean norbaitek hizki larriz idatzi du: Soñar (amets egin). Lehendik ere irakurrita nuen. Baina joan den astean deskubritu nuen hortik gertu txoko bat dagoela hiru txabolarekin, eta horietan “bizi” direla Boli Kosta, Ghana, Kamerun eta Senegalgo sei afrikar gazte. Haietako batek hara eraman ninduen, bere “etxea” erakusteko, harro. Ustekabean ezagutu nuen edukiontzi baten barruan prentsa papera biltzen ari zela, nik nire poltsa bota behar nuenean.

Ogia, askatasuna eta paradisuaren bila, Mediterraneoko kostara pateran iritsi diren milaka etorkinetako batzuk dira. Paperik gabe bizi dira, poliziak noiz etorriko adi, ez baitaukate legezko lanik. Europar paradisuan hobe egongo zirela egin zuten amets eta bizitza arriskuan jarri zuten. Bilbora iritsi ziren, eta ozta-ozta bizi dira papera eta bestelako materialak biltzen, egunerokoan iraun eta urrun utzitako familiari diru pixka bat bidali ahal izateko. Etorkizun hobea amesten dute, duintasunez bizitzea –eta ez txaboletan– ahalbidetuko dien lan bat aurkituko duten esperantzan. Gurekin batera bizitzearekin egiten dute amets. Amestea libre da, eta txabola baten barruan amets egiteak egonaldi miserablea leundu dezake.

Sistema kapitalista honek desberdintasuna, miseria, migrazioak eta gerra sortzen ditu, eta gazte hauen errealitatea horren isla da. Euren ametsak eta beste milaka migratzaileenak (ekonomikoak nahiz politikoak) egia bihur daitezen, beste sistema bat eraiki behar dugu, giza duintasuna, berdintasuna, justizia... ardatz izango dituena. Baina bitartean, elkartasuna beharrezkoa da, gertuko erakundeena (udal, foru eta autonomikoak) eta norbanakoona.