argia.eus
INPRIMATU
Marko Polo kontrako noranzkoan
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2016ko urriaren 13a
Zaldi gainean Abaqa Khan, eta parean zutik, haren seme eta oinordeko Arghun Khan. Bigarrenak  bidali zuen Europara Rabban Bar Sauma monjea zeregin diplomatikoak bete zitzan.
Zaldi gainean Abaqa Khan, eta parean zutik, haren seme eta oinordeko Arghun Khan. Bigarrenak bidali zuen Europara Rabban Bar Sauma monjea zeregin diplomatikoak bete zitzan.

Pekin, XIII. mendea. Marko Poloren hitzetan, “munduko hiririk handiena, ederrena eta aberatsena” zen, baina garai hartan Khanbaliq (Khanaren hiria) zuen izena, Kublai Khan buru zuen mongoliar inperioaren hiriburua baitzen. Hantxe jaio zen 1220. urte inguruan Bar Sauma, gerora, monje nestoriotarra izaki, Rabban (maisu) titulua jaso zuena.

Rabban Markos dizipulua lagun, Lur Santura bidaiatzea erabaki zuen. Pekinetik Jerusalemerako 7.000 kilometrotik gorako bidean, Gobiko basamortua inguratu, Himalayako goi-ordokiak zeharkatu eta hainbat gatazka saihestu behar izan zituen. Behintzat,  Zetaren Bideko karabanen laguntza eta Kublai Khanen beraren babes ekonomiko izan ziten abenturan.

Ez dakigu noiz abiatu zen Pekinetik, baina 1266an iritsi zen Pertsiako Ilkhanerrira, zehazki Bagdadera. Handik urte gutxira Marko Polo merkatari veneziarra ere handik pasako zen, baina kontrako noranzkoan; bi bidaiariek ez zuten sekula topo egingo.

Bagdaden bost urte eman eta gero, bertako Ekialdeko Elizako Patriarka izendatu zuten Bar Sauma. Izendapena Ilkhanerriko buru Abaqa Khanek berretsi behar zuen, baina gortera iritsi zenean, Abaqa hil berriaren seme eta oinordeko Arghun Khanekin bildu zen, eta hark oso bestelako asmoak zituen maisuarentzat. Arghun Khanek Europa kristauaren eta Ilkhanerriaren arteko aliantza egin nahi zuen mamelukoen aurka, eta Rabban Bar Sauma pertsona egokia zen horretarako: kristaua (nestoriotarra) zen, pertsieraz hitz egiten zuen eta Ilkhanaren aholkularien konfiantza zeukan.

Zeregin diplomatiko berria medio, 1287an abiatu zen Europara. Itsaso Beltza zeharkatuta, Konstantinoplan, Androniko II.a Bizantzioko enperadorearekin bildu zen. Parisen, Frantziako Errege Filipe IV.arekin izan zuen elkarrizketa; Bordelen, Eduardo I.a Ingalaterrakoarekin eta Erroman Nikolas IV.a aita santuarekin. Dignatarioari ohore  guztiekin egin zioten harrera gorte guztietan, baina ez zuen itunik lortu. Mamelukoak baino arazo hurbilagoak zituzten eta fraidea esku hutsi itzuli zen Bagdadera.

Azken urteak Maragheko monasterioan eman zituen, bidaia txundigarrietan bizitakoa idatziz jasotzen, 1294an hil zen arte. Baina Marko Polorekin gertatu ez bezala, Rabban Bar Saumaren abenturak mende luzez ahaztuta egon ziren, XIX. mendean haren izkribuak aurkitu zituzten arte.