argia.eus
INPRIMATU
Itzal oldeak
Itxaro Borda 2016ko urriaren 13a

Udaran, Erein argitaletxeak plazaratu Juan Gorostidiren Zazpigarren heriotza oroitzapen liburuaren irakurtzeko beta eduki dut, Baionako bestetan ausatu, Aquarius telesaila ikusi eta Orabidea uhergarritik oinez ibili bitartean. Behialako gure sasietako armada itzal olde goseti bilakatu da eta dagoeneko ez dakigu piztiarekin zer egin. Gertatutakoa ukatzen jarraitzen baldin badugu, akabo guretzat.

Besterik ez dio, lerro artean, Juan Gorostidi errenteriarrak. Bere gaztaro iraultzaileko memoriak eskaintzen dizkigu, trantsizio garai polemiko hartakoak, interesgarriak eta ahoan bilorik gabe. Halaber, bihurgunea seinalatzen digu: ETAn sartzeko aukera ukan eta ez zuen egin, ordez, sumendiaren bihotzetik urruntzen zela, gaurko egunean arte martzial irakasle aurkitzen duguneraino.  

Gure herrian nitasunetik isuri memoriak ez dira biziki estimatzen. Jakina. Agian, oraindik historia horretan, misterio asko geratzen da argitzeko, idazlearen erreferentzia aberatsen aintziran itorik datorkigulako menturaz, baina Juan Gorostidiren agerpenak zintzoak, ukigarriak eta premiazkoak direla deritzot, berak dioen eran, borroka armatuaren dolua hastear gauden kordoka honetan. Isilik egoteak ez du beti balio.