argia.eus
INPRIMATU
Carme Junyent, hizkuntzalari eta Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea
“Indiferentziak hiltzen ditu hizkuntzak, ez hizkuntzaren kontrako etsaigoak”
  • Iragan irailaren 21ean hitzaldia egin zuen Bartzelonako Unibertsitateko irakasle Carme Junyentek Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitateko Letren fakultatean, Oihaneder Euskararen Etxeak antolaturiko Hitz adina mintzo zikloaren aurkezpenean. Hizkuntzen heriotzaren gainean solastu aitzinetik, Junyentek aipatu zikloaren kalitatea azpimarratu zuen, adituen maila bikaina goretsi eta entzuleak saio guzietan parte hartzera gonbidatu.

Miel Anjel Elustondo 2016ko urriaren 12a
Argazkia: Zaldi Ero.

Unibertsitatean egin hitzaldian hizkuntzen heriotza zuen gaia Carme Junyentek, baina lehenbiziko sorpresa etorri zen katalanez solastu baitzen hasi eta buru. Hortik heldu diogu elkarrizketari.

Katalanez egin zenuen hitzaldia.
Proposatu zidaten, eta ez nuen eragozpenik izan. Hitzaldiaren testuingurua aintzat hartu behar duzu, hizkuntzen aniztasunaz kezkaturik dagoen jendearen aitzinean ari nintzen, eta katalanez ari, erakutsi nahi nuen hizkuntzak bizirauten laguntzeko modua dela interkonprentsioa lantzea. Zinez, ez da laguntza ttipia ere. Ez dugu esperatzen pertsona guziok hizkuntza erromaniko guziak ikastea ere –erromanikoak, gure kasu honetan–, baina egia ere da hizkuntza erromanikoetako bat solasten dugunok, gainerako erromanikoak aski ongi konprenitzeko gisan garela. Aski dugu egokitzeko ahalegin ttipi bat, ez sobera handia, egitea.

Ahalegin ttipi bat da.
Bai. Anitzetan jokatzen dugu gisa horretan hizkuntzalariok. Errateko maneran, jardunaldi bat egin zaharra ere ez dugu lau hizkuntzalari japoniarrekin. Gure buruei galdegin genien nola egin genezakeen ingelesa baliatu gabe, hori aise baita beti, lehenbiziko asmatzen den soluzioa duzu. Hizkuntzalarien artean bazen bat katalanez solasten zekiena eta, bistan da, katalanez solastu zen. Bigarrenak, Belgikan ari baita lanean, frantsesez daki, eta frantsesez komunikatu zen. Hirugarrenak okzitanieraz zekien, eta halaxe zen solastu. Laugarrenak, ez baitzekien hizkuntza erromanikorik, esperantoz jardun zuen! Liburua argitaratzean, lau hizkuntzetan ageri dira artikuluak, eta bertzalde, katalanezkoa japonierara itzulirik ere eman dugu. Eta denak kontent. Ingelesez egin izan bagenu, egia erraten dizut, ez zukeen interesik, ez zatekeen jardunaldietara nehor etorriko. Egitateon bidez erakusten dugu zinez posible dela hizkuntzen bizirautea eta hizkuntzen aniztasuna.

“Anitzetan erraten didate, Francok katalana mehatxupean jarri zuela, eta egia da, baina Francoren sasoian katalanak ez zuen hiltzeko perilik, hiztun elebakarrak bazirelako”

Jarrera positiboa da ezinbertzeko.
Zerutik jakina duzu. Bertzalde, jarrera positiboa baldin baduzu bozkarioan bizi duzu bizia, ziurrenik. Badakit, haatik, gehiengoen hizkuntzetako hiztunek nekez barneratzen dutela erraten ari naizena. Ez dute esperientzia bizi izan, ez dute sentitu, ez dakite zertaz ari garen ere. Euskal Herrira anitzetan etortzen bainaiz, gehien inpresionatzen nauen gauzetako bat da zenbatetan eta zenbatetan egin behar diozuen uko zeuen hizkuntzari, zuekin bizi den jendeak ez dakielako euskaraz. Horiek ez dute pentsatu ere egiten, ez dute planteatzen, baina euskaldunarentzat gogorra izan behar du behin eta berriz eta anitzetan hizkuntzaz aldatu behar izatea.

Gutixko gara marea handi horri uharka egiteko.
Gutxi izateak are ardura handiagoa duzuela erran nahi du. Zenbait hizkuntzak ez du ahaleginik behar bizirauteko. Aldiz, hiztun gutxi, edo gutixko, dituzten hizkuntzen hiztunak euren hizkuntzan solasten ez badira, ezinezko da hizkuntza horrek luzaz irautea. Erran nahi baita, hizkuntza gutxitu bateko hiztunak hizkuntzarekiko konpromisoa duela, bere ardura du, eta inoren aitzinean bere hizkuntza gutxituan solasteak ez du ikustekorik bertzearekiko errespetuarekin ez oldarkortasunarekin: bata bertzearen ondoan baldintza berdinetan bizitzea bertzerik ez da hori. Behin, horixe erran nuen Iruñean, eta hizkuntz eskolako irakasle bat solasean etorri eta erran zidan: “Bai, anitzetan kanbiatu behar dugu gure hizkuntzatik bertzera, baina, ordainetan, badakigu zein tabernatara joan, zein okindegitara, euskaraz solasteko”. Niri izugarria iruditu zitzaidan, horrek bi komunitate sortzera eramanen baikaitu ezinbertzez. Oroz gain, gauza bat erakutsi beharko genuke, elebakarrek duten ezintasuna, elebidunek egiten dutena egiteko, alegia, hizkuntza bat baino gehiago ikasteko. Elebidunek egiten ahal dute, elebakarrek ez? Hizkuntza bat baino gehiago jakiteak poz handiak ematen ditu. Elebakarrak, bertzalde, bertze hizkuntzarik ez dakitelarik, euren auzoak baino gutxiago direla, gaitasun ttipiagoa dutela erakusten ari dira.

Zer egin elebakarrekin?
Gehiengo hizkuntzak solasten dituzten hiztunei dei egitearen aldekoa naiz ni, oroz gain haien elkartasuna eta solidaritatea behar ditugulako. Kontuan hartu behar da gizateriaren %96k munduko hizkuntzen %4 solasten dituela, eta alderantziz, gizateriaren %4k munduko hizkuntzen %96 ematen dituela. Oreka ekolinguistikoa berreskuratzekotan, nahitaezkoa dugu gehiengo hizkuntzetan mintzo direnen solidaritatea.

Hizkuntzen heriotzaren gainean solastu zinen Gasteizen eginiko hitzaldian, eta ez direla beraien ezaugarriengatik hiltzen erran zenuen.
Hizkuntzak ez dira hiltzen modernoak ez direlako, azpigaratuak direlako... Barbaridade handiak erraten dira. Euskaraz denaz bezainbatean ere bortzetan baino gehiagotan aditu dugu ez zegoela modernitaterako prestatua, eta aldiz, esperientziak erakutsi du gezurra dela hori ere. Hizkuntza guziek gaitasun eta ahal berak dituzte. Eta hiltzen dira hiztunek egiten duten presioagatik, hizkuntza jakin batzuk hil daitezen. Horrela hil dira hizkuntzak, badakigu, eta hori dakigularik, beharko genuke gai izan egoera iraultzeko, eta oroz gain, artean garaiz gabiltzan bitartean erabilera eta transmisioa ziurtatu, klabe baitira, giltza.

“Hizkuntz dinamizatzaileak jabetzen ari direnez, gakoa ez da erabileraren formaltzea, bat-bateko erabilerari eragitea bertzerik”

Elebitasunaren onurak bertzerik ez dira aipatzen, baina elebitasunaz bi hitz baino gehiago egin zenuen zuk hitzaldian.
Bereizi behar da: bata duzu elebitasun indibiduala, eta hor ez duzu deusen kalterik. Inork bi hizkuntza edo gehiago jakitea eta solastea arras ongi da. Bertzerik da, ordea, komunitate baten barnean kanpotik ekarri duzun bertze hizkuntza bat sartzea, eta bigarren hizkuntza honek lehenbiziko haren lekua hartzea, ordezkatzea, lehenbiziko haren heriotza ekartzeraino. Prozesu horrek hiltzen ditu hizkuntzak. Elebitasuna ez da kausa, baina ordezkatze prozesua gerta dadin ezinbertzeko baldintza duzu. Anitzetan erraten didate, Francok katalana mehatxupean jarri zuela, eta egia da, baina Francoren sasoian katalanak ez zuen hiltzeko perilik, hiztun elebakarrak bazirelako. Orduan, ezinezkoa zen hizkuntza desagerraraztea. Gure amatxik, erratekoz, ez zekien katalanez bertzerik: alferretan zen hari gaztelania inposatzea. Gaur egun, dena den, zentzugabea da gizarte elebakarraren aldarri egitea, Internet eta gainerakoak hor direlarik. Gure lehenbiziko proposamena da –eta bertze gizarte batzuetan begira ibili eta gero egiten dugu–, gizartea eleaniztuna dela onestea. Katalunian, hasteko, %10ek baino gehiagok ez du katalana ez gaztelania lehen hizkuntzatzat. Hortaz, balia dezagun egoera, hizkuntzen arteko erlazioak birpentsatzeko, elebitasunetik harantzago joanez.

Erabilera, transmisioa, hizkuntz ordezkapena… hondarreko, biziberritzera jo behar.
Orain hori da kezka, kasik kolapso egoerara ailegatu garelakoz. Erratekoz, apirilean hizkuntzen biziberritzearen gaineko lehenbiziko biltzarra eginen dugu Bartzelonan, Viceko eta Indianako unibertsitateekin batera. Zinez harrituak gara, proposamen anitz jaso baitugu, eta, oroz gain, adituen eskutik baitatoz. Erraten genuen ez genuela, bertzerik gabe, akademikoen kongresua egin nahi, hizkuntz aktibistak ere nahi genituela. Eta harrigarria da ikustea jendeak saiatzen dituen bideak: musikaren bitartez ari dira, edo joko eta jolasen bitartez; hau da, eskolarekin ikustekorik ez duten sozializazio jardueren bidez. Hizkuntz dinamizatzaileak jabetzen ari direnez, gakoa ez da erabileraren formaltzea, bat-bateko erabilerari eragitea bertzerik. Ikusiko dugu biltzarrak zer dakarren, baina uste dut ideia hori ongi errotzen ari dela guzion gogoan: erabilera eta transmisioa dira oinarri. Gainerako elementuak hautazkoak izan litezke, baina bi horiek, erabilera eta transmisioa, ezinbertzekoak dituzu. Eta, bertzalde, erabilera hori espontaneoa izan dadin saiatu behar da.

“Katalunian pertzepzioa da, leku anitzetan ez dela gaztelaniara jotzen:
nik erran nezake baietz, leku guzietan pasatzen ari dela ikasleak gaztelaniaz solastea”

Nola dira gauzak Katalunian? Irudi luke hizkuntza bizi-bizirik dela eta, zuk, aldiz, gauzak ez direla batere horrela erran zenuen.
Horixe da diskurtso ofiziala, gauzak ongi doazela, baina ez da horrela, ikusi bertzerik ez dago bateko eta bertzeko eskolara joan eta. Ez da denbora anitz, orain artekoak ez bezalako lana argitaratu dugu: eskualde oso bat hartu genuen aztergai, eta hango eskola guzietara joan ginen. Eskualde dena delako horretan bada denetarik, badira industri zonaldeak, nekazaritzakoak... Horietako herri batera joan –non ustez denak katalan hiztunak baitira, eskolako hizkuntza ere katalana–, jo patiora eta neska-mutilak gaztelaniaz ari jolasean. Ez dakizu zendako den hori horrela, baina hori duzu errealitatea. Katalanaren gainean solasean, jendeak metropolia du beti gogoan. “Gironan ez da horrelakorik gertatzen, gelatik kanpora ere katalanez solasten dira ikasleak!” erranen dizute, “Vic-en ere ez, Vicen ere katalanez ari dira!”. Baina batean eta bertzean izana naiz, bertatik bertara ikusi dut, institutuetara joan naiz, eta badakit zer aditu dudan: ikasleak gaztelaniaz. Eta, hala ere, hori da pertzepzioa, leku anitzetan ez dela gaztelaniara jotzen: nik erran nezake baietz, leku guzietan pasatzen ari dela ikasleak gaztelaniaz solastea.

Diskurtso ofiziala bide batetik, errealitatea bertzetik.
Dena ongi doala sinetsi beharko bagenu bezala. Trantsizioaren hasieran, %50ek zuten katalana lehen hizkuntza. Gaur egun, %36koa da zifra hori. Hamalau puntu egin dugu gibelerat 40 urtean, eta anitz da. Generalitatearen errolda datuek erraten dute, eta Bartzelonako Udalaren datuek ere ber gauza erraten dute, eta metropoliarenak... Etengabea da gibeleratzea. Zulu hizkuntzaren gainean solasean ariko bagina, pasatzen ari dena desagertze prozesua dela erranen genuke. Katalanaren gainean nola ari garen, ez. Datuak hor dira, gordin. Ez dira nik asmatuak.

Gizartea aktibatu behar dela erraten ari dira gurean.
Indiferenteak aktibatzea da beharrezko. Erratekoz, beti izanen da %15 bat hizkuntzaren militantez osatua, bertze %15 bat kontrarioz, eta %70, zatirik handiena, indiferentez osatua. Bada, %70 hori landu behar da. Militanteak hor dira beti, kontrarioekin ez da egitekorik, indiferenteak dira giltza. Hain xuxen, indiferentziak hiltzen ditu hizkuntzak, ez hizkuntzaren kontrako etsaigoak.