argia.eus
INPRIMATU
Alez lekale, txitxiriodia
Jakoba Errekondo 2016ko urriaren 12a
Txitxirioa (Cicer arietinum). Argazkiko hauek Gerrikako (Bizkaia) Arantza Bilbaok etxean egindakoak dira.
Txitxirioa (Cicer arietinum). Argazkiko hauek Gerrikako (Bizkaia) Arantza Bilbaok etxean egindakoak dira.

Neguaren amaiera urrunean izerdi berria bor-bor hasi zen hartatik joan berria den ilbehera arte, ugaldu nahi genituen landareen aldaxkak itsasteko, lekaleen hormonak erabili ditugu barra-barra. Lekale jende hori oso egokia da langintza horretarako: dilista (Lens culinaris), txitxirioa (Cicer arietinum), babarruna (Phaseolus vulgaris)...

Sendi zabala da, ordea, alea leka barruan ematen dutenen hori: baba (Vicia faba), ilarra (Pisum sativum), hirusta zuria (Trifolium repens), hirusta gorria (Trifolium pratense), pagotxa (Trifolium incarnatum), alpapa (Medicago sativa), erua (Vicia ervilia), ailorbea (Trigonella foenum-graecum), itsabalki arrunta (Melilotus officinalis) eta itsabalki zuria (Melilotus alba), usobelar horia (Lotus corniculatus) eta usobelar gorria (Tetragonolobus purpureus), aixkola (Lathyrus sativus), astailarra (Lathyrus aphaca), astorkia (Onobrychis viciifolia), itxiokorria (Ononis spinosa), zalkea (Vicia sativa), suila (Hedysarum coronarium)...

Mordoxka bat faltako da zerrenda horretan. Izan ere, gure ahosabaiak ahaztu dituen zenbat lekale landu izan ditu gure kulturak? Geu garen azienda nagusiak jaten zituenak batzuk, baina baita gero geuk jango genituen azienda xeheak zein larriak jatekoak ere. Ahaztu horien artean, jende jakin bakan batzuen ahotik soilik entzun izan dudan txirta daukat nik goraintzian. Ez dakit zein landare den txirta. Lekaledunen artekoa dela bai. Batek lore horiak dituela ere esan zidan, txorten luze baten punttan multzoka bildutakoak, agidanean. Hortik aurrera zipitzik ere ez.

Geuk jaten ditugun lekaleetara itzuliz, milaka urtean gure etxeetako emakumeek hautespen kultural zehatza egin dute. Horren ondorioz, ale gero eta handiagoak goxoagoak samurragoak finagoak eskaintzen dituzten lekak emateko aldaerak edo barietateak bereizi eta gorde izan dituzte. Bidean geratutakoak ere izango dira. Berriak ere badatoz, ordea. Lehengo batean erakustera joan eta lezioa hartu nuen Bizkaian; Arantza Bilbaok eman zidan bere lanaren erakusgarria: etxean egiten hasi den txitxirioa. Etxea Munitibarko Gerrikako Gerrikagoiti da, XVI. mendearen hasierakoa. Ehunka eta ehunka urteko katea. Amonaren amona eta haren amona, eta amona, eta amona... Malkoei eutsi ezinik idazten dut hau...