Egunero milaka turista eramaten dituzten itsasontziak ingurumenean eta hirian eragiten ari diren kalteez kezkatuta, #NoGrandiNavi lelopean festa eta aldarrikapena uztartu dituzte Venezian, gurutzaontzien porturatzea debekatzeko eskatuz. Itsasoz, 30.000 turista iristen dira egunero goi-denboraldian Veneziara.
“Ez dugu gauez hutsik egongo den turisten hiririk nahi; arnasa hartzea posible den hiria nahi dugu”, azaldu du ekintza antolatu duen Generation 90 mugimenduak. “Hiri errealean biziko garen azken belaunaldia izango gara agian, etxebizitza eta lana bilatzeak edo eguneroko bizitza kalean egiteak normala izateari utziko baitio”, gaineratu dute. Mugimenduko kideen esanetan, San Marko plazara joan, selfie bat atera eta barkura bueltatzea da turistek egiten dutena. “Disneylandiara baletoz bezala jokatzen dute, baina batzuontzat bizitokia da Venezia”.
Abuztuan Turistak kanpora! Hiria suntsitzen ari zarete lelodun kartelak zintzilikatu zituzten Venezian. Nazio Batuen Erakundeak urte hasieran ohartarazi zuen 2017rako Veneziak gurutzaontzien porturatzea debekatzen ez bazuen, desagertzeko bidean dauden hirien zerrendan izango dela, masifikazioa, kutsadura edota paduren higatzea tarteko.
Xuban Zubiriak ARGIAn idatzitako Turismoak itoko du Venezia erreportajean (2517. zenbakian) emandako datuen arabera, azken urteetan 100.000 biztanle galdu ditu hiriak, turismo ereduak hirian aukerak gutxitu eta bizimodua izugarri garestitu baitu. Egungo 2.400 hotel egituretatik epe ertainean 50.000ra igarotzea aurreikusten da eta veneziarrak kexu dira, erdigunea hotelek eta turistei begirako jardunek jan dutelako, eta periferiara bizitzera joan behar izan dutelako bertako herritarrek.
Euskal Herriko zenbait tokitan dugun turismo eredua ere auzitan jarri du hainbatek. Donostiako Alde Zaharreko bizilagunak, adibidez, azken boladako turista saldoarekin kezkatuta daude, bertako bizimoduan, zaratan, salneurrietan... eragin duelako eta auzoko nortasunari kalte egin diolako (denda eta saltokietan, batez ere). Eneko Goia Donostiako alkateak berak esana da: “Iritsi da momentua turismo eredua benetan aztertzeko, gogoeta bat egiteko eta mugak ere ezartzeko”.