argia.eus
INPRIMATU
Post rock doinu sendoa
Joxi Ubeda Goikoetxea 2016ko urriaren 05a

Baionako Torii taldeak kaleratu du I.O. (Iparrorratza) zigiluaren lehen diskoa. Jurgi Ekizaren ekimenez sortu da zigilua, Ipar Euskal Herriko taldeen lanak argitaratzeko.

Rock eta post rock aireak suma daitezke Torii taldearen kantuetan. Gitarren riffak eta haien arteko jolasak edo elkarrizketak, erritmo aldaketak, melodiak eta kantuek transmititzen duten energia azpimarragarriak dira.

Musikari bakoitza trebetasunez aritzen da bere tresnarekin, abeslaria ere bai, batzuetan sumindurik eta beste batzuetan leun, eta ederki zehaztu dute bakoitzak zein toki betetzen duen kantuan. Karlos Osinagarekin grabatu dituzte kantuak Tolosako Bonberenea estudioetan, Karlos Osinagak berak egin ditu nahasketak, eta masterizazioa Jonan Ordorikak egin du Azkarateko Mamia estudioan. Ekoizpen lan ona egin dute. Doinu indartsua gauzatu dute, sendoa, garbia, naturala.

Kantuen bidez, beren gogoeten, kezken eta sentimenduen gainean gordin mintzo dira: “Egun ikusi dut, hil zen gizon bat, bere inguruan mundua irriz eta dantzan, egun ikusi dut hilzorian zen mundua, bere gainean gizonak irriz eta dantzan” (Makur eta itsu), “Eroriko nintzela pentsatzen nuenean, etsipenaren menpe bakarrik nintzenean, hatsa hartu ezinik, agertu zinenean” (Itzalak argitu), “Jan, edan, lasai, dena kontrolpean dago, ez, ez zaitugu utziko batzen ta oldartzen” (Kontrolpean), “Zure oreka atxeman, denbora hartu, eta itzuli, egin duzunaren gainean, eginen duzunaren aintzinean, eta sartu biziaren dantzan” (Oreka), “Itxurakeriaren erregea, garbitasuna bere jauregia, bazterketa bere boterea, bere epaia ezeztaezina” (Itxurak), “Eguzkia dut orain ikusten, bidean gelditu naiz hitz egiten ortzimugari, oihuka biziaren mugeri” (Ortzadarra).

Zimur sendoak osatu baino lehenago Torii taldeak beste bi disko kaleratu ditu: Bi (2014), hiru kanturekin, eta Lehenbiziko Atea (2012), sei kanturekin.