Nork bere hildakoak lurperatzea izaten da iraganarekin bakeak egiteko irudietako, moduetako bat. Beste bat, baina luzera ez hain eraginkorra, iragana ahaztea izaten da. Baina batzuetan ahanzturaren apologistei ahazten zaie nork bere hildako ehortzi gabeak ahaztu behar dituela (edo ahazten ikasi, edo ahazten saiatu). Beste edonoren ahanztura ez da iraganarekin baketzearen seinalea. Iruñean, esaterako, Eroritakoen Oroigarria bando bakar bateko eroritakoez husteko ekimena –legearen aginduz aspaldian egin beharrekoa baina legearen gibelamenduz orain arte ezikusia egina– abian jarri denean, hildakoak, alde batekoak zein bestekoak bakean uzteko aldarriak hasi dira. Bakean uzte horrek hildako batzuk leize, zulo eta bide bazterretan, identifikatu gabe, eta beste batzuk ohorezko hobietan mantenarazten baditu ere.
Espainiako Gerra Zibileko lurperatze guztien artean Federico García Lorcarenak beti harritu nau. Familiaren aurka jardun behar izan dute gorpua lokalizatu nahi izan dutenek. Oinazeak milaka erantzun ditu, baina halere honakoa ulergaitza egiten zait oraindik ere. Egunotan hirugarren aldiz ekin diote poetaren hezurrak bilatzeari, lekukotasun eta ikerketa berrien abaroan. Berriro ere familiaren adierazpenak bilatu dituzte hedabideek eta berriro ere esan dute nahiago dutela Lorcak berarekin batera hildakoen ondoan jarrai dezala, hil-lagunekin patua konpartituta. Maiz galdetu diot neure buruari zeren beldur diren. Oinordetzan jasotako beldur zahar bat ote den, edo erosotasun hutsa. Osaba zaharraren literatur lanari itzal mediatikorik egin nahi ez izatea, hilobi bisitagarria duen artistak bere lanarekin atsegin hartzeko nekeaz libratuko bagintu bezala. Inoiz pentsatu dut bere senidearen alderdi bat gorderik nahiago dutela.
Test labur bat oroimen historikoaz. “Iraganari bueltaka ibiltzeko gurpil zoroan ez da erori behar”. Nork esan du? EH Bilduren hautagai batek, duela 20 urtekoaz galdetu diotenean, ala PPko hautagai batek, duela 80 urtekoaz galdetu diotenean?
Joan den irailean Nafarroako Gobernuak Paco Etxeberria auzitegi medikua omendu du oroimen historikoaren alde egindako lanagatik. Gerra zibileko gorpuak aurkitzeko egindako lanaz gain, tortura berriagoei arreta eman eta dokumentatu izanak osoago egiten dute bere figura eta horrelako omenaldien merezidunago. Oroitu eta ohoratu behar ditugu oroitzera laguntzen dizkigutenak.
La sima irakurtzen ari naiz, Jose Mari Esparza egileak bere egunean Paco Etxeberriarekin batera aurkeztu zuen saioa, egunotan gaurkotasuna berreskuratu duena, Etxeberria doktoreak liburuko leizetik, hain zuzen, atera dituelako, asko kostata atera ere, Gerra Zibila hasi berritan, nahasmeneko une horietan, bertara jausitako Sagardia familiaren kideak (ama haurduna eta sei seme-alabak), nire hasierako usteaz beste, ez arrazoi politikoengatik hilda, baina ez horregatik inolako arrazoirik gabe. Elkarrizketa berri batean, Esparzak datu eskuratu berri bat ekarri du, Juana Josefa Goñi Sagardia emakume ederra izateaz gain, beraren familiak sorgin fama bazuen herrian. Nahi gabe ere, berehala gogora ekarri dit Pío Barojaren La sima ipuinaren giroa. Sorgin famako andre batena izandako aker batek ihes egiten die aitona eta biloba diren bi artzainei. Animaliaren atzetik, leize batetik behera erori delakoan, zuloan erortzen da mutikoa ere eta, superstizioak jota, herriko inork ez du haren bila jaitsi nahi.