Txikitik eragiten jarraitzeko pilak kargatuta itzuli da lantaldea erredakziora larunbatean Ondarroan ospatutako ARGIA Egunetik. Makrojaialdien eredutik urrun, gertutasunean oinarritutako festaz gozatzeko aukera izan dugu beste urte batez ere, aurten Lea-Artibaiko eragileen laguntzari esker.
Goizeko 09:45ak izango dira eta oroimenaren txangoa 10:00etan hastekoa da. Zer egingo dugu, pixkanaka gerturatu ala aurretik espabilatzeko kafe bat hartu? Lehen zita hori luze joan daiteke... Hori izan da Ondarroara iritsi eta lagunaren eta bion lehen galdera. Kafea hartzea erabaki dugu badaezpada. Oker genbiltzan, ordea, txangoa luze joango zenaren zalantzarekin. Ordubetez 36ko Gerrara eta ondorengo urte zailetara eraman gintuzten Patxiren, Doitaren eta Inmaren historiak aditzen gustura jarraituko genuen beste hainbeste denboran. Hunkitu gintuzten Ondarroako portuan edo Saturrarango kartzela izan zen lekuan emandako azalpenekin eta erakutsi zizkiguten garai hartako argazkiekin.
Eta iragana ahanzturan erori ez dadin gogora ekarri ondoren, orainaldira saltoa. Irekiera ekitaldi txiki batekin jarri ziren martxan egun osoan zehar ikusgai egon zen Trantsizioak erakusketa eta hainbat herri eragile bildu zituen azoka, eta haurrek hartu zuten protagonismoa jolas hezitzaileekin. Batzuek lehen erosketak egiten hasiak ziren ongietorri ekitaldia bukatzerako, txikienak gustura zebiltzan eskuak buztinetan sartuta Nendo Dango tailerrean, eta ez ziren falta txosna ireki orduko txakolinari lehen kolpea eginez pintxoari heldu ziotenak.
Horiek izango ziren Argiazaleon Topaketan esertzen azkenak, baina urteroko zita honek ere itxura polita hartu zuen familia txikia osatzen joan ahala. Helburu nagusia garbia da: komunitatea elkartzea eta proiektuaz hitz egitea. Baina zita bakoitzak du bere berezitasuna. Usurbilen aldizkariaren eta proiektuaren formatuan jarri zen fokua, han jasotako iritzien laguntzarekin Oñatin eraberritutako 0. alea aurkeztu ahal izan zen... eta aurten zer? Lagun taldea borobilean bilduta, ARGIAko kideek buruan darabilten harpidetza edo laguntza eredu berria proposatu zuten.
Urte luzetan egon da harpidedunarentzat tarifa bat finkatuta eta horri lotuta truke jakin bat. Galdera aldatu nahi da, ordea: zer eman nahi edo ahal duzu proiektua babesteko? Eta galdera horren ondoren dator horren truke zer jaso nahi duzun. Jende guztiari eman nahi zaio aukera bere modura ARGIA lagundu eta irakurtzeko, eta bere esku utzi nahi da zenbatekoaren erabakia. Ondarroan bildu zen komunitateak arretaz entzun zuen proposamena, eta haren gainean hausnarketa egiteko baliatu zuen tartea; beren zalantzak bota eta ekarpenak egiteko.
Aurretik, baina, topaketak girotzeko-edo, ARGIArekin genuen lotura azaltzeko errondatxo azkarra egin genuen; eta aditu nituen tartean Lea Artibaiko hiru emakume harpidedun. Bazkal aurretik beraiekin hitz egiteko tartea hartu nuen.
“Niretzat ARGIA aldizkari bat baino gehiago da –esan zidan harpidedun ondarroar batek–, herrigintzako proiektu bat da, gizarte informatua izateko beharrezko tresna. Gaurkotasuneko gaiak ikuspegi kritiko batetik lantzen ditu eta konfidantza ematen dit. Euskal Herriarentzat eta euskaldunontzat garrantzitsua den proiektua dela iruditzen zait eta aurrera jarraitzea gustatuko litzaidake, gaur egun informazio kritiko eta zabal hori euskaraz ematen duen bakarra delako”.
Argia Egunaz eta komunitateaz ere baikor hitz egin zidan: “Gustura jaso nuen orain bi urte ARGIAk Usurbilen kalera ateratzeko hartu zuen erabakia. Hor ikusten da proiektu honen eta harpidedunen artean zein lotura dagoen eta ederra da harpidedun edo irakurleok sentitzea benetan gurekin kontatzen dela”.
Beste harpidedun batek belaunaldi arteko katea nola mantendu den azaldu zigun: “Urte asko dira etxean harpidedun garela, eta astero ARGIA noiz ailegatuko zain egoten gara. Ondo landutako artikuluak izaten dira, sakontasunez. Eta Elorrion bizi arren Argia Eguna Ondarroan izanda gustura etorri naiz. Orain alaba ere harpidedun egin da gainera, eta nik uste guk baino gusturago irakurtzen duela oraindik”.
ARGIArekin lehenengo harremana nola egin zuen kontatu zigunik ere izan zen: “Ikasle sasoitik ezagutzen dut ARGIA. Alfabetatze ikastaroak egiten genituen, eta orduan euskaraz egiten zirenak ziren Anaitasuna eta Zeruko Argia. Niretzat aurkikuntza bat izan ziren, ikustea bazegoela euskaraz zer irakurri... Eta lanean hasi bezain laster egin nintzen bien harpidedun. Gerora Anaitasuna bukatu zen, eta ARGIAn jarraitu dut”.
Etxebarriako harpidedunak garden hitz egiten du urte guztiotako ibilbidea aipatzerakoan: “Orain zortzi-hamar bat urte zalantza batzuk izan nituen harpidetzarekin jarraitzeko, ez ninduen guztiz betetzen, baina pixka bat itxarotea erabaki nuen. Eta orain ez daukat zalantzarik. Gustura nago ARGIAn egiten den lanarekin, eta beste inon lortu ezin dudan informazioa eskaintzen dit”.
Horrelakoak aditu ondoren bazkaltzera joan daiteke! pentsatu nuen. Eta hor hurrengo detailea, eta ez makala. Mahaien parean pankartan Euskal Herriaren zazpi lurraldeak irudikatuta eta barruan zenbait herri eta produktu, otorduan jango genituen elikagaien jatorriaren adierazle. Eta guztia chapeau, noski.
Bertsolariek, antzerkiak eta dantza tailerrak bete zuten bazkal ondoreneko giroa, eta lasai-lasai kafea hartzen ari nintzela han non ikusten dudan bera; NAN arrotzen jaurtiketako txapeldun handia, irribarre txikia ahoan, “bai, ni naiz eta nire lidergoa mantentzera nator” esanez bezala. Marka: 29,2 metro. Nire belarri ondotik ziztu bizian pasa zen txartela sumatu nuenean ohartu nintzen lehiaketa hastear zela, Euskal Herriko hirugarrena. Jendea entrenatzen serio-serio ondokoari teknika lapurtzeko irrikan, beste batzuk lasai antzera etxeko-lanak ondo eginda eraman balituzte bezala.
Total, hasi da txapelketa eta han gabiltza gizajo guztiak, 5 metroren bueltan, elkarri barre eginez, eta han dator liderra, bere teknika bereziarekin... isilunea, eta txalo zaparrada. Ez du marka gainditu baina hor inguruan ibili da oraingoan ere. Oier iritsi den arte. Lekeitiarra. Txoro plantak egin ondoren bota ez zuen ba 40 metrotik aurrera? Marka berria ezarrita joan zen etxera sari eta guzti, harro esanez “Ondarroan ez dago hau gaindituko duenik. Eskerrik asko Ondarroa!”.
Occhi di Farfalla taldearen eta Jon Basaguren bakarlariaren kontzertuekin eman zitzaion bukaera txikitik, elkarlanean, komunitatearekin egindako egunari. Egun osoaren errepasoa egin ondoren ez dut ahaztu nahi aurretik eta bertan lanean ibili zareten eragile eta norbanako guztiekin, eta baita bertaratu zinetenekin ere. Erronka berriak daude aurretik, eta pauso berriak emateko gogotsu ikusi dut Ondarroan ARGIAren komunitatea; eta lehen konbentzituta bageunden esaldi honekin, larunbatekoarekin oraindik eta gehiago: jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txikiak eginez... mundua alda dezake.