argia.eus
INPRIMATU
Konta iezadazu
Estitxu Garai Artetxe @egarai 2016ko irailaren 29a

Zuk, irakurle, nik baino gehiago dakizu. Hau irakurtzen ari baitzara Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen emaitzak eskuartean dituzula, eta ni, berriz, oraindik kanpainako azken egunak falta direnean ari naiz idazten. Beraz, alferrik hasiko natzaizu pronostiko liluragarriekin. Jazotakoa ez jakiteak eman diezadakeen abantaila apurrari etekina ateratzea baino ez zait geratzen: orain artekoaren perspektiba baliatzea. Proposatzen dizudan ariketa erreza da. Zenbait galdera egingo dizkizut; erantzunen arabera, balorazioa zure esku. Ea ba, konta iezadazu:

Nork irabazi ditu hauteskundeak? Lehengo lepotik burua? Eta zer diote alderdi ezberdinen eserleku batuketek? Ba al dago paktu bidez gobernu alternatiba osatzerik? Duela ez asko, bi hilabeteren kontua dela esango nuke, EAJri aurre egin ziezaiokeen balizko gobernu akordioaren hipotesiak bazuen bere indarra. Bada, hauteskunde atarian gauden honetan, inor gutxik ikusten du hori posible izango denik. Horra hor inkestek eraikitako errealitatearen garrantzia. Ikerketa demoskopikoen bidez gero eta gehiago bideratzen dituzte gure usteak, eta, pulamentuzkoak izan ala ez, uste horiek nola baldintza gaitzaketen eta jokabidea nola bidera dezaketen aski aztertu eta frogatuta dago.

Zer diostazu erabakitzeko eskubideari buruz? Gehiengo nabarmena lortu al dute erabakitzeko eskubidearen aldeko alderdiek? Baiezkoan nago. Eta, hala bada, benetan uste al duzu legegintzaldi honetan aurrerapauso nabarmenak emango direla zentzu horretan? Galdera inozoa litzateke inozo izateaz nekatuta ez bageunde. Ezezkoan bazaude, ondorioak zuk zeuk atera ditzakezu.

Eta ezker/eskuin ardatza? Nora jausten da balantza? Zalantza egingo duzu agian alderdi batzuk batean ala bestean kokatu behar dituzun. Akordio bila abiatzeko abiapuntua izan daiteke? Eta erantzuna ezezkoa bada, zergatik ez?

Aurreikusi besteko plastatekoa hartu al dute unionismo tradizionalaren ordezkariek (PSEk eta PPk)? Badirudi gauzak ezer gutxi aldatzen direla, baina pentsatu baino askoz gehiago aldatzen dira. Sinestezina irudituko litzaiguke urte batzuk atzera egingo bagenu. Eta unionismo berriak? Zer moduzko emaitzak lortu ditu Elkarrekin Podemosek? Marka higatuz doakie ala aise lortu dute aurretik lortutako marka?
    
Zenbat emakume parlamentari izango ditugu? Dezente, seguruena. Aldarri feministak hasi dira fruituak ematen, ezta? Nago Eusko Jaurlaritzara begirako kanpaina honetan aurrerapausoa eman dela bai emakume kopuruan, baita roletan ere. Ezin ukatu, ostera, egiteko asko geratzen dela oraindik eta alderdien artean ere ezberdintasun handiak daudela gai honi dagokionez. Zer deritzozu?

Zure erantzunak irudikatzen gustura nabilen arren, orain aldez aurretik argi dudan gauza bakarra kontatu behar dizut: ez dira hauteskunde demokratikoak izan. Hautagai izateko eskubidea ukatu zaio Arnaldo Otegiri, hau da, bigarren (edo hirugarren?) geratu den taldeak, EH Bilduk, aukeratutako pertsonari. Horrek esan nahi du oraindik ere herri honen etorkizuna togadun poliziak baldintzatzen duela herri-borondatearen gainetik. Txarrena da, hamaikatxo ikusiak garenez eta asaldagarritasunaren muga guztiak gaindituta ditugunez, lozorro gaudela horrelako kanpo injerentziei erantzuteko. Baina, noiz arte? Itaun horren erantzuna ez dute hauteskunde batzuen emaitzek ebatziko, euskal herritarron berresnatze kolektiboak baizik. Hortaz, orain arte egin dizudan galderarik garrantzitsuena errepikatuko dizut. Noiz arte?