Ikastetxe batzuk ari dira ohiko irakaskuntza metodoetatik harago, bestelako ereduak dastatzen. “Hartu eta ikasi” leloa atzean utzi eta “eraiki eta ezagutu” binomioa oinarri duen pedagogiari heldu diote. Horien artean da aurtengo Kilometroak antolatzeko ardura duen Bergarako Aranzadi ikastola. Konfiantzaren pedagogia lantzen dute.
Arrasateko Arizmendi ikastolan jaio zen konfiantzaren pedagogia, 2008. urtean. Ordutik, hainbat ikastolen interesa bereganatu du eta bere hedapena ikusirik, ereduaren orientazioan laguntzeko ardura hartu du Ikastolen Elkarteak. Horrek ez du esan nahi ikastola guztiek konfiantzaren pedagogiarekin bat egin behar izango dutenik; ikastetxe bakoitzaren esku dago erabakia.
Bergarako Aranzadik 2011-2012 ikasturtean heldu zion heziketa metodo honi, eta egokitze prozesuan dago ordutik. Ikasleen errealitatearen arabera eraikitako eredua izaki, etengabeko behaketa lanean dihardute irakasleek. “Denborarekin garatuz doan metodoa da, ikasleen ezaugarrietara egokitu behar baita heziketa; esperimentazioa eskatzen du horrek”, dio ikastolako zuzendari Ane Barrusok.
Orain arte Haur Hezkuntzan landu dute. Ikasturte honetan, beste urrats bat eman eta konfiantzaren pedagogia Lehen Hezkuntzako hasierako zikloan aplikatzea erabaki dute. Maila horietako ikasleek Haur Hezkuntzan dagoeneko dastatu zuten eredua; beraz, aurtengoa jarraipena litzateke. Baina metodoa adinera –eta ikasturte bakoitzak dituen exijentzia orokorretara– egokitu beharra dagoenez, pedagogia Lehen Hezkuntzako ikasleen errealitatera egokitzeko lanean ari dira orain Aranzadin. “Esperimentazio aldia izango da aurtengoa”, argitu du Barrusok. Uztak fruitu oparoak ematekotan, metodoa ikastetxe guztira hedatzea litzateke asmoa.
Metodoa barneratzeko, aurrez ikastetxeko langileek formazio saioak egin dituzte. Haur psikiatrian eta psikologian aditu den Rafael Cristobalek gidatu zituen saioak eta, besteak beste, berak idatziriko El niño en la mirada del conocimiento liburua landu zuten. 0 eta 6 urte bitarteko haurrak hobeto ulertzeko gakoak jorratzea izan da xedea. Teoriaren ostean, praktika etorri zen. Prozesu hori bi urtez ikuskatu zuen Cristobalek, irakasleek metodoa menperatzen zutela baieztatu arte. “Ostegunero etortzen zen irakasleen jarduna behatu eta ikusitakoa hobetzera bidean, zuzendaritza taldeari proposamenak egitera”, azaldu du Barrusok.
Ikasleak motibatuago dihardute eta horrek autonomia handiagoz aritzeko nahia dakarkie, irakaslearekiko izan dezaketen menpekotasuna murriztuz
Bestalde, espazio fisikoaren berrantolaketa ere ekarri du konfiantzaren pedagogiak. Alegia, horma gutxiagoren beharra du heziketa eredu berritzaileak; jada ez dira funtsezko hainbat ikasgelatan, isolaturik, banaturiko ikasle taldeak. Adin ezberdineko haurren arteko hartu-emana eskatzen du metodoak eta zortzi adimen lantzera bideraturiko sei heziketa esparru eskaintzen dira horretarako; giza hizkuntza, logika-matematikoa, norberaren buruaren ezagutza eta kudeaketa, espazio-ikustea, natura eta musika adimenak jorratzeko materiala dute eskuragarri txoko horietan. Haurrek askatasuna dute egun bakoitzean nahi duten eremura jotzeko, baita saioaren erdian heziketa esparruz lekualdatzeko ere. Finean, ikasle bakoitzaren nahiak bideratuko du bere ikaskuntza; hori bai, ikasleak adimen ezberdinak dastatzen dituela ziurtatzen du irakasleak. Akuilu gisa, esaterako, dinosauroen panpinen ondoan dinosauroei buruzko liburu bat jarriko du hezitzaileak, umeak gaian interesa badu irakurtzera animatzeko.
Gurasoak zutabe garrantzitsua dira haurren heziketa prozesuan eta horretaz jakitun, parte-hartzaile aktibo dira konfiantzaren pedagogian. Hilean behin eurei bideraturiko mintegia antolatzen du ikastolak, Rafael Cristobalen laguntzaz. Heziketa metodoa bera gertutik ezagutzeko aukera emateaz gain, haurren garapenari loturiko edukiak lantzen dituzte formazio ordu horietan. Baina gurasoen esku-hartzea hortik harago doa: seme-alaben eskola orduetan presente egon daitezke eta lantzean behin, ikasleei mintegi bat eskaintzeko ardura dute.
Oro har, ikasleari segurtasuna transmitituko dion konfiantzazko giroa sortzea du helburu metodoak, ikaslearen heziketarako onuragarria izango delakoan. Aranzadi ikastolako psikologo Miriam Mujikaren esanetan, “giro horretan gustura, pozik eta esploratzeko gogoz daude ikasleak”. Hain zuzen, konfiantzaren pedagogiak sortzen dituen baldintza horiek baliatzen dituzte irakasleek, irakaskuntza giro berri horretara egokituz. Hau da, ikasleak motibatuago dihardute eta horrek autonomia handiagoz aritzeko nahia dakarkie, irakaslearekiko izan dezaketen menpekotasuna murriztuz.
Aurten Bergaran egingo den Kilometroak jaian izango da ereduaren aztarnarik. Besteak beste, Blai-blai prozesua
Oraindik emaitzak baloratzeko goizegi den arren, ikastolako langileak, gurasoak eta ikasleak kontent dira metodoarekin. “Esperientzia aberasgarria ari da izaten. Irakasleak pozik daude, eta bide beretik jarraitzearen aldekoak dira. Gurasoentzat ere onuragarria da, euren haurren heziketan sakonago esku har baitezakete”, azpimarratu du Ane Barrusok. Gainera, orain arte eginiko azterketek adierazi dutenez, oinarrizko edukietatik aparte, gizarteko eskakizunei aurre egiteko baliagarri izan daitezkeen ezagutzak eskuratzen dituzte ikasleek.
Konfiantzaren pedagogia ez da ikastetxeen hormetara mugatzen, horietatik kanpo ere badu islarik. Pixkanaka-pixkanaka gizarteratzen ari da eta Aranzadi ikastola hasia da bide horretan urratsak ematen: aurten Bergaran egingo den Gipuzkoako ikastolen Kilometroak jaian izango da ereduaren aztarnarik. Besteak beste, haurrentzat muntaturiko guneko eskaintza (jolasak, ekintzak, materiala...) zehazteko Blai-blai prozesua jarri zuen martxan ikastolak, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen iradokizunak jasotzeko. Hala, haurren ekarpenen arabera diseinaturiko esparrua izango da.
Adin ezberdineko haurren arteko hartu-emana eskatzen du metodoak eta zortzi adimen lantzera bideraturiko sei heziketa esparru eskaintzen dira horretarako; giza hizkuntza, logika-matematikoa, norberaren buruaren ezagutza eta kudeaketa, espazio-ikustea, natura eta musika adimenak jorratzeko materiala dute eskuragarri txoko horietan.