argia.eus
INPRIMATU
Euskal ekonomia
Andoni Mujika Ulazia @mujikaandoni 2016ko irailaren 29a

Aspalditxoan, hainbat eragile dabil beste ekonomia baten beharraz hitz egiten. Arizmendiarrieta Kristau Fundaziokoak ere buru-belarri sumatzen ditut zeregin horretan. “Kooperazioaren ekonomiaz” dihardute eurak eta, beraiei irakurrita eta entzunda, horretaz idazteko gogoa piztu zait.

Ekonomia proposamen honen ezaugarriak ez dira berriak, lankidetzaren esperientzietan aurkituko ditugu han eta hemen. Beraiek bereizgarri hauen sintesi erabilgarri bat egin dute. Nagusiki, enpresa humanizatzeaz dihardute, pertsona erakundearen erdigunean jarriz. Enpresa komunitatearen eragile bezala ulertzen dute. Era berean, eredu honek autoeraketa sustatzen du, barne demokrazia eta parte-hartzea bilatzen ditu, eta enpresen arteko interkooperazioari garrantzi handia ematen dio.

Euskal Herrian nahikoa arrazoi dago esateko kooperazioan oinarritutako ekonomia guztiz bat datorrela gure izaerarekin

Gai honetara hurbilpen bat egiteko, baieztapen honekin hasiko naiz: herri baten edozein gizarte-arlo nuklearrerako berezko eredua izatea ikaragarri inportantea da. Eta herri hori txikia bada, gehiago. Ekonomia zein enpresa arloan ere horixe gertatzen da. Baina zein izan behar da eredu ekonomiko hori gurean? Euskal Herrian nahikoa arrazoi dago esateko kooperazioan oinarritutako ekonomia guztiz bat datorrela gure izaerarekin. Herri honen nortasunera, esperientzia kolektibora, kulturara, ekintzailetasun antolatura eta baloreetara egokien hurbiltzen den ekonomia-mota horixe delakoan nago. Ez dugu ahaztu behar herri honek daukan esperientzia pilatua, bere burua lankidetzan antolatuz, proiektu oso ezberdinak aurrera ateratzen. 

Orokorki esanda, “kooperazioaren ekonomiak” bi ekarpen nagusi egingo lioke gure komunitateari: bata da herri honen konbikzioekin koherentea dela, eta beraz, egitasmoak aurrera ateratzeko motibazioa eta zentzua elikatu egin ditzakeela; eta bigarrena, oso eraginkorra eta arrakastatsua izan daitekeela termino ekonomiko zein sozialetan.  

Edozein modutan, kooperazioaren ekonomiarekin ez da bilatzen diskurtso borobil bat, itxia eta perfektoa, ez. Planteamendu dinamiko eta aldakorra da. Orientabide bat da, norabide zabal bat, beste antzerako ekimen batzuekin konfluentzian jardun beharko dena.

Esan dezadan amaitzeko, kontzeptu honek beste bertute bat ere baduela: graduatu egin daiteke, eta dauzkagun hainbat errealitatetara moldatu. Horrela, batetik, kapital-enpresak humanizatzeko balio du; bigarrenik, martxan dauden kooperatibak biziberritzeko eta berrasmatzeko erreminta izan liteke; eta hirugarrenik, kooperatiba berriak sortzeko motibaziorako iturri. Ikus daitekeen legez, iniziatiba batzuk besteak baino anbiziotsuagoak dira, baina guztietan kooperazioaren eta humanizazioaren ideia egongo litzateke barrenean.