Europako hamabi herrialdek eta Afrikako bik hartzen dute parte EAThink2015 proiektuan. Izenak dioen bezala, jaten dugunaren gaineko hausnarketa egitea du oinarri, horretarako lehen eta bigarren hezkuntzako eskolentzat tresnak eskainiz. Herrialde bakoitzean GKE edo bestelako elkarteren batek kudeatzen du proiektua. Gurean, Euskal Fondoak darama, eta hiru urte iraungo ditu (2015-2017).
Iaz zenbait ikastetxetan elikadura burujabetzari eta kontsumo arduratsuari lotutako hainbat ikastunitate txertatu zituzten. Irakasleak beraiek izan ziren gaia beren ikasgaietara egokitu eta lanketa egin zutenak. “Garrantzitsua da ikasleek jaten dutena nondik datorren eta beren kontsumo hautuek zein eragin eta ondorio dituzten pentsatzea”, azaldu digu Amaia Elorza proiektuko arduradunak. “Adibidez, txokolateaz aritu izan gara ikasgeletan: nondik dator kakao hori? Nork ekoizten du eta zein baldintzatan?”.
Aurtengo ikasturterako, Bertokoa jan, mundua buruan lelopean tailerrak antolatu dituzte. Egungo elikadura ereduak sortzen dituen interdependentzietan, janaria ekoizteko sistema jasangarrietan eta maila txikiko nekazaritzan jarriko dute arreta, berriz ere.
Kontzientziak pizteaz harago, ikasleak gai honen ekintzaile bihurtzea bilatzen da tailerretan. “Haiek izatea beren ikaskide, auzokide edo herriko lagunei kontsumo arduratsuaren inguruan hitz egingo dietenak eta jarrerak aldatzeko ekimenak proposatuko dizkietenak”, dio Elorzak.
Proiektuan parte hartzen duten herrialdeetako irakasleen topaketak ere antolatu izan dituzte, batzuk eta besteek gaia ikastetxeetan nola lantzen duten elkarbanatzeko eta ideiak hartzeko. Azaroan, esaterako, Burkina Fason elkartuko dira, hango egitasmo nahiz lanketak ikustera.