argia.eus
INPRIMATU
Politika innobatu behingoz!
IƱaki Antiguedad 2016ko irailaren 23a

Filosofo ospetsu batek honela esan ei zuen: “Geroa ez da gaur lehen izan zena”. Esaldi sakona, aldaketak gauzatzeko han-hemengo ezkerrak erakutsi izan duen ezgaitasuna ulertzeko, ezker subirano zalea barne. Gurean, luze, aldaketa politikoa une batean emango zela pentsatu izan da, negoziatu eta segitukoa, di-da. Bai zera, errealitatea gordina da, gauden lekuan gaudela. Hortaz, ezkerrak, era askotako krisiak lagun, erronkak birpentsatu behar ditu bere ispilu aurrean, kanpora begirako erronkei berme eraldatzaileaz eutsi baino lehenago.

“Erreforma ala haustura” esaten genuen. Baina geroa ez da izan orduan uste genuena. Nahi dugun hori ez da etorriko di-da bateko hausturaz, urratsez urrats, erreformak tartean, gauzatuz doan prozesu sozio-politiko eraginkorrez baizik. Aldaketek trantsizioa behar dute eta trantsizioek aldeko baldintzak. Continuum batean ari gara, zerotik inoiz ere abiatzen ez garela. Kostatu da hortaz jabetzea, iraganeko inertziak behingoz utzita. Baina hemen gaude, geroari pultsua hartzen. Honetan datza kultura politiko berria, buru zabaltasunean. Politikak, eraginkorra izateko, osoa behar du izan, sozio-politikoa. Eta pragmatikoa, unez une lekuan dagoenetik pasatzen dena; hori bai, norabide argian.

Baina kontuz! Pragmatismo oso diferente bi dira. Batzuena mugatua eta mugatzailea, hemengo burujabetza hegoan gertatu daitekeenaren zain jartzen duena, kudeaketan inertziazko kudeatzaile… mugiezin, balizko aldebikoaren esperoan, fededun. Hego-orratzak gidatzen du horien politika, hegoko egoera kaskarra neurri hartuta hemengoaz harropuzteko. Politika 0.0, ahorik ahora darabilten innobazio hori politika eremuan gauzatzeko inolako bokaziorik gabe. “Esperientzia, ez esperimentua” lelopean.

Besteon pragmatismoa eraldatzailea da, burujabetzan eta sozio-ekonomian aldi berean ezinbestez, eraldaketak helburu trantsizioak helbide, orain arinago orain geldiago baina beti eraginkor, akordio zabaletan aurrera, ikusmira estrategikoan, helbidea bera ikasteko baliatuz. Behar dugun geroa bihar izan dadin. Iparrorratza eskuan, Euskal Herriak epe motzean iparrean diren herrialdeak hartzeko neurri, eta gerokoak geroko. Politika 4.0, kultura berri batez innobaturik. Gobernantzan ere “esperimentatuz”.

Denon Herria dokumentuak biltzen dituenak gaur eta hemen gauzatzen hasteko moduko neurriak dira, tartean beste lekuetan esperimentatuak hona ekarrita. Politika 4.0 bidetik, burujabetza sozialean trantsizioak eragiteko, politikaren esparruak zabalduta, kanpokoen esperoan geratu gabe. Kultura politikoa innobatuz behingoz!