AEB

Mixeria eta kutsaduratan itota gaudenok zergatik maite dugun Trump?

  • Beti kontserbadore bozkatzen duten estatuetako herritarrak AEBetako beste estatuetakoak baino pobreagoak dira, gutxiago eskolatuak, osasun txarragoa dute, estatu liberalenetakoek baino 5 urte gutxiagoko bizi itxaropena. Estatu gorriak –errepublikarren kolorea– txapeldun dira industriak eragindako kutsaduratan ere. Zergatik bozkatuko dute ingurumena zaintzeko legeak ezabatuko dituen Donald Trumpen alde?

Julie Dermanskyren argazkian, Mike Schaff Louisianako Bayou Corneko biztanlea, bertan hondakin industrial toxikoen eraginez lurrean sortutako leize handiagatik etxea hustera behartua. Arlie Hochschild soziologoak egindako irudiaren arabera, Schaff Euskal
Julie Dermanskyren argazkian, Mike Schaff Louisianako Bayou Corneko biztanlea, bertan hondakin industrial toxikoen eraginez lurrean sortutako leize handiagatik etxea hustera behartua. Arlie Hochschild soziologoak egindako irudiaren arabera, Schaff Euskal Herrian ezkerreko elkarte ekologista batean ariko zen, frantsesa izatekotan Notre Dame des Landes okupatzen egon zitekeen, baina AEBetan Tea Partyren aldekoa da eta Donald Trumpen dauka jarrita itxaropena, ingurumenean eta ekonomian egin diotena baino handiagoa delakoan amerikar herritarraren duintasunean egin dioten zauria.

Arlie Hochschild (1940) soziologo iparramerikarrak ulertu egin nahi zuen: zergatik dabiltza sistema neoliberalak gehien kaltetu dituenak Tea Party mugimenduan eta Donald Trumpen aldeko kanpainan? Aurretik beste soziologo batek, Arthur O’Connorrek, erakutsia zuen 1992tik 2008a arte lehendakaritarako egin bost hauteskundeetan beti errepublikarrek irabazitako 22 estatuak direla ingurumen kutsadura arazo larrienak pairatzen dituztenak.

Erantzunen bila Hochschild andereak bost urteotan, bere 76 urteekin, Kaliforniako Berkeley liberaleko erosotasunetik aldendurik behin eta berriro jo du Louisianako zingiretan krisi ekonomikoak eta multinazionalen kutsadurak izorratutako jendeak elkarrizketatzera. Haien arrazoiak entzunez ikasitakoak bildu ditu “Strangers in Their Own Land: Anger and Mourning on the American Right"  (Beren lurrean atzerritar: haserrea eta dolua AEBetako eskuinean) liburuan. The Guardian egunkariak aurreratu du atal oso bat, honela hasten dena: “AEBetako politikaren ‘Paradoxa handiak’ esplika dezake Trumpen arrakastaren sekretua”.

Behin eta berriro lagun egin arte soziologoak bisitatu dituenetako bat da Lee Sherman, 82 urte, gaztetan futbolari izandako gizona, gaur taka-taka batez lagundurik nekez dabilena. Ez du kexurik, halere: petrokimikako faktoria batean lanean aritu ostean, taldean ziren 15 obreroetatik bera da bizirik dirauen bakarra. Lanik arriskutsuenetan ari izana baita Sherman.

1965ean hartu zuten PPG Pittsburgh Plate Glass konpainian, eta teknikari ona izaki, bere ardura zen kutsagai arriskugarriak zeramatzaten hodietako matxurak konpontzea, egunero borrokatuz dikloroetano, merkurio, berun, kromo, hidrokarburo aromatiko polizikliko eta dioxinekin. Istripuen artean eskapada galantak egina da Sherman.  Konpainiako nagusiek gehiago behar, ordea, eta usinako lanik arriskutsuena izendatu zioten.

PPGren faktoriak sortutako hondakin kimikorik pozoitsuena, dikloroetanoaren fabrikazioak labe handien barrenean utzi pasta likatsua, kamioiz eraman behar zuen Bayou d’Inde zingira ederreraino. Zabor arriskutsuak bero-bero iritsi behar zuen, solidotu aurretik arrastorik utzi gabe errioko ur ilunetan hondoratu zedin.

“Badakit ez nuela ondo egin”, diotso soziologoari. “Toxinek hil egiten dute. Benetan sentitzen dut egin izana”. Urtetan egin zuen garraio hilgarria Shermanek, azkenean ugazabengandik erruki gutxiko ordaina jasotzeko.

Kimikoekin bera ere gaixoturik, zortzi hilabetez etxean egon behar izan zuen medikuen aginduz. Lanera itzultzean, hamabost urtez hutsik egin gabe enkargurik lanjerosenak konplitu ostean, absentismoa aurpegiratuz kaleratu zuten.

Lee Shermanek maite ditu Louisianako Bayou deitu padurak, hango bizimodua eta jendeak, arrantzaren inguruko mundua. Eta ondo demostratua du. 1987an, zientoka fabrikak Louisianako padura paradisiakoetan bota izan eta oraindik botatzen dituzten pozoien erruz, AEBetako agintariek neurri zorrotzak ezarri zizkieten bertako arrantzaleei. Gobernuaren ordezkarien eta arrantzaleen arteko bilkura haietako batean Shermanek hitza hartuta ordu erdiz azaldu zien berak egindako garraio kutsagarria. Hala lortu zen arrantzale bakoitzarentzako 12.000 dolarreko kalte-ordaina.

AEBetako “paradoxa handia”
Louisiana da AEBetako zabortegi toxiko handiena. Auzo osoak suntsitzera iritsi dira kutsagaien ondorioak. Lehen bertako hondar kimikoak bezala, orain Pennsylvania eta urruneko beste estatuetan frackingak sortutako ur kutsatuak aintziraren hondoa zulatuta injektatzen dituzte. Ondorioz gertatu dira leherketak, lurrikarak eta baita etxeak eta are kale osoak ere irentsi dituzten lubakiak ere.

Jende asko mobilizatu da bayouen defentsan, talde eta koaliziotan bildu dira arotz, irakasle eta nekazariak, mugimendu sozialak ugaritu dira nonahi. Baina horietako gehienak errepublikanoen Tea Partyren inguruan mugitzen dira. Arlie Hochschildek urteotan elkarrizketatu dituen jendeen artean ohikoena hori da: beren bizitzako gertakizun nagusia izanik industriak traizionatu eta zanpatu dituela, lanik gabe utzi, komunitate osoak suntsitu... hala ere berek sentitzen dute –eta bozkekin erakusten– traizioa AEBeko gobernu federalak egin diela. Ingurumen legeak ez betetzearen biktimak izanik, botoa emango diote dauden lege pittinak ere kentzea iragarri duen Trumpi.

Horchschilderen intepretazioan, “Paradoxa handia” den horren oinarrian dago Bill Bishopek The Big Sort –”Multzokatze handia”– liburuan azaldutako amerikarren polarizazioa: gaur egun herritarrak ez dira nahasten, leku batetik bestera bizi hobe baten bila mugitzean. Gero eta gehiago berdinak berdinekin elkartzen dira, bizimodu eta ideia antzekoak dituztenen artean, eta talde bakoitza berean erradikalizatuz doa. Telebista kate berdinak, blog eta eliza berdinak, eztabaidagai berdinak...

Talde bakoitzak garatzen du sakoneko kontakizun bat –deep story– jokabide eta politikoak hobeto azaltzen dituena testuinguru ekonomiko eta sozialak berak baino. Sakoneko kontakizuna sentitzen da egia balitz bezala, iritziak eta gertakizunak aldatzen ditu, azaleratzen du jendeak sentitzen duena. Hautu politiko bateko jendeari laguntzen dio beste taldearekiko bereizkuntza mantendu eta haren ikuspegia azaltzen.

Horchschildek metafora batez mamitu du Louisianan neoliberalismoak zanpaturik Trumpi botoa emango dietenen sakoneko kontakizuna. Hona.

Jendea ilaran jarrita dago mendira igotzeko zain, eta zu zure txanda errespetatzen zaude pazientziaz. Orduak aurrera ahala eguzkiak berotzen du, zu ez zaude oso gustura, lerroak ez du aurrera egiten, batzuetan atzeraka zoazela dirudi, gauzak okertu dira urteotan. Amerikarron legea beti da aurrera egitea, eta orain ez dago aurrerapenik. Hala ez zara kexatzen, amerikar arduratsua zara.

Baina... begira! Ilaran kolatzen hasi dira. Zein ote? Beltzak, etorkinak, musulmanak... Horientzako dira zuk aurrera egiteko urteotan behar zenituen eta ukatu dizkizuten laguntzak. Eta nor dago hau guztia baimentzen? Obama presidente beltza!

Horchschild: “Aitortu gabeko klase gerran, american dream-aren zain nekatu eta haserreturik, herritarrongan handitu da lerroan txanda ‘lapurtzen’ dutenak babesten dituen gobernu federalarekiko gorroto bizia. Gorrotatzen dituzte laguntza publikoak behar dituzten jendeak. Ez dute ikusi nahi beraiek ere laguntza publikoa behar dutela beren etxe suntsituak konpontzeko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AEB
Trumpen eta fiskal demokraten arteko borrokak migratzaileen deportazioa oztopa dezake

AEBko John C. Coughenoiur epaileak onartu du Washington, Arizona, Illinois eta Oregon estatuek elkarrekin aurkeztutako helegitea, eta horren arabera atzera bota du Donal Trumpek AEBn jaiotako migratzaile ez legezkoen seme-alabak kanporatzeko dekretua.


2025-01-24 | Sustatu
TeknoTrump albisteak: Oligarkekin bat, Stargate AA ekimena, eta TikTok luzapena

Donald Trumpen agintaldia hasi da politika atzerakoiak ezartzen woke edo DEI izan daitekeen guztiaren kontra, eta baita neurri teknologikoak iragarriz. Lehen unetik, karguaren zina egin zuenetik, teknologiako erraldoien buruak lehen lerroan egotea deigarria izan zen: bereziki... [+]


Groenlandia erosi nahi dute

Groenlandia, X. mendearen amaiera. Lehen esploratzaile eta kolono eskandinaviarrak uhartera iritsi ziren. Baina XV. menderako kokaleku horiek abandonatuta zituzten eta jatorrizko inuitak geratu ziren. Baina 1721an, Hans Egede misiolariak espedizio bat antolatu zuen eta kolonoak... [+]


Adimen Artifiziala bultzatzeko historiako inbertsio handiena iragarri du Trumpek

Stargate izeneko proiektuarentzat 500.000 milioi dolarreko inbertsioa iragarri du AEBetako presidente izendatu berriak. OpenAI, SoftBank eta Oracle konpainiek hartuko dute parte.


2025-01-21 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Joe Biden eta Marcus Garvey: barkamenak barkatzailea itsusten duenean

Bere agintaldiaren azken egunetan Joe Biden AEBetako presidenteak egikaritu duen barkamen-zaparrada historikoak zeresanik eman behar luke, halakoen onuradun ezagunenetako batzuen kasuan behintzat ezinbestez egin beharko litzatekeen irakurketagatik. Edo ez al da justiziaren... [+]


Larrialdi egoera Mexikorekin mugan: migratzaileen aurkako ehiza abiatu du Trumpek

"Ameriketako Estatu Batuen gainbehera aldia amaitu da", esanez abiatu du kargu hartze ekitaldiko diskurtsoa Donald Trumpek. Besteak beste, trans eta pertsona ez-bitarren eskubideak deuseztatuko dituela promestu du, baita energia berriztagarrien aldeko politikekin... [+]


2025-01-20 | ARGIA
Nazioarteko eskuin muturrak inguratuta hartuko du presidente kargua Trumpek

Donald Trumpek asteleheneko 18:00etan (12:00ak Washingtonen) egingo dio zin AEBetako presidente izateari. Europako eta beste hainbat herrialdetako eskuin muturreko estatu buruak gonbidatu ditu inbestidura ekitaldira. Egun bakar bat lehenago emandako mitinean aurreratu duenez,... [+]


Montanako (AEB) Auzitegi Nagusiko epaile anderea... euskaraz

Irulegi irratiak elkarrizketatu du AEBetako Montana estatuko Auzitegi Nagusiko epaile Katherine Bidegaray. Gurasoak behe nafartarrak zituen, aita Mendibekoa eta ama Ahatsakoa.


2025-01-16 | El Salto
Amazonek bat egin du olatu ultrarekin, eta pertsona LGBTQ eta beltzen eskubideak babesteko politikak apaldu ditu

Hainbat enpresak aniztasun eta inklusio politikak aldatu dituzte Donald Trumpen gobernu berriari ongietorria egiteko.


Trump, berriro

Donald Trumpek urtarrilaren 20ean berriro hartuko du AEBetako lehendakari kargua, eta bigarren agintaldia izango du Etxe Zurian. Aurreko agintaldian, 2017-2021ean, lotsa gutxirekin ibili bazen erabakiak hartzeko orduan, agintaldi honetan konplexu urri horiek ezabatuko ditu eta... [+]


2025-01-14 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Groenlandia: betiko inperialismo kolonialista berriro ate-joka datorkigunean

Pitzatu samar dagoen astakirten baten ateraldia bailitzan hartu zen –Europan batik bat, baina baita gainerako bazterretan ere– 2019ko abuztuan Donald Trump, AEBetako presidenteak Groenlandia erosteko azaldu zuen asmoa.


Los Angeles hirigintza estentsiboaren zepoan: ehundaka etxe kiskali dituzte suteek

AEBko eta munduko hiri handienetakoa den Los Angeles sute ikaragarriek harrapatu dute eta jadanik 150.000 lagun lekuz aldatu behar izan dituzte agintariek. Alkateak larrialdi egoera ezarri du, garrek ehundaka etxe kiskali dituzte hainbat auzotan, eta haizete gogorrek ez dute... [+]


Groenlandia, Panamako Kanala, Kanada eta Gaza: Trumpen inposaketen mehatxupean

Groenlandia eta Kanada AEBen barne eta Panamako Kanala bere kontrol zuzenaren pean nahi ditu Trumpek. Gazari begira ere argi utzi du: israeldar bahituak ez badituzte berehala askatzen, "infernua" zabalduko du Ekialde Hurbilean. Azkenik, Mexikoko Golkoari izena aldatu... [+]


2025-01-09 | Sustatu
Metaren irizpide berriak: bazterkeria libre Instagram eta Facebooken

Metak bere moderazio politikak eta irizpideak irauli ditu Donald Trump Etxe Zurira itzultzeko bezperatan. Fact checker edo egiaztatzaile zerbitzuak etengo dituzte, eta komunitatearen oharrak jarri horren ordez (X/Twitterren bezala), eta aldi berean "adierazpen... [+]


Eguneraketa berriak daude