Merkurioaren kutsadura mugatzeko legedia egokitzear da Europar Batasuna

  • 2013. urtean Nazio Batuen Erakundeak Minamatako Hitzarmena adostu zuen, merkurioak eragindako kutsadurari mundu osoan erantzuna emateko asmoz. Orain, Europako Batzordea, hitzarmena oinarri hartuz, legedi propioa berritzeko pausoak ematen ari da. Hainbat taldek lege proposamena nahikoa ez dela uste dute, eta araudia zorroztearen alde agertu dira.

Minamatako Hitzarmenaren azkeneko bilera, Jordanian.
Minamatako Hitzarmenaren azkeneko bilera, Jordanian.

Merkurioak giza osasunean eta ingurumenean dituen eragin negatiboez arduratuta, Nazio Batuen Ingurumen Programak (NBIP) merkurioaren inguruko lehenengo ebaluazio globala egin zuen 2002. urtean. Bertatik ateratako ondorioak 2013an berritu zituen taldeak. 2009an, ordea, NBIPko administrazio kontseiluak juridikoki loteslea izango zen nazioarteko akordio bat osatzea adostu zuen eta horren ondorioz sortu zen 2013. urteko urrian eta NBEren babesean Minamatako Hitzarmena.

Merkurioaren kutsadurari aurre egiteko, nazioarteko hitzarmenak Japoniako Minamata hiriaren izena hartu zuen. XX. mendearen erdialdean, hiri horretako biztanle ugari merkurioz kutsatutako arrain eta mariskoa jateagatik pozoitu ziren. Gertaera horregatik hain zuzen, Minamatako gaixotasuna deitzen zaio merkurio intoxikazio larriak sortzen dituen sindrome neurologikoari.

Hitzarmena aurkeztu eta berehala, hainbat estatuk izenpetu zuten. Gaur egun, 128 sinatzaile ditu merkurioari buruzko nazioarteko akordioak. Onartu zen garaian, 2013. urtean, 2016rako loteslea izatea espero zen. Sinadura horiek, ordea, ez dituzte bertako araudi eta jarraibideak betetzera derrigortzen estatu sinatzaileak. Minamatako Hitzarmena lotesle bilakatzeko, 50 estatuk berretsi behar dute akordioa; hau idazteko unean, 29k besterik ez dute egin. Tartean, Frantziako eta Espainiako Estatuek hitzarmena sinatuta badute ere, oraindik ez dute berresteko pausoa eman.

Minamata Europako legedira

Gaur egun, Europar Batasuneko legeek merkurio purua eta merkurioa duten konposatuak esportatzea debekatzen dute, zenbait produktutan merkurioa erabiltzea galarazten dute eta merkurioak sortutako kutsadurari erantzuna eman nahi diete. Hala ere, alde batzuk daude Minamatako Hitzarmenaren eta EBn indarrean den legediaren artean. Hutsune horiek betetzeko asmoarekin, 2016ko otsailaren 2an Europako Batzordeak bi proposamen luzatu zituen Minamatako akordioa onartzeko aukera moduan: bata, Europar Batasunaren izenean hitzarmena berrestea edo bigarrena, merkurioari aurre egiteko araudi berria proposatzea. Azkeneko horri jarraituz, lege proposamen berria prestatzen ari da Batzordea.

Orain arte, 2008ko Merkurioa Esportatzea Debekatzeko Araudia da gaiaren inguruko xedapen legal nagusia Europar Batasunean. Lege horren bidez debekatu zen EBk zenbait merkurio esportazio egitea 2011. urtetik aurrera. Zehazki, metalaren konposatuak eta harekin egindako nahasketak –pisuaren %95 gutxienez merkurioa den kasuetan– esportatzea dago galarazita ordudanik; aldiz, debekuak ez die eragiten bestelako merkuriodun produktuei.

Europar Batasuneko legedia Minamatara egokitzeko proposamenen artean daude, besteak beste, merkurioaren inportazioa debekatzea artisau erabilerarako eta eskala txikiko urre meatzaritzarako. Horrekin batera, 2018rako, hortzetarako amalgama forma kapsulatuan soilik erabili ahalko da eta 2021. urte amaierarako hortzetako amalgamaren erabilera gradualki deuseztatzea proposatu da. Merkurio kantitate jakin bat duten produktuak esportatu, inportatu eta fabrikatzea ere arautu nahi dute proposamen berriaren bidez, eta aldi berean, merkurioaren erabilera berriak eragotzi nahi dituzte.

Kritikak lege proposamenari

Araudiaren zirriborroen jarraipena egin ondoren, Europako Ingurumen Bulegoak anbizio gutxiko proposamena aurkeztea kritikatu dio Europako Batzordeari. Beste gauza askoren artean, merkurio gehigarria duten produktuen esportazioa debekatzeko baldintzak gogortzea eskatu dute eta merkurioaren erabilera gradualki ezabatzea odontologian eta prozesu industrialetan. Suediak ere proposamena kritikatu du EBko Ingurumen Kontseiluan, anbizio gutxi duela iritzita, batez ere hortzetako amalgamei dagokienez.

Europar Batasuneko legeek merkurioa esportatzea eta zenbait produktutan erabiltzea debekatzen dute

Europako Ezker Unitarioa/Iparraldeko Ezker Berdea talde parlamentarioak ere kritikatu du Europako Batzordeak aurkeztutako lege proposamena. Taldearen ordezkariak, Stefan Eck eurodiputatu alemaniarrak, ikuspegi “minimalista” izatea eta anbizio falta egotzi dizkio Batzordeari, merkurioaren kutsadurari eta elementu horrek osasun publikoan sortzen dituen eragin negatiboei aurre egiteko orduan. “Batzordearen proposamena ‘araudi hobea’-ren biktima izan da”, dio Eckek, burokrazia gutxituz arautze-prozesuak sinplifikatzeko helburua duen Jean-Claude Junckerren estrategia kritikatuz. “Metodo errentagarriena aukeratzea kaltegarria da eta ez dator bat Minamatako Hitzarmenarekin. Argi dago proposamenak ez diola behar bezain besteko arreta jartzen interes publikoari”, adierazi du alemaniar parlamentariak.

Hainbat talde ekologistak abian jarritako Zero Merkurio Kanpainaren koordinatzaile Elena Lymberidi-Settimoren arabera ere, “Batzordeak gutxienekoetan oinarritutako proposamena aurkeztu du; legedia hobetzearen aitzakiapean, proposamenak kontsulta publikoa, industria aurrerakoienen ahotsa eta merkurioaren inpaktua ebaluatzen duten aurkikuntza zientifikoak baztertzen ditu”.

Europako Alderdi Berdea EBtik kanpoko herrialdeetatik merkurioa inportatzea debekatzearen alde dago, lege proposamenak dioen moduan. Bestalde, Europar Parlamentuko Equo alderdiko bozeramaile Florent Marcellesik azaldu duenez, “Batzordearen lege proposamenak, Minamatako Hitzarmenak baino asmo handiagoak baditu ere, merkuriodun produktuak EBtik kanpora esportatzeko eskubidea mantentzea ekarriko luke, europar barne merkatuan produktu horiei mugak ezartzen zaizkien arren”. Marcellesiren hitzetan, “onartezina da politika hori, pertsonen osasunak balio bera baitu Europako herrialdeetan eta Europatik kanpokoetan”.

Ekologistak Martxan taldeko Leticia Baselgaren arabera, Minamatako Hitzarmena bera ere ez da nahikoa merkurioaren arazoari aurre egiteko. Baselgaren esanetan, “hitzarmena motz geratzen da, denbora luzeegia ematen duelako proposatzen dituen neurriei erantzuteko”. Hala ere, beraren ustez, merkurioaren gaian arazoa legez kanpoko merkataritza da. Hori horrela, Indonesia, Mexiko eta Asia ekialdeko hainbat herrialdetan agertzen ari diren merkurio meatze berriak salerosketa gune garrantzitsu bilakatzen ari dira. Jarduera horrek mundu mailako urre-meatzaritza artisauak duen merkurio eskaria elikatzen du, bereziki Asian eta Latinoamerikan.

Merkurioaren erabilera Europan

Giza erabileraren ondorioz munduan sortutako merkurio emisioen %6 eragiten du Europak. Nolanahi ere, Europako Ingurumen Agentziak 2015ean argitaratutako datuen arabera, Europar Batasuneko kideen merkurio isuriak %74 gutxitu dira 1990etik 2013ra. EBko merkurio kutsatzaile nagusiak Polonia (%17,2), Alemania (%17), Italia (%13,4), Erresuma Batua (%10,1) eta Espainiako Estatua (%8,9) dira.

Giza erabileraren ondorioz munduan sortutako merkurio emisioen %6 eragiten du Europak; iturri nagusiak ikatza erabiltzen duten zentral termikoak eta kloroaren industria dira

Europan, merkurio kutsadura iturri nagusiak ikatza erabiltzen duten zentral termikoak eta kloroaren industria dira. Horiekin batera, meatzaritzak eta hondakinen deuseztatzeak ere eragin handia dute.  

Europar Batasunean RASFF (ingeleseko sigletan) izeneko alerta sistema dago janarietarako eta pentsuetarako. Bertako datuen arabera, 2015. urtean metal astunengatik 138 abisu eman ziren, eta elementu horien guztien artean, merkurioaz gain, kadmioa, beruna eta artsenikoa ere baziren, besteak beste. Dena dela, 104 kasu arrainetan eta bestelako arrantza-produktuetan agertutako merkurioarengatik izan ziren. Aipatzekoa da arrainetan legez onartutakoa baino merkurio gehiago izateagatik emandako abisuen %65 estatu bakarrari zegozkiola: Espainiakoari.

 Artisautzazko urre meatzariak, merkurioa erabiltzen.

Hortzetako amalgama; Europako Batzordeak proposatu du 2018rako forma kapsulatuan bakarrik erabili ahal izatea halakoak, eta 2021era bitartean gradualki  erabilera deuseztatzea.

Erraustegietako tximiniak, beste merkurio iturri bat

Hondakinak erretzea da merkurioa ingurunera zabaltzeko errudun nagusietakoa. Erraustegien tximiniek merkurioa jaurtitzen dute airera, baita zementu-fabrikek ere. Ekologistak Martxaneko Leticia Baselgaren esanetan, “erraustegiak arriskutsuak badira ere, zementu-fabriketako tximinietatik zabaltzen dena gutxiago zaintzen da”.

Merkurioa zabaltzearen arrazoia da erraustegietan erretzen diren materialetako metal pisutsuak ez direla suntsitzen errauste prozesuaren bidez. Baselgaren arabera, horixe gertatzen da adibidez erretzen diren pilekin. Greenpeacek 2001. urtean argitaratutako txosten batean argitzen denez, erraustegietako tximinietatik kanporatzen diren metal pisutsuen maila asko gutxitzea lortu da azken urteetan teknologiaren ondorioz, merkurioaren kasuan izan ezik.

Erraustegien adibidea gurera ekarrita, Bizkaiko Zabalgarbi erraustegiak, esaterako, 2012. urte osoan 1.484 gramo merkurio zabaldu zituen airera tximinia nagusitik. Isuri hori Bilboko biztanleen artean banatuz gero, biztanle bakoitzak 4,27 miligramo merkurio irentsiko lituzke urtean. Datu esanguratsua, Osasunaren Mundu Erakundeak 70 kiloko pertsona batentzat urteko 6,06 miligramoko merkurio kopurua baitu zehaztuta onargarri moduan.


ASTEKARIA
2016ko irailaren 25
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutsadura
2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-12 | Nicolas Goñi
Plastiko kutsadurari buruzko gailurraren porrotak arazoa kudeaezin bihurtu dezake

Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu, nagusiki plastiko esportatzaile handiek negoziaketak oztopatu dituztelako. Bitartean,... [+]


Tunagate: merkurio pixka bat nahi entsaladarekin?

Atun latatan aurkitu diren merkurio kopuruekin asaldatuta dabiltza herritarrak. Bloom erakundeak Europan egindako ikerketa baten arabera, Carrefour, Intermarché, Mercadona, Aldi... supermerkatu guztiek merkaturatzen dute atuna kutsaturik. Arrantza industrialak berehala... [+]


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


2024-11-26 | Leire Ibar
Kutsadura akustikoa egotzita isuna jarri diote Barakaldoko Oxinorte enpresari

Barakaldoko Udalak 11.800 euroko isuna ordaintzea eta gauez hiru hilabetez ixtea exijitu dio Bizkaiko enpresari. Abuztuaren amaieratik txistu etengabe, desatsegin eta jasangaitza igortzen du inguru zabalean entzuten dena.


2024-11-18 | Estitxu Eizagirre
EAEn 1.557 zabortegi daude eta erabiltzen ez direnak zigilatu ezean, ura kutsatzen jarraituko dute

Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]


Silikosi epidemia: kasuak biderkatu egin dira sukalderako harri-artifizialaren ondorioz

Silizearen hautsak sorturiko gaitz eta biriketako minbizi kasuek ez dute etenik azken urteetan. Australian, Ingalaterran edo Espainiako Estatuan alarmak piztu dira, eta kristal-silizea duten kuartzozko sukalderako mahaiak egitea debekatzeko urratsak ematen hasi dira.


2024-10-31 | Leire Ibar
Korrikaren karbono isuria nola murriztu daitekeen ikertu dute lehenengo aldiz

Ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira emisioak murrizteko egin du azterketa Lander Crespo klima adituak. Garraioa izan zen Korrikako azken edizioan isurketa gehienen jatorria.


2024-10-29 | Leire Ibar
Hamar urtean zabor elektronikoaren pilaketa mila aldiz biderkatu daiteke

Adimen artifizialak bost milioi tona hondakin elektroniko sortu ditzake 2030a baino lehen, Nature Computational Science aldizkariak argitaratu duen txosten baten arabera. Ikertzaileek ekonomia zirkularreko estrategia bat ezartzearen beharra nabarmendu dute.


Astrabuduak Josu Murueta eta Anton Fernandez gogoratuko ditu, haien hilketaren 55. urteurrenean

Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.


Mikroplastikoen arazoa konpontzeko premia sobera argi uzten dute milaka ikerketak

“Mikroplastiko” hitza lehenengoz erabili zenetik 20 urte bete diren honetan, ikertzaile-talde batek urte hauetan ikasitakoa errepasatu dute, Science aldizkarian argitaratu duten lan batean. Eta ondorio garbiak atera dituzte: ingurune natural guztietan oso hedatuta... [+]


Eguneraketa berriak daude