Luoyang (Txina), K.o. 132. Zhang Heng (78-139) kartografo, matematikari, astronomo, margolari eta idazleak lurrikarak antzemateko gailu bat aurkeztu zuen Ekialdeko Han dinastiaren gorte inperialean, sismografo modernoak asmatu baino 1.700 urte lehenago (Milne, Ewing eta Grayk Japonian garatuak, 1880ko hamarkadan).
Zhangen sismografoa brontzezko pitxer handi moduko bat zen, bi metro inguruko diametroa zuena. Puntu kardinalak seinalatzen zituzten zortzi dragoi zituen erantsita eta dragoi bakoitzak kobrezko bolatxo bat zeukan ahoan. Lurrean, zortzi dragoien azpian, beste hainbeste igel zeuden, horiek ere puntu kardinaletan kokatuta, ahoa zabal-zabalik. Lurrikara gertatzen zenean pitxarraren hutsuneak dardararen anplifikadore moduan jokatzen zuen eta pendulu bat mugiarazten zuen. Penduluak barruan zeukan mekanismoa abian jarri eta dragoietako batek zeukan bolatxoa askatzea eta igelaren ahoan sartzea eragiten zuen. Metalen talkak egiten zuen zaratak jakinarazten zien ingurukoei lurra dardarka hasi zela eta bola irentsitako igelak adierazten zuen lurrikara zer norabidetan gertatu zen.
Zhang Hengen seismo detektagailuari ezin zaio teknikoki sismografo edo sismometro deitu, lurrikararen intentsitatea ez baitzuen neurtzen; sismoskopio esan beharko genioke, mugimendu sismikoa gertatu zela soilik adierazten baitzuen.
Baina badirudi zientzialari eta artista txinatarraren tramankulua oso zehatza zela. Behin, 143. urtean, sismoskopioak lurrikara izan zela adierazi zuen, mendebaldeko dragoiak bola askatuta. Baina Luoyangeko gortean ez zuten dardararik txikiena ere sumatu. Besteak beste, ilargi eklipseen azalpen zuzena eman eta egutegia urtaroekin bat etor zedin egokitu zuen jakintsuaren asmakizunak kale egin ote zuen?
Handik egun batzuetara mezulari bat iritsi zen jauregira, esanez lurrikara bat izan zela Gansu probintzian, Luoyangetik 600 bat kilometrora, mendebaldean.