Lekeitio eta Kataluniaren arteko sua

  • Lekittoko Deabruak taldea da Euskal Herrian piroteknia eta kale antzerkia uztartzen dituen bakarretakoa. Herriko Kale Antzerki jaialdian inbidiaz suari begira maiz egondako gazteek 2012an ekin zioten emanaldiak prestatzeari. Uda honetan Kataluniako correfoc emanaldirik handienean parte hartu dute.

Umetatik hanka-paluetan ibilitakoak batzuk, han eta hemengo antzerki emanaldietako protagonista txikiak besteak eta Kale Antzerki jaialdietan hesiak jartzen ibilitakoak gehienak; baina beste ezeren gainetik, suaren inguruan ibiltzeak, eta su horrek sortzen dien zirrarak batzen ditu Lekittoko Deabruak kale antzerki taldeko lagunak.

Euskal Herrian piroteknia eta kale antzerkia uztartzen dituen talde bakarretakoa da Lekeitiokoa, eta beraien zaletasuna urtero uztailean herrian ospatzen den Kale Antzerki jaialdiari esker ezagutu dutela diote taldeko kideek. “Beste herritar askoren moduan, Kale Antzerki jaialdira gonbidatutako su ikuskizunen esperoan egoten ginen, su artean olgetan ibili ahal izateko” azaldu du Gorka Rodriguez Deabruak taldeko kideak. “Suzko kalejira horietan ikusitakoa gustatzen zitzaigun, bizi egiten genuen baina sekula ez genuen imajinatuko guk geuk ere antzeko ikuskizunak prestatzeko gaitasuna izango genuenik”.  

Ezerezetik hasi beharra

Aurretik Kataluniatik etorritako taldeak ezagututa, Lekeition ere antzeko talde bat sortzeko aukeraren inguruan bueltaka hasi ziren kide batzuk. Ideiak itxura hartu zuen neurrian, taldera gero eta lagun gehiago batu ziren, eta San Juan bezperan deabru mozorro eta katamaloak jantzita Lekeitioko kaleak su eta txinparten distiraz apaindu zituzten. 2012ko ekaina zen. “Hasiera guztien moduan, gurea ere ez zen erraza izan, zerotik hasi behar izan genuen, horrek dauzkan zailtasun guztiekin” azaldu du Rodriguezek. “Denok ginen su zaleak baina inor ez zen mundu horretan ibilitakoa, eta are gutxiago profesionala” aipatu du Hodei Izarra taldekideak. “Hasieratik bukaerara ikuskizun bat prestatzeak pentsa baino lan gehiago dauka, arropa prestatu, musika aukeratu, gidoi txikia idatzi… dena guk egin behar izan genuen, baina erronka polita izan zen”.

Ikusleen artean, suarekin beldurtu eta albo batean geratzen direnak ere asko dira, beraiekin haserretzeraino

Betidanik izan dute harreman estua lekeitiarrek Kataluniatik etorritako su ikuskizunen taldeekin. Izan ere, gehienak Kale Antzerki jaialdiaren bueltan esku bat botatakoak dira. “Zaintza lanak egin ditugu, ikuskizunen muntaia, umezain ere aritu gara, aulkiak jartzen ibilitakoak gara... gure lehenengo emanaldia egitera iritsi ginen arte, nahiz eta oraindik ere aulkiak jartzen jarraitzen dugun”aipatu du barre artean Danele Robles Deabruetako kideak. “Kale Antzerki jaialdian zer edo zer egiteko aukera suertatu zitzaigun eta baiezkoa eman genuen egun berean hasi ginen lanean” gaineratu du Roblesek. “Piroteknia eta antzerkiarekin interesa izan zezakeen jendearekin bildu eta Kataluniako Mussols Sokarrats taldearekin harremanetan jarri ginen, Lekeition estreinatu genuen gure lehenengo emanaldia prestatzeko” kontatu digu Hodei Izarrak. Egun hartan bizitakoa egunean bertan bukatzeko penaz, aurrerantzean ere lanean jarraitzeko hautua egin zuen taldeak.

Herrian egindako emanaldiak modu berezian gogoratzen dituzte Deabruetako kideek. “Lekeition su artean jolasteko kultura daukagu eta herritarrek kalejira eta emanaldietan gurekin bat egiten dute, Kale Antzerkiak lagatako kultura izango da horren arrazoia” dio Rodriguezek. Apurka-apurka bada ere, emanaldiak errepikatzen dituzten herrietan ere jendea su artean murgiltzen hasita dagoela esan dute baina Euskal Herrian suaren kultura Katalunian moduan errotzeko oraindik lan handia egin beharra dagoela nabarmendu dute. “Mediterraneoan herri ohitura moduan ezagun dute sua, hemen kultura hori orain ezagutu dugu, eta lantzen ari gara baina Kataluniako jendartearekin ez dauka zerikusirik” Roblesen ustez.

Kataluniara begira

Azken aldian, Euskal Herria herrialde katalanei begira badago ere, lekeitiarrek aspaldi sustraitu zituzten bi herrialdeen arteko harremanak. Harreman berezi horretatik jaio zen Foc ta ke! kataluniarren eta euskaldunen arteko musika eta su ikuskizuna. Bigarrenez herriko Kale Antzerki jaialdian parte hartzeko prestatu zuten, Kataluniako eta Aulestiko K-tum-K batukada taldearekin.

“Uda honetan Kataluniara joan eta correfoc ikuskizunik handienean parte hartzeko aukera izan dugu” azaldu du Izarrak. Bizitakoa ahaztezina izan dela kontatu digute, hitzez deskribatu ezina. Bi ikuskizunetan parte hartu dute: herri txiki batean Mussols Sokarrats taldearekin prestatutako Foc ta Ke! saioa egin zuten eta bigarren emanaldia, eta orain arte bizitako bereziena, Garciako correfoc ikuskizunean parte hartzea izan zen. Beste bederatzi talderekin batera, Kataluniako correfoc handienean parte hartzeko aukera izan dute. “Deabruen dantza izan zen hura, erretzeko eguna, nahi adina karretila erre genituen, gozatu ederra hartu genuen egun hartan” azaldu dute.

Lanerako gogotsu

“Taldekide bakoitzak bere zereginak ditugu, familia, lana… askotan dena uztartzea zaila egiten zaigu, egiten duguna ofizioa baino afizioa delako” azaldu du Roblesek. Ikuskizun asko aurrera ateratzeko zailtasunak izaten dituzte, jende faltagatik gehienetan baina dagoeneko 50 emanaldi eginak dituzte, ez da zenbaki txarra. Egiten dutena gustatzen zaie eta sua bizi dute Deabruek. Horrenbestez, piztutako txispa amatatu ez dadin martxan jarraituko dutela aipatu dute, taldean parte hartzeko ilusioa duen guztiarentzat ateak zabalik dituztela gogoraraziz.

Ikuskizun asko aurrera ateratzeko zailtasunak izaten dituzte, jende faltagatik gehienetan baina dagoeneko 50 emanaldi eginak dituzte

Hurrengo urtean taldeak bost urte beteko ditu eta hori ospatzeko zerbait handia eta berezia prestatzen ari dira. “Oraindik ez dakigu non izango den ospakizuneko emanaldia baina Lekeitio guretzat plaza berezia da, eta herritarrei bere harrera ona eta parte hartzeko grina eskertzeko modu bat izan daiteke” aipatu du Izarrak.

Sua tartean denean…

Suarekin jolasten dena erre egiten dela gogoratu digute beti etxeko nagusienek. Lekittoko Deabruek ere ondo ezagutzen dute esaera zaharra. Orain arte izandako istripuak txikiak eta garrantzi bakoak izan dira baina taldeko Rodriguezek udan Katalunian egindako egonaldian begia erre zuen eta sekula ikusi duten su jaialdirik handienean, Garciako correfoc jaialdian, parte hartu barik geratu behar izan zuen.  

Istripu txiki edota handiak ekiditea sarritan ezinezkoa izaten dela ohartarazi dute. Hargatik, deabruek ikuskizun guztietan nahi eta nahi ez segurua kontratu behar izaten dute.

Sua ezezagun eta arrotza denean…

Herri askotan haserreak ere piztu dituzte Deabruek. Lehenengo aldiz bisitatutako herrietan ikusmina, haserrea eta batzuetan txarto ulertuak sortzen direla aipatu dute taldeko kideek. Denetariko erreakzioak ezagutu dituzte Deabruek bost urtetako ibilbidean. “Askok gurekin batera parte hartzen dute ikuskizunean, gurekin batera gozatu egiten dute” azaldu du Roblesek. Baina suarekin beldurtu eta albo batean geratzen direnak ere asko omen dira, hauetako asko beraiekin haserretzeraino. “Jakitun gara ikuskizun berezi bat egiten dugula, batzuei gustatzen zaie eta beste batzuei ez, beti ezin da denen gustua ase”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kale Antzerkia
Su eta eztanda artean, Lekittoko Deabruak antzerki taldeak hamargarren urteurrena ospatuko du Kalekan

Hamar urte beteko ditu larunbatean Lekittoko Deabruak taldeak. Euskal Herrian kataluniar estiloko correfoc-ak egiten erreferentea da taldea eta ikuskizun berezia prestatu dute urteurrena ospatzeko. Kalekan, Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen jaialdian ikusi –eta... [+]


Heldu da kokoa!

Iazko edizioa streamingez ikusi ondotik, bueltan da Iruinkokoa karriketara. Iruñeko inauteri euskaldunaren laugarren edizioari harrera ederra egin zioten aurten ere Alde Zaharreko kaleek pasa den otsailaren 27an, igandearekin. Berriz ikusi, entzun, sentitu eta usaindu... [+]


2019-09-20 | Mikel Asurmendi
‘Aiherra, Nafarroako leihoa’ kabalkada emanen dute igande honetan Aiherra herrian

Baxenabarreko Aiherra herrian kabalkada eginen dute lehen aldikoz irailaren 22an, igande honetan. Ehun bat lagunek parte hartuko dute; dantzariak, antzerkilariak eta bertsolariak ariko dira herriko plazan.


2018-07-04 | Usurbilgo Noaua
Usurbildarrek erraustegiaren aurkako parodiarekin amaitu dituzte festak (bideoa)

Usurbildarrek ozen oihukatu dute “Ez, ez, ez, errausketarik ez!”, jaien amaieran. Azken trakaren aurretik, festak hasi bezala amaitzeko tartea hartu da aurten. Urte luzez, herrian haserrea eta kezka eragiten segitzen duen erraustegiaren aurkako parodia batekin.


Badator kalealdia antzerki jaialdia

Datorren  astelehenean hasiko da Bilboko Kalealdia, kaleko arte eszenikoen jaialdia. XIV. aldia izango du, eta, orotara, kaleko arte eszenikoetan erreferente diren 26 konpainiak beren lanak erakutsiko dituzte. Kaleko antzerkia, zirkua, clown-a, txotxongiloak, kabareta eta... [+]


Libertimendua Donapaleutik pasatu da Bankarako bidean

Ez da jakiten gazte belaunaldi bakoitzak zertan mamituko duen  bazterrak inarrosteko daraman sugarra.  Inauteri giroko Libertimenduan aurkitu dute, antza, Iparraldeko gazte batzuek. Eman su, neska mutilok, garraztasun gehiegi ez baina errukirik ere gabe, ez... [+]


Eguneraketa berriak daude