argia.eus
INPRIMATU
bizibaratzea.eus
Errekondoren tenplu berria
Itsaso Zubiria Etxeberria 2016ko irailaren 22a

Iritsi da eguna. Jakobitek internet ere konkistatu dute. Lurra, diote, dela bizi honen oinarria; landareak, eman eta hartu... Baina bat baino gehiago izango da Jakoba Errekondoren jakinduriarekin liluraturik ordenagailuaren aurrean kieto geratuko dena, sarean harrapatuta. Behin amaraunean, Errekondo bera enkargatuko da irakurleari ipurdia mugiarazi eta lurrari ematen; webgunean leitutako guztiarekin lurraren tentazioari ezin eutsiko dio.

Argia ikusi du irailaren 8an bizibaratzea.eus webguneak, eta ez Amabirjinaren mirariz. Azken hilabetetako lanaren fruitu gozoa izan da, ARGIAren eta Iametzaren hazitik ernatua. Bizi Baratzea best sellerak sortutako fenomenoaren bueltako hurrengo proiektua da honakoa, eta bertan bildu nahi da landareen inguruko jakintza guztia. Hasi Jakobak berak azken bi hamarkadetan ARGIAn idatzitako artikuluetatik eta Euskal Herriko nekazaritzaren inguruko agenda oso bateraino.

Eman eta hartu filosofia protagonista da sareko orrialdean ere, eta jakintza partekatzeko dago prestatuta. Irakurlea aktiboa izatea da helburua, eta bere galderak, zalantzak, aholkuak bidaltzeko aukera du. Galdera horiek Jakobak berak erantzungo ditu zuzenean, eta erabiltzaileek ere utzi ahal izango dute iruzkina. Horrez gain, Euskadi Irratian larunbat goizetako saioan adituari egindako galderak ere webgunean daude irakurgai. Agendan ekitaldiak gehitzeko aukera ere badago. Askotan herrietako ekintzak inguruan izaten dute soilik oihartzuna, eta txiki horiek garrantzia dutenez, agenda osatzeko aukera guztiok izango dugu. Eta behin irakurlea aktibatuta, nekazaritzari eta landareei lotutako hiztegia osatzen laguntzerik ere badu. Badakigu Euskal Herrian oso modu ezberdinak ezagutzen direla gauza bera izendatzeko, eta horiek guztiak jasotzea da helburua.

Baina zer da lurra ilargirik gabe? Ilargiaren gorabeherari lotutako asteko lanak ere proposatzen zaizkio baratzezainari, egunean eguneko jardunak zein diren jakin dezan.

Eta jarraituko nuke webgunearen xehetasun guztiak kontatzen, baina gehiegi jakin beharrik ez dago amuaren legea ulertzeko; sareko baratzearen trikimailu guztiak ezagutu nahi badituzue, bizibaratzea.eus.