argia.eus
INPRIMATU
Hondartzan ikusiak (eta entzunak)
Edu Zelaieta Anta 2016ko irailaren 08a

Iñaki Anasagastik (adin batetik gorako gizonentzat) famatu zuen ilazo-estiloa egiazki irrigarri suertatzeko arrisku bizia ekartzen ahal du itsasoaren brisak.
    – Aberatsa da harea beroaren gaineko biluzien eta gordeen errepertorioa: gorputza besteen aurrean hotza pasatzeraino agertzen dutenak; bainujantzia zilborraren pareraino janzten duten gizonak, gorde ezineko txitxiak gorde nahian; eguzki galdatan ez erretzeko nahiz hotzak ez egoteko (bikotekidearen) kamiseta lasairen bat erabiltzen duten emakumeak; topless kanonikoa errespetatzen ez duen (adin batetik gorako) emakumearen jokaera arbuiatzen duten (adin batetik gorako) emakumeak…
    – Indar betean segitzen du mehatxuaren pedagogiak gaurko guraso askoren artean: “Ez bazara txintxo portatzen etxera joango gara, eta harearekin jostatu gabe eta itsasoan sartu gabe geldituko zara”. Esan beharrik ez dago: ikusi-entzundako mehatxuak ez dira bete, haurraren portaera gorabehera.
    – Eguzkiak ageriki gehien gorritzen dituen giza larruak urte osoan gutxien epeltzen dituenak izaten dira.
    – Egunero bizi gaituen hipokrisia mailak apalagoa dirudi hondartza nudistetan. Hala ote?