argia.eus
INPRIMATU
Goizukoop, eredu kooperatiboa
Juan Mari Arregi 2016ko irailaren 08a

Euskal Herrian badira urte asko kooperatibagintzaren aldeko apustua egiten dela. Akats larri batzuk izan badira ere, kiebra jo zuen Fagor Etxetresna Elektrikoak kasu, Mondragon Taldea da kooperatiba eredu handiena. Hainbat arlotan dituen milaka langile eta enpresek horrelaxe adierazten dute. Baina eskala txikiagoan badira beste ehunka kooperatiba Euskal Herrian.

Irailetik aurrera martxan egon daitekeen beste proiektu kooperatibo bat iragarri digute orain: Goizukoop. Nafarroako Goizueta herrian kooperatiba izango den gasolindegia jarriko dute. Gaur egun, bertakoek gutxienez 50 kilometro egin behar dituzte joan etorrian Hernani edo Leitzaraino errepide kiribildu batetik, erregaia lortu ahal izateko. Herritarrak batu dira egoera horri aurre egin eta komunitateari gasolina era eraginkorragoan eskaintzeko. Dagoeneko 175 herritar egin dira kooperatibista, goizuetarren ia laurdena, eta 90 euroko kuota ordaintzen dute horretarako. Bazkideek, gasolina litro bakoitzeko erositako prezioa baino 10 xentimo garestiago ordainduko dute, eta bazkide ez direnek 13 eta 15 xentimo artean gehiago. 23.000 litro gasolina eta gasolio saldu behar dute gastuak berdintzeko, baina bazkideen kontsumoa kopuru horren %81 izan daitekeela kalkulatu dute; gainerako herritarrek kontsumituko dutenarekin ez zaie zaila izango, beraz, helburua betetzea.

Loratzeko bidean den Goizukoop aurrera aterako balitz adibide polita izango litzateke beste herri batzuentzat, bertakoak elkartu eta arlo ezberdinetako zerbitzuak hobetu ditzaten. Herriarekin eta herriarentzat eraiki nahi den proiektua auzolan ariketa handia da.