argia.eus
INPRIMATU
Zer afalduko dugu?
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2016ko irailaren 01a
Dickenstarren sukaldea, Londresko Dickens Museum-en ikusgai dagoena.
Dickenstarren sukaldea, Londresko Dickens Museum-en ikusgai dagoena.

Londres, 1851. What shall we have for dinner? (Zer afalduko dugu?) izenburuko liburua argitaratu zen. Lady Maria Cuttlerbuck-ek sinatutako lanak afaltzeko 42 menu jasotzen zituen, askotarikoak, bi lagunentzako afari xumeetatik hasi eta hamazortzi afaltiarrentzako oturuntza oparoetaraino. Londres viktoriarrean gastronomiarekiko interesa gora ari zen, atzerriko sukaldaritza lantzen zuten jatetxe kopurua bezala. Errezeta bilduma hura best seller bihurtu zen berehala. Liburuaren jatorrizko ediziorik ez da gorde eta, horregatik, ez dakigu zehazki urte hartako zein garaitan argitaratu zen. Baina urrirako agortua zegoen, bigarren edizioa orduan argitaratu baitzen. Gutxienez bost berrargitalpen egin zituzten 1860. urtea bitartean.

Gerora jakin zen Lady Maria Cuttlerbuck izengoitia zela –frantziar komedia bateko pertsonaia baten izena da– eta liburua Charles Dickens idazle ospetsuaren Devonshire Terraceko etxean idatzi zela.  Adituek uste dute hitzaurrea nobelagileak berak idatzi zuela, baina zalantzarik ez dute edukia Catherine Dickens emazteak idatzi zuela (jaiotzez Catherine Hogarth, 1815-1879).

Eskozian jaioa, 1836an ezkondu zen Charles Dickensekin eta hamar seme-alaba izan zituzten. Badirudi, ordea, liburuaren salmentek gora egiten zuten bitartean, senar-emazteen arteko harremana gainbehera zetorrela. Senarraren esanetan, Catherine ama eta etxekoandre ezgauza zen eta hainbeste haur izatea leporatzen zion, horrek buruhauste ekonomikoak eragin zizkiolako. Buruko arazoak zituela ere esan zuen. 1858ko ekainean banandu ziren eta Catherinek etxea eta zaharrena ez beste seme-alaba guztiak utzi behar izan zituen. Eta hala ere, senarrarekiko leialtasuna agertu zuen hil arte.

Azken urteotan Catherine Dickens hizpide duten hainbat lan kaleratu dira. What shall we have for dinner? berrargitaratu zuten 2005ean, hari buruzko bi ikerlan argitaratu dira, BBCk dokumental bat ekoiztu zuen 2011n... Eta guztiek erabili dute sukaldaritzari buruzko liburua egileak senarrak marraztutako gaitasun ezaren karikaturarekin zerikusirik ez duela ondorioztatzeko. Proposatutako afari bilduma horren atzean emakume praktiko, langile eta eraginkorra dago, eskuzabala, besteen nahiak asetzera emana, obedientea. Emakume viktoriar eredugarria, alegia.