argia.eus
INPRIMATU
Zaindu laguna
Oihana Etxebarrieta @betaurrekomorea 2016ko irailaren 01a

Ikasturtearekin batera urtea hasten dugun horietakoa bazara, ni bezala martxa hartzen ibiliko zara momentu hauetan. Agendari hautsa kendu, laneko e-mail kontuak eztanda egin ote duen begiratu... Lanera itzultzeko depresioez, uda osteko minez, hitz egiten ibiliko gara baina saiatu beharko dugu honi buelta ematen, ezta? Ezin dugu urtea hasteko modu hau normalizatu. Azken urteotan, feminismoetan zaintza bizitzaren erdigunean kokatu behar dugula aldarrikatzen dugu, baina praktikan zenbateraino zaintzen dugu gure burua? Eta ingurunea?

Urte berrirako helburuen artean gure buruak eta ingurua zaintzea proposatu nahi dizuet. Teoriatik praktikara pasatzea. Gure gorputzak eta beharrak entzuten ikasteko garaia da, ezin diogu kanpoko faktoreei gure osasuna, bizitza, egitekoak... antolatzen utzi behar. Konbentzituta nago horrela hasiz gero, ingurua ere zaintzeko jarrera egokiagoa izango dugula.

Gure osasuna kudeatzen hasten bagara, inposatu nahi dizkiguten erraustegien eta enparauen kontrako borroka indartsuagoa izango da, edo elikadura burujabetzari ekarpen ikaragarria egingo diogu. Beraz, bi aldiz pentsatu gabe, entzun zure gorputza, errespetatu zure erritmoak eta ekin bideari!