Landareak berez ugaltzen dira; ingurura begiratu... Geuk egitera, landareak ugaltzea urte osoko lana da. Horretarako era asko dago. Ezagunena hazia ereitea da: fruituak heltzean ondutako haziak jaso, eta sasoian erein. Haziak ez diren landareen beste zati batzuk ere erabil daitezke landare berriak sortzeko: hostoa, kimua, puja, urtadarra, aldaska, adarra, altsuma, herrestadarra, sustraia, tuberkulua, errizoma, kormoa, erraboila, erraboiltxoa eta abar. Azken bostak landare amarengandik bereizi eta aldatuz gero, aise itsasten dira; erreserba guneak dira eta, horiexek baliatuz, landare berria osatuko da.
Tuberkuluak dituzte, besteak beste, patatak (Solanum tuberosum) eta ziklamenak (Cyclamen sp.). Errizomadunak dira kanabera (Arundo donax), banbu jendea, ostargi-belar arrunta (Iris germanica) eta ostargi-belar horia (Iris pseudocorus), kala (Zantedeschia aethiopica)... Kormoa dute azafraiak (Crocus sativus), azpelarrak (Colchicum autumnale), ezpata-belarrak edo gladioloak (Gladiolus sp.), alokasiak eta kolokasiak (Alocasia sp. eta Colocasia sp.) eta azafrai urrinak (Crocosmia x crocosmiiflora). Lurpeko erraboila gizentzen dute, adibidez, tipulak (Allium cepa), baratxuriak (Allium sativum), idi-bihotzak (Tulipa sp.), zitoriak (Lilium pyrenaicum), barrabas-belarrak (Oxalis latifolia) eta moredinak edo hiazintoak (Hyacinthus orientalis). Lurgaineko erreboilotxoak ematen dituenik ere bada, baratxuria bera eta tigre zitoria (Lilium lancifolium), adibidez, baita zenbait garo eta harrautsi (Saxifraga sp.) ere.
Lur gainekoak bezala azpiko herrestadarrak luzatzen dituzten landareek ere zaputzaldi handirik gabe ugaltzeko aukera handiak dituzte. Urrutira gabe, horien tartetikoak dira marrubiak (Fragaria sp.), lezka arrunta (Phragmites australis), barrabas-belarra, papiroa (Cyperus papyrus), menda ugari (Mentha sp.), edaskia (Ranunculus reptans), girtangorria (Ajuga reptans), askimotza edo arrosario-belarra (Cynodon dactylon), batanitzaren (Stachys recta) generoko batzuk (Stachys alegia) eta ezkerte beltza edo biurda edo txildurka (Convulvulus arvensis).
Gure lurraldean urteko bigarren udaberria hemen da. Horrek dakarren izerdialdi berria aprobetxatu, baldin eta aipatutako landare puskekin berriak sortu nahi badituzue. Sasoia da.