Marokon Letra Modernoetan lizentziatu ondoren, 22 urte zituela iritsi zen Taleb (1976, Berkane) Badalonako La Pau auzora, bitartekaritza kulturalaren eta bizikidetzaren alde lan egitera. Guanyem Badalona en Comú plataformaren bortzgarrena zen maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan; Xavier Garcia Albiol (PP) udaletik kanpo utzi ondoren, egun, Parte Hartze eta Bizikidetza Saileko zinegotzia da.
Laster hogei urte beteko dira Badalonara iritsi zinenetik. Antza, harreman berezia duzu hiriarekin.
Hain da horrela, kosta egiten baitzait hitzez azaltzea. Maite dut, sakonki. Horregatik parte hartu izan dut, hiria hobetzeko asmoz, aukera izan dudan ekimen guztietan. Kultura aniztasunak ezaugarritzen du Badalona, eta horretaz baliatu behar dugu. Bada garaia ulertzeko aniztasuna aberastasuna dela eta ez mehatxua, aurreko gobernuak zabaldu zuen bezala.
Badalonako Udala aitzindaria da, emakume musulman bat –eta zapiarekin– zinegotzi duelako. Nola bizi izan duzu?
Konplexua izan da, batez ere Badalonan Xavier García Albiolek (PP), alkate zela, azken urteetan zabaldu zituen politika arrazisten ondoren. Hark hiria goitik behera zatikatu zuen eta Badalonako biztanleriak PPk erein zuen ikuspegia erraietan du. Ez zuten espero aurreko gobernuak errefusatzen zuen hori, zapia daraman emakume musulmana Udalean ikustea, alegia.
Harrera ona izan duzu?
Denetarik pasa izan zait; badira kalean iraindu eta tuztatu nautenak, baina gauza positiboekin gelditzen naiz. Jende gehiena poztu baita eta hori aurrerapauso handia da berdintasunaren bidean. Munduko txoko guztietatik jaso ditut zorion mezuak.
Etorkinentzat nolakoa zen García Albiolen politikekin bizitzea?
Oso gogorra. Albiolen aurreko gobernuek bizikidetzaren eta berdintasunaren alde landu zituzten neurriak bertan behera utzi zituzten. Eta ez hori bakarrik, desberdintasunarekiko beldurra eta gorrotoa sustatzea izan zen Albiolen lehentasuna. Adibide gisa, nik orain dudan saila, Parte Hartzea eta Bizikidetza, bazegoen Albiolen garaian, baina iritsi garenean edukirik gabe aurkitu dugu.
Azken hauteskundeen ostean lortu zenuten Albiol udaletik kanpo uztea. Badago agintza egin zenueneko argazki sinboliko bat, munduari buelta eman diona.
Une hori ezin hobeto gogoratzen dut. Bere parean nintzen eta konturatzen nintzen bera sufritzen ari zela. Jakina, nola ez zuen sufrituko! Legealdi guztian lan egin zuen atzerritarrek eskubiderik ez zutela zabaltzeko eta ni, beloarekin, bera gobernutik kanpo uzten ari nintzen unean ezin zen edonola egon. Gizajoa! Zinegotzi agintza egin nueneko argazkia Badalonaren garaipenaren isla da.
Zenbaterainoko garrantzia izan du aldaketak Badalonako komunitate musulmanarentzat?
Hiritar gisa ate bat ireki zaie. Baina komunitate musulmanari ez ezik, baita Badalonan bizi diren komunitate guztiei ere. Hau hasiera besterik ez da, ziur naiz hurrengo hauteskundeetan beste erlijio eta kultura batzuetako hautagaiak egongo direla.
Solas egin dezagun zapiren betiereko eztabaidaz.
Erabat fikziozkoa da. Zapiak ez du ezer eragozten, ez aktibista izatea ezta politikaria izatea ere... Nik, adibidez, zapia daramat nahi dudalako eta beloa daramagun gehiengoak egiten dugu uste osoz. Noski, ezin dugu ahaztu gizarteak edo familiak behartuta janzten dutenak ere badaudela.
Egunotan pil-pilean da burkiniaren arazoa. Bada burkinia edo beloa eramatea askatasun urraketa dela uste duenik…
Nik erabakitzen badut beloa janztea eta zuk debekatzen badidazu, orduan ere akabatzen ari zara nire askatasuna. Ez nago ados beloa janztera behartzen dutenekin ezta kentzera behartzen dutenekin ere. Emakumeak izan behar du erabakitzeko eskubidea.
Nola ikusten duzu feminismoa komunitate musulmanean?
Emakume musulmanok jendeak ezagutzen ez dituen eskubide asko ditugu eta, zalantzarik gabe, feminismoak indarra du islamean. Guk duela 1.400 urte baino gehiagotik ditugu eskola, ondare eta askatasunez ezkondu eta banantzeko eskubidea. Zentzu askotan aitzindariak izan gara hemengoarekin alderatuz.
Egia da denborarekin galtzen joan garela hainbat eskubide, baina ez islamaren erruz, jende askok pentsatzen duen bezala, baizik eta kolonialismoak, politikak edo gizarteak lapurtu dizkigulako. Edonola, emakume musulmanok borrokatu egiten dugu horiek berreskuratzeko.
Islamaren inguruko informazio falta dagoela uste duzu?
Zarata gehiegi dago. Ez nuke orokortu nahiko, baina batetik, hedabideek ez dute askorik laguntzen, eta bestetik, gizarteak oro har ez du esfortzurik egiten hedabideek diotenetik haratago heltzeko. Beraz bai, ezjakintasun handiegia dago, orobat.
“Badalonara iritsi nintzenetik bitartekaritza kulturalaren arloan lan egin dut, kaletik. Duela gutxi arte ez nuen politikarekiko interesik, baina Guanyem Badalona en Comú plataformaren bitartez aukera ikusi dut, Garcia Albiolen politika arrazistek eragindako kaltearen ondotik premiazkoa zen bizikidetzaren eta berdintasunaren aldeko lan hori egiteko. Harro nago emakumea eta musulmana izateagatik, eta nola ez, zapia eramateagatik. Hau aldaketa aro berri baten hasiera besterik ez da”.
Afari solidarioak banatzen diren ordu eta leku berean zegoen antolatuta baimenik ez zuen elkarretaratzea. Tentsio une handiak izan dira, eta Ertzaintzak KASen aldeko hainbat jarraitzaile identifikatu ditu.
Udaletxe aurrean eginiko prentsaurreko jendetsuan, Donostian gertatzen ari diren jarrera arrazista, klasista eta faxistekin kezka adierazi dute hiriko eragile sozial eta politiko ugarik. Irakurketa bateratua eskaini dute 37 eragilek, besteren artean, Ernai, GKS, Bilgune... [+]
Elkarretaratzea egin dute Iruñean asteazkenean SOS Arrazakeria taldeak eta LAB sindikatuak salatzeko zapia buruan erabiltzen duten zenbait emakumeri "mehatxuak" eta "irainak" eragin dizkietela euren lanpostutan. "Ohikoa" den diskriminazioa... [+]
Bost urtean, Inor ez da ilegala proiektuak lau haizetara zabaldu ditu migratzaileen eskubideen aldeko lelodun kamiseta, jertse eta poltsak; elkarlana eta elkartasuna oinarri dituen ekimenak istorio eta bizipen ugari oparitu dizkigu; eta zoritxarrez, inoiz baino biziago... [+]
Eskuin muturraren “diskurtso guztiz arrazisten”arriskuaz ohartarazi du Unai Hualde presidenteak. Bere aburuz, erakundeak giza eskubideak urratzen dituzten jokaerak ekidin behar ditu.
Immigrazioaren Euskal Behatokiaren 2023ko Barometroaren emaitzek diote “2021ko balioetara itzuli dela” euskal gizartearen "tolerantzia-maila". Datuen arabera, horrek lotura zuzena du Ukrainako gerraren kronifikazioarekin eta asilo-eskarien egonkortzearekin.
Profil horretako pertsonen %80 polizia-kontroletan geldiarazia izan da, Frantziako Giza Eskubideen Defendatzaileak ziurtatu duenez. Praktika horrek "komunitate desberdinen eta Poliziaren arteko gatazkak areagotu ditzakeela", ohartarazi izan dute adituek, aspalditik.
2022an Ertzaintzak erregistraturiko gorroto delituen berri eman du Eusko Jaurlaritzak: 438 gertakari guztira, 2021ean baino %57 gehiago. Arrazakeria eta xenofobiari lotutako delituek jarraitzen dute izaten zabalduenak, eta atzetik dituzte sexu-joera edo sexu-identitateari... [+]
Algorithm Watch-ek egindako ikerketa batek azaldu duenez, biktimei egindako test batek biktimen eta erasotzailearen jatorriaz galdetzen du. "Atzerritartzat", ordea, Mendebaldekoak ez direnak baino ez ditu jotzen.
Europako Batasuneko diplomaziaburu den Josep Borrellek kutsu zibilizatzaileko adierazpen xenofobo eta eurozentrista larriak egin ditu Europako Akademia Diplomatikoaren inaugurazio ekitaldian.