argia.eus
INPRIMATU
Krisiak krisi, I+G-a mantendu egin da
Juan Mari Arregi 2016ko uztailaren 27a

Dena ez da negatiboa euskal industria politikak krisiaren aurrean izandako jarreran. Gauza baikorrak ere badaude, Ikerketa eta Garapenaren ingurukoak kasu. Ondorio hori atera dute unibertsitateko pertsona independenteek egindako ikerketa dokumentatu eta interesgarri batean. Adelheid Holl eta Ruth Rama, Espainiako CSIC Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko kideen “Jardun berritzailearen iraunkortasuna krisi garaian: EAEren kasua” izeneko lana saritua izan da.

Espainiako Estatuan garatutako beste I+G politikekin konparatu ostean, batez ere Madril eta Kataluniarekin, ondorioztatu dute EAEn garapen hobea izan duela. Egileen aburuz, krisiaren aurrean berrikuntzaren aldeko jarrera izateak garapena sustatu dezake, Finlandia eta Hego Koreako kasuek erakusten duten moduan. Testuinguru horretan, diotenez krisiak ez du eragin bera izan, berrikuntza gastuei dagokienez, euskal enpresetan eta konparagarriak diren Espainiako Estatuko beste tokietan. Sektore arteko desberdintasunak eta enpresen ezaugarri nagusiak azterturik, I+G arloan enplegua ematen duten EAEko enpresek, batez ere enpresa txiki eta ertainek, euren jardun berritzailea abandonatu izanaren probabilitate askoz baxuagoa erakutsi dute, areago, berrikuntzarako ahalegina handitu izana ez da baztertzen.

EAEn hartutako politika anti-ziklikoek, beraz, lagundu diezaiekete eskulana eta zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresei krisiari aurre egiten, Espainiako Estatuko beste tokietan baino baldintza hobeagoetan. Ikusi beharko da ikerketak ondorioztaturikoak bat egiten duen euskal industriaren errealitatearekin eta ahalegin berritzaileak gure herrian enplegua sustatzeko eta egonkortzeko balio duen.