argia.eus
INPRIMATU
Herritik eta erraietatik
Joxi Ubeda Goikoetxea 2016ko uztailaren 29a

Amoranteren doinuek beste lurralde batzuetara, beste mundu batzuetara eramaten naute. Irudimena askatu egiten zait. Bost kantu daude bere diskoan, hunkigarriak, ederrak. Hainbat giro, aldarte eta pasarte. Xehetasun eta zertzelada ugari.

Herri musika da. Esperimentazioa ere bai, ohikoak ez diren beste bide batzuk, beste toki batzuk bilatzeko eta arakatzeko saioak. Amoranteren atzean Iban Urizar musikaria dago. Bere musika herritik, errotik, eta erraietatik ateratzen da, Ibanen beraren hitzetan.

Patxi Zabaleta (elizako organoa), Niño de Elche (ahotsa), Naia Membrillera (marinba, marakak, esku-zartak eta bonboa), Aitor Nova (saxo baritonoa), Francesca Romana di Nicola (harpa), Maite Arroitajauregi (biolontxeloa) eta Xabier Erkizia (grabazioak eta edizioa) aritu dira berarekin.

Halaber, Harkaitz Canok idatzi ditu Oroimenaren fruitu kantuaren hitzak “Oroitzapen batzuk gordinak, gordin eta egosi ezinak” eta Oiloarena kantua Bixenta Mogelek idatzitako kopletan oinarrituta dago: “Andra alargunak zeukan oilo arrautzalaria lasto arteko altxor goizeroko oparia”.

Iban Urizarrek berak abestu eta korneta, saxoa, ukelelea, harmoniuma, kanpaiak eta gitarra jo eta grabazioak egiteaz gain, Dorre baten gordetakoak “Gela baten gordeta printzesaren dorrean zaldun ahaztuak gogoratzekuak igelaren doinuak”, Dogma, “Bidean uzten dituzun galdera guztiak erantzunak, dira” eta Otoi (Mi padre) kantuen hitzak idatzi ditu: “Mi padre me llevaba a casa, los lobos aullaban al cielo / Nire aitak etxera eramaten ninduen, otsoek zeruari ulu egiten zioten”.

Amorantek harrera ona izan du. Bost kantuak soinu postal gisa argitaratu ditu, 82 ale eta denak saldu ditu, baina interneteko Bandcamp plataformatik deskargatu daitezke.

Iban Urizar Zokoan, Frijolo, Cafe Teatro, Menguele Quartet eta Bizarra taldeetan aritutakoa da tronpeta jotzaile gisa, Joseba Irazoki eta Lagunekin eta Joseba Tapiarekin ere bai, Andrakan taldean gitarra jo eta kantatu du, esperimentazioan eta inprobisazioan aritua da, eta Amorante gisa bakarrik aritzen da emanaldi apartak egiten.

Amorante

AMORANTE / Autoekoizpena. 2016