argia.eus
INPRIMATU
Damnatuak
Itxaro Borda 2016ko uztailaren 27a

Rieux medikuak, Albert Camusen Izurria nobelaren une batean, argiki erraten du, norberak ez duela bakarrik, besteak gabe, zoriontsu izan nahi. Epidemian, metafora gisa hedatzean, lekurik ez da bekaizkeriarentzat. Bidenabar uste dut Camus handiak nolabait hazi ninduela idazle, hamabi urtetan Arrotza irentsi nuenean. Labanaren distira gogoan dut oraindik. 

Zorion bakartiaz gozatu dezake gorrotoak daroan pertsonak. Ahalaz eta hobe gorroto gaztea, garbia, gardena baldin bada. Kari horretara, duela gutxi, ikusi dut, fazinaturik, Ivo Van Hove antzerki zuzendariak Viscontiren The Damned filmaz egin teatrorako adaptazioa. Avignonetik zuzenean. Gorrotoa hemen, odol arrasto mardulak uzten dituen sentimendua da, garai guztietakoa, nazien denboratik gaurko urtaro sarraskitu hauetaraino. Taula gaineko azken bizidunak publikoa metrailatzen du, Parisko atentatuak oroitaraziz: uhergarria.

Egia da, sare sozialen indarrarekin norbera zoriontsu izan daitekeela bere pantaila zikoitzaren aitzinean, irain ausarkiak eta gorroto anonimoak zilegi direla, Rieux medikuak ere sendatzea lortuko ez duen errealitatea kutsatzeko eta zitaltzeko beti prest.

Damnatuak gara (bakantza on!).