argia.eus
INPRIMATU
Arbel kooperatiba
Baserritarrak lehen lerroan
Garazi Zabaleta 2016ko uztailaren 28a

Aramaioko (Araba) eta inguruko baserritarrei zerbitzua eskaintzen dien elkartea da Arbel Kooperatiba (Aramaioko baserritarren elkartea hitzen siglek osatzen dute Arbel izena). Ibilbide luzea du: 1982an herriko baserritarrek sortu zutenetik ez du etenik izan. Egun 90 bazkide inguru eta hiru langile ditu elkarteak.

Pentsu eskaintza ardatz

35 urtez zerealak ekarri eta bertan pentsu naturalak ekoiztea izan da Arbel Kooperatibaren jarduera nagusia. Hasieran herriko baserritarren beharrei erantzuteko sortu bazen, denborarekin zabaldu eta banaketa zerbitzua Bizkaia aldean eta Debagoiena bailaran ere egiten du egun.

2015eko udazkenean pentsu fabrikako makineria kendu behar izan zuten, ekoizpena etenaz. “Horrek autonomia galera ekarri digu hein batean, baina aldi berean, kooperatibaren espazioa egokitzeko aukera ere eman digu, eskaintza askoz zabalagoa egin ahal izateko”, azaldu digu Irati Mujika kooperatibako kideak.

Orain kanpotik pentsua ekarrita, eskaintza eta banaketa egiten jarraitzen dute, eta oraindik ere jarduera hori da kooperatibaren oinarri garrantzitsuenetako bat.  

Baserritarrentzat ez ezik, herritar guztiei zabalik

Martxoan denda bezala ireki zuten espazio berrian eskaintza zabaltzeko apustua egin dute kooperatibako kideek. Baserritarrei zuzendutako produktuez gain, ortu txikiak dituen jendeari eta orokorrean herritarrei baliagarri zaizkien gauzak ere jarri dituzte bertan. “Orain arte Arrasatera joan beharra geneukan boligrafo bat erostera, orain herrian bertan aukera hori egonen da”, dio Mujikak.

Aurrera begira bestelako ekimenak prestatzea ere badute burutan. Oraingoz, herriko kontsumo taldearekin batera lehenengo ekimena antolatu dute: Kontserba ekologikoen ikastaroa. Ortutik Ahora elkarteko kideekin barazki kontserbak, ozpinetan egindako kontserbak eta fruta, stevia eta paneladun marmeladak egiten ikasteko aukera izan dute aramaioarrek.  

Baserritarrek sortua, baserritarren beharrei begira... Gure eguneroko beharrak guk geuk kudeatzea baino aukera hoberik ba al dago?