argia.eus
INPRIMATU
Zuhaitzen adorea
Jakoba Errekondo 2016ko uztailaren 21a
Antraknosiak jotako platano hostoak.
Antraknosiak jotako platano hostoak.

Zuhaitzen balorea etengabe berritu eta gogora ekarri behar izateko odola behar da! Halakoxeak gara. Kopeta galanta eta gibela zabal askoa izango ditugu berriz ere... Azalaren lodiera ez aipatzeagatik.

Azala ere ihartu zaio, ia erabat, zuhaitz erraldoi bati. Amorrazio politarekin eman dit berria lagun batek: tragedia Vaucluseko departamentuko Monteux herrian gertatu da. Frantziako platano handienetako bat hil da. Platano arrunta zen, Platanus x hispanica, eta aurtengo otsaileko neurketaren arabera 8,23 metroko gerria zuen, ohikoa den eran, lurretik 1,3 metrora neurtuta.

Platano arrunta handi egiten den zuhaitz horietakoa da, baldin eta bakea ematen bazaio... Gehienak epaitu, lepatu, mugarrotu eta moztu egiten baititugu. Ustez bi platanoren hibridazioaren edo nahasketaren ondorio da egun hain hedatua den platanoa. Europa eta Asia aldeko Platanus orientalis eta Ameriketako Platanus occidentalis, Espainian nahastu ziren XVII. mendean, elkar topatu orduko... Hortik Platanus x hispanica izena. Tarteko “x” horrek Platanus generoaren barruko bi espezieren arteko nahasketa dela adierazten du eta hispanica hitzak, ba esan beharrik ez dago. Harrezkero mundu osoko hiriguneetan ugaria da platano arrunta. Ingeles berekoiek ez dute haren hispaniartasuna onartu nahi, eta Londresen bertan nahastu zela galdatzeko Platanus x acerifolia deitzen dute. Bejondeiela!

Monteuxen hil den amona zaharrera itzuliz, erabat hil gabe omen da. Animaliotaz ez dugu horrela hitz egiten, baina landareez honela hitz egin daiteke, lasai asko. Landareek bizitzeko hazi egin behar dute, nahi eta nahi ez. Eta platano honek kimu eta hosto berriak emateko kemenik ez. Gaitz hiltzaileak harrapatu omen zuen eta hura mendean hartu ezinik, ezin buelta emanik azkenetan da, amona gajoa. Agidanean, “platanoaren txankro gorria” deituriko gaitzak jo zuen, Ceratocystis platani. Gaitz horrek ez du bueltarik, harrapatzen duen platanoa sei-zortzi urteren bueltan akabatzen du. Milaka eta milaka hil ditu Frantzian. 2009an Euskal Herrian aurkitu zen eta honezkero heda eta heda ariko da. Ez dut nik berarekin topo egin. Baina beldurra ematen du. Antraknosia dela-eta (Apiognomonia veneta), makal baitaude gure platanoak; aurten sekula baino okerrago. Txankroak, lehenaz gain, erraz akabatuko lituzkeela iruditzen zait.